2010-02-26

EGIN APUSTU ZURE BURUARI!(XII)


- Zer? Galtzak garbigailuan sartu dituzula?

-Bai! Zikin-zikin zeuden!


Zenbatetan irentsi dizkizu garbigailuak paper-zati,
paper-mutur garrantzitsuak? Horaingo honetan ere ederra gertatu zaigu ba!

Bederatzi zifrako zenbakia zeukan paper zatia garbigailuak xurgatu du! Lagunduko didazu galdutako zenbakia topatzen? Kontuan izan bederatzi zifra dituela!

Baldintza hauek betetzen ditu zenbakiak:


- 1etik 9rako zifra guztiak ditu; errepikapenik gabe.
- Lehenengo bi zenbakiek 2rekin zatigarria den zenbaki bat osatzen dute.
- Lehenengo hiru zenbakiek 3rekin zatigarria den zenbaki bat osatzen dute.
- Lehenengo lau zenbakiek 4rekin zatigarria den zenbaki bat osatzen dute.
- Lehenengo bost zenbakiek 5ekin zatigarria den zenbaki bat osatzen dute.

- Lehenengo sei zenbakiek 6rekin zatigarria den zenbaki bat osatzen dute.
- Lehenengo zazpi zenbakiek 7rekin zatigarria den zenbaki bat osatzen dute.

- Lehenengo zortzi zenbakiek 8rekin zatigarria den zenbaki bat osatzen dute.

- 9 zifrako azken zenbakia 9rekin zatigarria izan behar da.


GEHIGARRIA:

Aste honetako jolasa opari gehigarriarekin dator. Edurne Marcok proposatu digu problema. Beraz, bi erantzun dituzue emateko. Mila esker Edurne!

2+3, 10
7+2, 63
6+5, 66
8+4, 96
9+7, ??

Batuketa bakoitzak badu bere bikotea. Bikoteek duten erlazioa zein det asmatu eta jarri bikotea azken batuketari!


2010-02-24

ERANTZUNGO BAZENIT...


Gustura galdetuko nizuke, akaso begietara begira;

gustura galdetuko nizuke, adibidez zer den poesia.

Begien itsas-lerroan izurde baten saltoa,
ezpainen izerdian gozoki baten dantzaldia,
urmael bat sutondoari zirika.

Gustura galdetuko nizuke, akaso begietara begira;
gustura galdetuko nizuke, adibidez zer den poesia.


Haizearen korapiloan hari mutur bihurria,

masailen gorrian malko baten eztena,

iratxo bat ipuin baten erdian.


Gustura galdetuko nizuke zer den poesia.

Gustura galdetuko nizuke, zergatik ez, begietara begira.

2010-02-22

IPARRAGIRRE SARIAK 2009











Ostiralean Urretxuko Udaletxean izan nintzen Iparragirre Saria jasotzen. Euskarazko narratiba atalean 1.saria jaso dut "Trena handik datorrenean" ipuinarekin.

Trena Urolako trena da, eta handik dator, Zumaiatik, edo Italiatik, edo Azpitarteko bihurguneetatik, edo infernuko su garretatik... edo... Trenari begira dagoen neskatoa Prudentxi da, amona Prudentxi, Aginako auzotik Zumarragako herrira pauso txikiak emanez bide luzea egin nahi duen neskatila.

Amonaren oroitzapen kutxatilatik jasotako kontakizunekin korapiloak eginez asmatutako ipuina da.

Ostiralean Urretxuko Udaletxean izan nintzen saria jasotzen; argazkian gainerako sariatuak ere ageri dira (Nerea Belarrain donostiarra, Iñigo Legorburu errenteriarra eta Oscar Alonso bilbotarra) Urretxu eta Zumarragako alkateekin batera. Vicente Perez madrildar sarituak ez zuen etortzerik izan. Sari banaketa goxoa izan zen, eskertzekoak izan ziren antolatzaileen eta epaimahaikideen hitzak eta gertutasuna. Liburu eder batek biltzen ditu saritutako lanak.

