2010-04-28

SUTONDOA IRAGANETIK ETORKIZUNERAKO ZUBI


Burlatako Askatasuna Institutuko 150 lagun baino gehiagok, ikasle, irakasle, institutuko langile, guraso eta aiton-amonek, azken hilabeteetan landutakoa plazaratuko dugu Burlatako Kultur Etxeko oholtza gainean bihar.

Institutu ireki eta partehartzailea helburu, klaseko programazioak ardatz hartuta, mintegi guztiak inplikatu dira nor bere egitekoetan. Ikastorduak, atsedenaldiak eta arratsaldeak baliatu ditugu emankizun eder hau ondu eta borobiltzeko.

Iaz hasitako lanari jarraipena eman diogu aurten. Adierazpide ezberdinak (poesia, antzerkia, musika, elkarrizketak…) landuz eta institutuko estamentu guztien genuen gaitzat, aurten belaunaldi ezberdinen arteko transmisioaren eta memoriaren garrantzia. Aiton-amona eta biloben arteko elkarrizketak, Miguel Hernandezen olerkiak, Eratostenes eta zenbaki lehenak, dantza eta kanta ezberdinen bilakaera, mitologia, frantsesez eta ingelesez ondutako esketxak izango dira, besteak beste, ikuskizuneko osagaiak. Sutondoan eseri eta garai bateko istorioen antzezpenaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bukatzeko memoria historikoari ere tartea egingo diogu eta zuzeneko hiru testimonio bertan izango dira; hala, omenaldi ttiki eta goxo bat egingo diegu Gerra Zibilean hildakoen seme-alabei. Saio hunkigarria prestatu dugu Burlatako Askatasuna Institutukook, belaunaldien arteko loturaren erakusgarri, adin guztietako ikasleak, irakasleak, gurasoak eta aiton-amonak taularatuko dira.

Emanaldi bera hiru aldiz eskainiko dugu ostegunean bertan. Ikusle Institutuko ikasle, irakasle eta gurasoak bilduko dira, baina, gainerako herritar eta inguruko guztientzat ere irekia izango da.

Goizean bi saio egingo ditugu, 10etan eta 12etan, eta iaz gurasoek hala eskatuta, aurten arratsaldeko 6etan eskainiko dugu goizean eskainitakoa.


Guztiok gonbidatuta zaudete. Saio hunkigarria izango da, eta taula gainean bildutako ilusioa zuen artera iristen bada ziur naiz izugarri gozatuko duzuela!


(Goiko argazki ederra Oskar Montero Burlatako argazkilariak utzitakoa da)


2010-04-26

ELKARRI ZIRIKA


Hamabostean behin ikusten du argia Goierritarra aldizkariak. Tarteka bertan idaztea egokitzen zaigu Ekaitzi eta bioi, gai bat aukeratu eta gai horri tiraka aritzen gara. Azkeneko alean Etxegaraten jarri nahi duten peajea izan dugu mintzagai. Hitanoari heldu diogu, eta goierritarrari, ditugun bi altxor ederrei oihartzun egin asmoz.


Aupa Ekaitz!


Zemuz haile? Oporran jiran idaztea tokau zaiuk beize, kasualidadea izangoek, baino ez zakiat…batek baño gehiok pentsauko dik hainbeste jai eun dittuen irakasleok ezinbesten ibili behar beti oporran jiran! Ze ingo zioau ba! Hartu, ta banau ezin dienez, norbean poltsikon gorde!

Akordatze al haiz umetan poltsikoi peko prakak jazten genittunen eskumuturrek mukiz beteta ibiltzen genittula? Oain kontuauta neok zuloz beteta ibiltzen ditteun poltsikok eukitzea baño hobea dala bate be ibiltzea. Mukik? Barrua tragau ta aurrea!



Krisik ez baleo ez zakiat debateik sortuko ote litzeken, baño kontue dek bik harrapau gaittuela bete-beten, krisik eta debatek. Peajea jarri behar omen ditek Etxegaraten. Bai, puntaren puntan, ta txorie kantari hasi dek, txirulirulin, txirulirulin… azkenekoa zeinek kantauko don erabaki nahien. Nik ze nahi dek esatea, garbi zeok eozer gauza eabiltzen donak ordaindu in ber izaten dola, ta ze esanik ez karreterak in ta in, ta karreterak bete ta bete gailtzen garaiotan. Nik ez zakiat motel, azkarro iritsi nahi omen diau, baño ez zakiat noa! Gero ta denbora gehio itten diau ta karreteran! Bakik ze esaten don esaera zarrak, korrika ibili nahi dona, zalapartaka ibiltzeek.

