2017-02-14

TXIMUARENA EGITEA



Gure aiton-amonen aiton-amona zahar-zahar-zaharrak tximuak zirela irakatsi izan digute txiki-txikitatik. Gure odol-bide korapiloz beteetan tximu-sena dabilela, alegia. Gure barne bulkadei hozkarik egin gabe jolasteari esaten diot nik tximuarena egitea. Jolastea gogo-nahi-irrikak pizten diren momentuan; batez ere egunez eta kalean. Jolastea mingain, esku eta oinen jolasa mutilatu gabe. Badirudi ez dakit nork, noiz, non idatzitako arau absurduren bat medio adin batetik aurrera (esan dezagun, adibidez, zazpi urtetik aurrera) ezin garela saltoka-saltoka ama, aita, lagun, bikote edo ezagun baten lepora korrika betean hurbildu eta ezin dugula besarkadaka eta muxuka jan. Nonbait, hori ez da formala. Badirudi ogitartekoa etxean janda atera behar dugula kalera. Nonbait, ez da formala pintxo janetik kanpo etxean egindako ogi-txokolate pastela janez kalean gora joatea. Badirudi kalean ezin dugula barre algaraka egin, ozen, denek entzuteko moduan. Badirudi diot, inor gutxiri ikusten baitizkiot esku-beso, hanka-oin eta ezpainartea nahierara aske.

Betidanik egin izan dut tximuarena kalean. Baita zazpi urteko muga pasa eta gero ere. Zazpi urteko muga pasa eta gero batez ere.  Aitaren besotik zintzilik, salto txikika paseatzea gustatzen zait; ama muxuka jaten dut urrutira ikusi eta korrika hurbiltzen natzaionean, platano-sagarrak janez ateratzen naiz kalera gose banaiz eta barre algaraka lehertzen naiz kale nahiz saltokietan anaiak edo bikotekideak horretarako arrazoia ematen badidate. Nire barne tximinoak etxeaz haragoko zoologikoa maite du. Nire barne tximinoak ez du etxerik edo gau iluneko mozkorkeriarik behar jolasean aske ibiltzeko.

Behin mutil batek esan zidan arreta ematen ziola eta izugarri gustatzen zitzaiola kalean azaltzen nuen jarrera jolastiak. Ezagutzen ez nuen emakume bat hurbildu zitzaidan kalean pasa den astean. Elederri kontu-kantari ari nintzaion eta Luisi muxu txikiak ematen. Hurbildu eta irribarre egin zidan. Eta esan jarraitzeko jarrera alai horrekin. Asko gustatu zitzaiola kalea neure egiteko erakusten nuen modua. Tximuarena egitea gustatzen zait esan nion. Eta berak eusteko horri. Eta  ze inbidia. Eusteko horri eta ze inbidia ematen didazun esan zidan. Oso erraza da esanez agurtu nuen, zure eskura ere badago tximuarena egitea.

Ez dakit, eguneroko joan etorrietan hits ikusten dut kalea, ilun, triste, aspergarri, tenteegi, isilegi, formalegi.

Uste dut politagoa eta erakargarriagoa  litzatekeela eguneroko normaltasunean tarteka buruak lepo gainean joan behar duela ahaztuko bagenu. 


Euskalerria irratian entzungai. Gaurko irrintzia:
 http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1487089754046

2017-02-11

Itaka_Satarka-Bordari 2016 lehiaketak_2017-1-21

2016-12-10_Saria jaso ondoren Elederri bularra ematen_Hondarribi

Aspaldiko ezagunak dira Satarka eta Bordari lehiaketak. Gaztetxotan buelta bat baino gehiago egin genituen Hondarribiara saria jasotzera. 18 urtez gorakoen mailan 18 urte bete berritan irabazi nuen saria ere ez dut ahazteko. Orduko hartan hilekoari idatzi nion besteak beste. Aurten Elederri, hileko haragiztatu eder honi.   Lehiaketetan aspaldian parte hartu gabea, Eleder jaio bezperatan sentitu nuen egun horietako bizipenak poesia bihurtzeko gogoa. Hala sortu nuen "Eleder aurreko (E.A.) zortzi egunak" poema sorta. Izan ere, kristorik ez dugunok seme-alabak asmatzen ditugu... ideia horri tiraka sortutakoa da.