Ipuina eta saria eta liburua amonari eta aitonari eskaini dizkiet. Oraingo honetan beraiek izan direlako inspirazio iturri, eta beraiekin solas une asko partekatu izan ditudalako, eta zahartzaroaren zimurrek gure ispiluei argi egiten dietelako, eta... eta merezi dutelako!

"Amona Prudentxiri,
solas-uneak jolas-gune bihurtzeagatik.
Sekretu ttikien altxorra eskura jartzeagatik.

Aitona Patxiri,
bizitzaren indarraren ispilu izateagatik.
Matraka honentzat irribarre egiteko arrazoi bat gehiago izan zinelako."



Mila esker Felixi, eta Jose Luisi, eta Concettari, eta Joni, eta Carlosi, eta Nereari, eta Iñigori, eta Oscarri... eta Balentiñari ostiraleko gaubelarengatik.

(Asier Zalduak Noticias de Gipuzkoarako egindako elkarrizketa.
Otamotz.com-en zintzilik dagoen bideoa. )

2010-02-12

EGIN APUSTU ZURE BURUARI!(XI)


Datorren aste zuriak opor usaina du batzuontzat eta jolas ezberdina ekarri dut ostiral hotz honetarako. Asmakizun bat; irakurtzeko, pentsatzeko eta aldamenean daukazun horrekin jolasteko.
Josuk proposatu du, oraingoan bera izango da irakasle. Aste osoan zehar erantzunak zakuan jasoko ditut, eta aste zuritik bueltan, astelehenean, erantzunak argitaratzen ditudanean horietako zenbat dauden ongi esango digu Josuk. Ni ere jolaserako gogoz saiatuko naiz buruari buelta pare bat ematen. Honatx asmakizuna:


Guztia akabatzen du,
hegazti, pizti ta landare.
Burdina marruskatu, altzairuari kosk,
eta haitzak txikitu.
Erregeak hil, hiriak suntsitu
eta mendi altuak bota.


IKUSI MAKUSI... ZER IKUSI???


2010-02-10

OSTEGUN GIZENA ETA TXORIMALOAK


Mozorroa janzten dugunean aurpegia bizkarrean eransten zaigu.



Aste batzuk luzeagoak izaten dira, beste batzuk laburtu egiten ditugu (batez ere isatsa luzatzen diegunean); asteburuak zubi bihurtzen ditugu askotan, igerian datozen errekek itolarria sentituzen dutenean adibidez. Egunak argal esnatzen dira sarri, loak irentsitako orduen gosez. Badira ordea, egonean gizentzen direnak ere. Ostegunak izaten dira gehienetan, otsaileko ostegunak, mozorroz jantzita iristen direnak. Elurra ari zuen egun batean gizendu omen zen osteguna. Hotza berotu nahian jertse mordo bat jantzi zituen ostegunak mozorroaren azpian. Eta gizajoa gizendu.



Ni ere mozorrotzen nintzen hamar, hamaika, hamabi urterekin. Gogoan dut txorimaloz jantzi nintzeneko hura; elurra ari zuen gaurko antzera. Dantza egin genuen Mielotxin panpinaren inguruan. Kuriosoa da, baina, mozorrotzen diren egunen aurpegiak ez dira hain erraz ahazten.



Mozorroa janzten dugunean aurpegia bizkarrean eransten zaigu.

2010-02-08

AXOLA EZ DUENEAN

Axola ez duenean zure betaurrekoak jazten ditut eta ilargira begira gelditzen naiz. Soineko berderik ez du jantzi aspaldian. Axola ez duenean bostekoa luzatzen didazu eta nire eskuaren bila zorabiatu egiten naiz. Zenbat azazkali egin diozu dagoeneko hozka? Axola ez duenean bakardadea irensteko itxaropenez prestatzen dut bazkaria eta goseak aulki azpian ezkutarazten nau. Axola ez duenean zer da hontzak pentsatzen duena?