Kontue ez dek hain sinplea, ordea, Naparro aldea juteko alternatiba egokik ez zeok, garraio publikoa´ re eskas ta urri… Ta hi ta ni, beste asko bezela, napartuta bizi gean bi giputxi… eunero ezpada´ re (holako asko izango ittuk) maiz-maiz harea beida ta handik honeako bueltan jartzen geanak.

Ta hi Ekaitz, nola haile aspaldion, polsikoko zulok ondo josita?

Irati Goikoetxea






Iepa Irati!

Aspaldion, aspaldion… hementxe neska, emandakotik hartuz betire, inoiz atseden, inoiz atsegin; aspaldin txarrik ez dinat izan behintzet. Hoi bai, aste santue laburtxo geau zaian aukeran, txosten akademikoa dala, idazlanak diela, askok bestela uste arren, baakin, opor eunek baino jai eun gutxigo izaten dizkinau ume mukizuk hainbeste maitte ditteunok.

Poltsikoko zulok ondo josita dittuan? Poltsikok tarratau beharrik pe, zuloz ondo osauta gailtzen lehen´e: golf-zulok, begizulok, amazulok…Ta nik satorranak maitte. O adarran puntan, puntan puntan txoriñoi txirulika aitzeko pausalekuk eskeintzen dizkion aldapeko saarranak. O… Kontue den aldapeko saarra usteltzen hasie dala, ta adarran puntan puntatik harro aitzen zan txorik lau-bost urteko umen ahotik baño ez dola kantatzen oain. Atzoko mendi ondu, gaurko hondamendi.

Bost errailekok, kurba ta tunelik pekok; karreterak ez, errepidek (erret + bide > errege + bide) nahi dizkinau guk, balio gutxi ta kostu handiko errepidek. Gu ekologistak! Biajea, paisajea, peajea, ajea. Ajea, bai, biharamune baño gehixeo luzauko zaiuna.

Bai, nei´re askotan galdetzen ziaten zenbat behar izaten dean Beasaindik Burlata iristen, ta ezin izaten dinat danan jakinmine eantzun bakar batekin ase. Ismael Serranon azken CDa ta Korrontzin hiru kanta, o Beniton lau, o Imanolen zazpi. Seun, ze eun. Etxegaraten peajea jarri behar duela? Lasai, denbora eskumuturren eamaten ez deunoi beti geauko zaiun Lizarrusti!


Ekaitz Goikoetxea

2010-04-19

GABRIEL ARESTI SARIA



Ostiralean Bilbon izan nintzen, XXVII Gabriel Aresti literatur lehiaketako sari banaketa ekitaldian. Udaletxeko Arabiar Aretoan Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen eskutik jaso nuen euskarazko ataleko akzesit saria, "Julia" lanari eman dioten saria.

Xabier Rojo Etxanizek irabazi du aurtengo edizioa eta Gonzalo Etxague eta niri eman dizkigute banatzen dituzten bi akzesit potoloak. Bai, potoloa da Gabriel Aresti lehiaketa, hala sentitzen dut nik behintzat, potolo. Nire literatur bidetxoan koxka bat gora egin dudala iruditzen zait.


Sari banaketaren ondoren bazkari eder baten bueltan bildu ginen sei sarituak (euskarazko ataleko hirurok eta erdarazko ataleko saridunak) antolatzaileekin eta bi epaimahaikiderekin batera. Argitalpenak, liburuak, editoreak, argitaletxeak izan genituen hizketagai nagusi, izan ere alde batera nahiz bestera begiratu, dagoeneko liburuak argitaratuta dituzten idazle handiak topatu bainituen nire inguruan. Halako maisu handien artean ikasgai asko (aholku bikainak) poltsikoratu nituen.

Zorionak gainerako saritu guztiei (Xabier Etxaniz donostiarrari, Gonzalo Etxague madrildarrari, Ignazio Ferrando madrildarrari, Jesús Tiscar jaendarrari eta Juan Jesús Fernández de Retana nafarrari) eta muxu goxo bat Julia, Pili, Ramon, Marga, Juan, Ismael eta Audrey Hepburn ipuineko pertsonaiei.

(Argazkiaren gainean hozka eginez gero, Bilboko egunpasaren argazkiak topatuko dituzue.)



2010-04-15

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (XV)


Beruete-Ireber-Arraras-Beruete. Apirilaren 5ean egin genuen ibilaldia. Basaburua. Basoaren burua. Eta buruan mundu bat: zelaiak, hariztiak, pagadiak... Txoko ikusgarria da, lasaia, ongi zaindua, bizi-aztarna ederrak ditu ezkutuan oso ageriko gelditzen den bailara zoragarri honek.