...
Kristorik ez dugunok seme-alabak asmatzen ditugu gure egutegi propioan.
Kolore gorriko egunentzat ez dago tokirik,
bestelako egunentzat ere ez.
Dena da zu.
Eta zu.
...

Lana lehiaketara bidaltzea erabaki nuen. Lanak aurkezteko epea urriaren 28an bukatzen zen, Eleder urriaren 28an jaio zen; imajina ditzakezue ibilerak. 2. saria jasotzen izan ginen abenduaren 10ean Hondarribin nire kristo Eleder eta ni. Zoragarria izan zen. 


Saria jasotzen euskara teknikariaren eskutik

Lagun asko izan nituen Hondarribin sarikide Iñigo, MariJoxe... Nafarroako ikasle gaztetxoak ere bai. Eurekin irratsaioa osatu genuen urtarrilaren 21ean. Zorionak saritu guztiei, parte hartzaileei eta hogeita hamairugarrenez sariketa hau posible egin duten antolatzaileei. Honatx irratsaioa (ezkaratzetik atalean Itxaro Mendizabal aritu zen bikain estrainekoz) entzungai:


Saritu, epaimahai eta antolatzaileak_Hondarribi_2016-12-10


2017-02-06

Mingaina txulora!

Elederren mingain jostaria

Mingaina ateratzen ikasi du Elederrek. Amak erakutsi dio. Eta lehenengo aldiz erakusten dena behin eta berriro errepikatzea irakastea denez, esan dezaket: nik irakatsi diot nahi-behar izanez gero, mingaina atera dezkeela (atera behar duela) ezpainarte eder horretatik. 

Ez nuen uste hain bizkor ikasiko zuenik; gauaren luze-ilunak bezperako jolasak lanbrotu-lausotuko zizkiola uste nuen; baina hara non esnatu eta mingaina atera didan goizeko lehen muxua ematera hurbildu natzaionean. Mingaina txuloan sartu behar duela esaten zaio haurrari maiz; itsusia (itsusia?) dela, hori ez dela umearen itxura (itxura?), zer esango (nork?) duten...

Gizarteari, egunerokoari, munduari, bizilagunei, amari eta geure buruari mingaina ateratzeko arrazoi gehitxo ditugu, ordea. Ahoa bete hortz eta mingaina kanpora atera behar itoko ez bagara. Tamalez, badaezpada ere itotzea hobea dela esaten digute sarri. 

Nik nahita irakatsi dizut  jolasteko gogoz eta ez natzaizu orain mingaina txuloan sartu behar duzula esanez hasiko. Ito behar baduzu izan dadila bizitzaren ur handitan igeri egiteko eskubidea borrokatuz isuritako izerditan eta ez mingaina ezin aterata hortz artean sortutako korapilotan. Eta mingaina txuloan sartzen baduzu, izan dadila zuk hala nahi izan duzulako eta ez inork hori egiteko esan dizulako.


2017-01-30

Itaka_Mikel Etxaburu_2017-1-14

Mikel liburuaren aurkezpen egunean

"Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak" poema liburuaz solasean aritu zen Mikel Etxaburu urtarrilaren 14an Itakan. Ekaitz aritu zen gustura berarekin galde-erantzunean. Poema liburu ederra mintzagai hartuta hausnarketa-jolas zoragarriak izan zituzten hizpide. Begiak zabalik entzuteko moduko saioa; ez hartu lorik! 

2017-01-28

Hiru hilabete

Elederren esku txiki jostaria_2017-1-28

HIRU. ESKUEN HILABETEA.

Airearekin bake-borrokan aritzen zara. Etorkizuna ukabilkadaka zulatzen duzu zure orain eta hemen misteriotsutik. Hanka-belaunekin arin-arina dantzatzen duzu, esku-besoekin flamenkoa. Eta dena da jai. Eta dena da festa. Dena biba fandango!


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Eguzkiak ez ditu
itzalak behartzen
denboraz jabetzeko
denbora behar zen,
hasia zera zeure
buruaz ohartzen,
hatzak ezpain arteko
zulotxoan sartzen
ta eskura duzuna 
eskuetan hartzen.