2010-02-05

EGIN APUSTU ZURE BURUARI!(X)


Ni ere ikaslea naizelako eta zuek ere irakasle izan zaitezketelako. Iraitz ikasleak erronka jarri dit esku artean: "
Irati, ea ausartzen zaren problema honekin!". To, harrapazan! Izugarrizko ilusioa egin dit Iraitz, zuek eta ni, eta anai-arrebak, eta gurasoak, eta osaba Mikel, eta lagunak... denok hari beraren korapilo garela erakusten duelako horrek. Ba hortxe aste honetako problema; osaba Mikelek Iraitz ilobaren eskuetan eta Iraitzek nire eskuetan jarri duena:

EA ERBIA BAINO AZKARRAGO IBILTZEN ZARETEN!

Iruñea eta Zaragoza artean 200 km daude. Tren bat Iruñatik atera da Zaragozarantz orduko 100 kilometroko abiaduran, eta aldi berean Zaragozatik beste tren bat atera da Iruñarantz abiadura berean. Iruñatik atera den trenaren aurrean erbi bat zegoen lotan, eta trena martxan jarri denean, esnatu eta korrika atera da trenbidetik Zaragozarantz. Erbiak daraman abiadura orduko 200 kilometrokoa da. Zaragozatik atera den trenarekin topo egin duenean, trena ukitu , buelta erdia eman, eta aurkako norantzan korrika jarraitu du berriro Iruñatik ateratako trenarekin topo egin arte. Azken trena ukitu eta berriro buelta erdia emanda korrika hasi da. Azkenean bi trenek topo egin dute erbi gaixoa bi trenen erdian hil egin da.

Esnatu eta hil bitartean zenbat kilometro egin ditu erbiak korrika?

Hasi zuek ere korr
ika datorren asteko ostiralak harrapatu baino lehen!

2010-02-03

BIZI-NAHIA / HEGAN EGITEA AMETS

Bizi-nahia
bihotza begietan zintzilikatzea,
arnasaren bihurguneetan garrasi egitea;
Bizi-nahia
pauso baten atzean gorputzaren soslaia ezkutatzea,

isiltasunaren izerdia iturri bihurtzea.
Bizi-nahia

salto
Bizi-nahia

jauzi
Bizi-nahia

itsas-argiaren itzal.

Bizi-nahiak
bi arrasto ditu eta erdian,
erdian zulo bat dago.
Zuloan eskua.
Eskuak nora eramango zaituen...

baneki zuloaren bestaldean zer dagoen...

Bizi-nahia

bihotza begietan zintzilikatzea.


Pasa den larunbatean bizi-nahiaren ahotsarekin aritu nintzen solasean, bizi-nahiaren begiradarekin jolasean. Korapilo askeen amaraun bihurtu zen Segura Irratiko estudio txikia.

Luzatutako eskuari goxo heldu zion
Marronek eta esku ahurrean mila kontu eta bat marraztu zizkidan. Himalayako mendi erraldoien magalean dagoen herrixka galduaren oihartzuna xuxurla lasaien irudiz jantzi zenuen.


Dolpo du herrixkak izena; zeruaren atari batzuentzat, infernurako sarrera askorentzat.

Eskerrik asko
Marron, munduaren aurpegiei sentipenak margotzeagatik, hegan egitearekin amets egiten zuen (duen) mutikoaren ispilua eskura jartzeagatik.

2010-02-01

EGIN APUSTU ZURE BURUARI!(IX)



Bazen behin zuloan ez aurrera ez atzera gelditu zen arratoi potolo-potolo bat. Katuak harrapatuko zuen beldurrez, zulo barruan zegoen gazta irentsi zuen, bere burua gehiago gizendu eta horrela katuak zulotik libratuko ez zuela pentsatuz. Zer uste duzu gertatu zitzaiola arratoiari? (ez jarri mugarik zure irudimenari! Baina, indar guztiak ere ez galdu horretan atzetik problema dator eta!)




KATUAK ARRATOIARI... MIAUUUUUUUU...

Hiru katuk hiru minututan hiru arratoi harrapatzen badituzte. Zenbat katu behar dira ehun minututan ehun arratoi harrapatzeko?