2017-01-26

Ama umearekin

Ama umearekin_Iñaki Bastarrika

Eskerrik asko, Iñaki Bastarrika, halako irudi ederra oparitzeagatik! Hitzak oparitu dizkiot nik marrazkiari:



Lepoaz beste egin didazu zure buruarekin
eta erdi bi naiz orain:
burua anitpodetan dut
eta buruaz beheragokoa hemen baina urrun. 
Hor nonbait da nire pentsamendua haizeak harrotua.

Eraztun bat izan ninteke zure konpromisoan
baina aho ireki bat baino ez naiz 
eta zu nire gosea.

Zilbor-hestea etetea ahaztu zitzaien emaginei,
horregatik doazkizu oinak nire bizkar hezurraz harago
horregatik zulatzen didazu egunero izerdia
horregatik da irribarre bat bion zauria. 

Baina burua buru truk
eta begiak atezuan.
Bi begi gorri eta bi urdin...
nahikoak munduaz ahaztu garela ohartzeko. 


2017-01-19

Itaka_Juan Luis Zabala_2017-1-7


Juan Luis eta Txistu txakurra
Zaunka egin dio irratiari. Errealari gola sartu dioten unean zaunka egin dio irratiari. Radio Marcako esatariak hizketan jarraitu du txakurraren zaunkari entzungor. 
Zaunka egin dio parkeko zoko baztertuari; ijito errumaniar baten gorpua dago lurrean. Kale ertzeko zakarrontzian burua sartuta duen gizonak zerbaiten bila jarraitu du txakurraren zaunkari entzungor. 
Zaunka egin dio kulturari. Eta gero euskarari. Biak elkarri begira daude ispiluan. Zer gertatuko. Hala jarraitu dute luzaroan elkarren begi niniak janez txakurraren zaunkari entzungor. 
Zaunka egin dio bere buruari eta txistu hotsa entzun da. Isilik gelditu da txakurra bere zaunkei entzungor. Isilik gelditu da Txistu. 

Juan Luis Zabala kazetari eta idazlearekin solasean aritu ginen urtarrilaren 7an. "Txistu eta biok" liburuaz eta... gozo-gozo; gustura!

2017-01-17

ETORKIZUNEKOON MEMORIA


Urriaren 28an munduratu zen Eleder. Bi hilabete eta erdiko memoria du, beraz. Nik, ordea, bederatzi hilabete atzera, urtarrilaren 28an jaio zela sentitzen dut. Ia urtebete darama niri, guri, naturari lotua. Ia urtebeteko memoria du, beraz. Memoria: berekiko eta inguratzen duenarekiko ezagutza. Urtebetez atzeragokoen jakintza poliki-poliki bere jakin-minetik eta ingurukook (familia, hezkuntza, lagunartea) kontatzen diogunetik jasoko du.

Honatx idatzi honen bueltan seme ttikiari begira otu zaizkidan galderak: noiz hasten gara historia izaten? Eta noiz hasten gara memoria izaten? Noiztik gara historiaren etorkizuneko erantzule? Zenbateko memoria du gutako bakoitzaren historiak?

Duela bi aste zenbait gazte bildu ginen Memoria Historikoaren inguruan elkarrekin lanean hasteko asmo-gogoz. Urteak daramatza Txinparta Elkarteak gai honen buelta-mamitan sekulako lana egiten. Baina, edozein arlotako elkartek duen kezka bera du. Nola inplikatu gazteak? Nola egin arduren transmisioa? Nola idatzi memoria etorkizunetik?

Dagoeneko hamar bat lagun bildu ditu Txinparta Memoria Gaztea Taldeak eta ideiak bor-borka ditu. Aukera eta protagonismoa emanez gero, gazteak badaki zer eta nola nahi duen.


Ez dut zalantzarik, etorkizuneko historian memoriak emango du zeresana eta izango du esateko zer. 

2017-01-13

BULARRA // BIBEROIA

Eleder eta Irati_2017-1-2

Barre pixka bat egin eta bere sinpletasunean hausnartzeko moduko egoera: 

Egongela batean Irati Elederri bularra ematen. Egongelan besteak beste hiru eta lau urteko bi neskatila daude, lehengusinak dira. Aho (eta begi) zabalik daude Iratiren bular beteari eta Elederren aho are beteagoari begira. Lau urteko neskatoak Elederren denbora bertsuko ahizpa du. Haren amak bizkarreko arazoak direla eta biberoia ematen dio alaba jaioberriari. 

Bat-batean lau urteko neskatilak (biberoia hartzen duen ahizpa jaioberria du) galdetzen dio hiru urteko lehengusinari (biberoia hartzen duen lehengusina jaioberria du): 

- Zergatik ez dio biberoia ematen?

Bizi eta ezagutu ez duenez, ziurrenik ez daki bularra eman esaten; bestela, akaso, zergatik ematen dio bularra? galdetuko bailuke. Honatx hiru urteko lehengusinaren erantzuna: 

- Eleder mutila delako. 


2017-01-05

ITAKA_Anita Larrea_2016-12-31

Iñaki, Anita, Irati, Eleder eta Ekaitz ekainean egindako saioan
Abenduaren 30ean Anita Larrearen etxean izan ginen kontu kontari grabagailua hartuta. Ordu erdi pasatxoko solasaldia grabatu genuen garai bateko negu-gabon-urte zahar-berri gaiez. Eskerrik asko familia etxeko ateak zabaltzeagatik. Biharamuneko Itaka saioan entzungai izan genituen bezperan grabatutakoak. 




ITAKA_Koldo Zubeldia_2016-12-24


Abenduaren 24ko saioan Koldo Zubeldia poeta zaldibiarra hogeita hirugarrenez Itaka saioan izan genuen. Oraingo honetan Ekaitz aritu zitzaion gozo-gozo zirika, Koldok ederki eutsi zien hordagoei. Saio berean Iñaki Bastarrika Arestiz aritu zitzaigun.

ITAKA_Xabier Mendiguren_2016-12-17

Xabier Mendiguren Alsina liburuaren aurkezpenean
Abenduaren 17an Xabier Mendiguren idazle beasaindarrarekin aritu ginen solasean 2016an argitaratu zuen Alsina (Elkar) liburuaz.


ITAKA_Gurasoei gutuna_2016-12-10

Aurtengo lehiaketako kartela
Azaroaren 26an banatu ziren Gurasoei Gutuna IV. edizioko sariak. Abenduaren 10eko Itaka saioan Irati Goikoetxea helduen mailako irabazlearen hitzak, Kirmen Uribe eta Miriam Luki epaimahaikideen ekarpenak eta Itxaro Mendizabal antolatzailearen balorazio-solasaldia bildu genituen. Eskerrik asko, Itxaro, irratira bertaratu eta zure hitzetan eta hitzekin biluzteagatik!

ITAKA_Oihenart Aforismo lehiaketa_2016-12-3

Casado, Alberdi, Goikoetxea eta Otamendi_2016-12-2



Abenduaren 2an banatu ziren VI. Oihenart Aforismo lehiaketako sariak. Hurrengo egunean egin zen Itaka saioak bildu zituen lehiaketaren inguruko ahotsak. Ekaitz Goikoetxea eta Juan Ramon Alberdi sarituak, Antonio Casado antolatzailea eta Cristina Lasa epaimahaikidea aritu ziren solasean. Zorionak irabazle eta antolatzaileei!



2016-12-28

Bi hilabete

Elederren bi hilabeteko eskutxoa_2016-12-28 

BI. BARRE TXIKIEN HILABETEA. 

Su artifizialak lehertzen zaizkizu mingainean gora eta oooooooooooooooooooooooo PUM! bihotzak salto egiten digu zure beso artera. Bi hilabetean ezpainak jostailu bihurtu zaizkizu, kolore festa bat da zure ahoa eta gure pozak zure eztarriraino egiten du salto. Begiak itxita egiten zenituen irribarreak barre txiki dira orain; mundua erraldoitu egin da bat-batean. 

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Bi hilabete eder
gure kabietan
eguzki beteko nahiz
egun bustietan
so nagokizu ahal 
dudan guztietan,
bizitza biltzen zure 
bekain azpietan;
distira berezia
duzu begietan
ta irrifar handia 
ezpain txikietan. 


Elkarri egin diogun mendi oparia:

Luis, Eleder eta Irati Olaberrira bidean_2016-12-28. Argazkilari aitona Joxe.