Jauntsarats herrian ateratako argazkia da azpikoa. Hariztiak sekulako altxorra ezkutatzen du: poliki-poliki hiltzen ari den haritz ikusgarria. Hiltzen ari den arren, sekulako bizi-baliabideak eskaintzen dizkie inguruan biltzen diren animalia eta landareei.

Ikusi orduko zuei proposatzeko problema ttiki otu zitzaidan. Lagun on batek, Manexek, blogaren berri izan zuenean eta proposatzen nituen problemak irakurtzean, errealitatearekin lotuagoak zeuden problemak ere asmatzea ederra litzatekeela esan zidan (mila esker Manex, txoko hau aberaste bidean emandako aholkuengatik!). Ba honatx, lehenengoa!


Nire aldamenean arrasto gorri bat dago, lurretik haritzaren lehenengo adarrera dagoen distantzia zehazten duena. Errealitatean 1,5 metro daude lurretik lehenengo adar potolo horretaraino. Eta haritz eder horrek errealitatean 29,1 metro ditu. Galdera hauxe da: argazkiak zer neurri hartu beharko luke haritz osoa ikusi ahal izateko. Hau da, zenbat luzatu beharko genuke argazki hori haritzaren 29.1 metroak ikusi ahal izateko?

Akaso txori bat topatuko dugu Jauntsartsko haritzaren adarrraren puntan, puntaren puntan...

2010-04-14

KUKUA

Kukua ere ilusio iturri bihurtzen saiatzen naiz. Urtero ibiltzen gara Kukua noiz eta non entzungo (jolas ederra da!), eta aurten pittin bat kosta zaigun arren, azkenean harrapatu dugu bere ibilian. Arraras, Urkiagako mendatea, Zalama, Lazkaomendi... Kukuaren atzetik egin ditugu mendi irteerak eta gutxien uste genuenean... Lareoko urtegian berak harrapatu gintuen gu ustekabean. Goierri erakusteko asmoz, Goierrik dituen altxor ederrenetako batera eraman genituen Samuel pisukidea eta Eva bere neskalaguna.

Poltsikoan xentimorik hartu gabe ibiltzen naiz gehienetan, baina, aurreko egunean kasualitatez poltsikoratutako 50 xentimo topatu nituen poltsikoan. Aberastasun iturri omen da Kukua. Batzuek noiz aberastuko pasatzen dute bizitza; niri momentua aberasten dit Kukuak. Eta momentua da etorkizunak aberasten didana.





San Joanetan kuku, San Pedrotan mutu.
San Pedrotan kuku, San Martzialez mutu.
Andra Mari Martxoko egunean kukua ageri ez bada, bederatzi idi-pareri gurdia lotu eta bere bila joan behar izaten omen da Erromako zubira.

Kontu eder eta bitxi asko gordetzen ditu kukuak bere baitan; beharko kontuak bildu, 9.000 kilometro egiten baititu Afrikatik hona uda pasatzera etortzeko.



Lazkao Txikik ere bertso ederra kantatu zion kukuari:

kukua, berriz, zuhaitzik zuhaitz/ kuku hemen ta kuku han/ kalendario gabe badaki / noiz etorri ta noiz juan.

Kukua entzutea ez da erraza, ikustea ia ezinezkoa. Nik erronka bota nahi dizuet; ea goiko argazkian, Lareoko urtegi inguruan, nork aurkitzen duen kukua!

Eta aurten dagoeneko bakarren batek entzun badu, non entzun duen kontatuko balit...

2010-04-12

ORDUNTE


Eguna haizetsu esnatu zen apirilaren 2an, edo ez dakit, akaso gu izan ginen eguna haizetsu egin genuenak. Auskalo! Zer ote daki naturak gizakiaz? Nik begiak oparitu nizkion (naturari); ez nuen espero betileak lapurtuko zizkidanik!

Pauso bat aurrera eta bi ezkerrera, pauso bat aurrera eta bi ezkerrera, ezinbestean hiru aldiz igo nituen Ordunteko maldak, balantzaka-balantzaka, haizeari indar egin ezinik.

La Calera del Prado Karrantzako herri ttikian autoa utzi eta Ordunteko mendigainetan sei ordu eta erdiko ibilia egin genuen. 47.500 pauso (ezkerretara emandako pausoak kontatu gabe). Zalama du Orduntek gainik altuena. Otsoaren ezkutalekuetako bat da Ordunte, ez omen da, ordea, ezkutuan ibiltzen. Aste hartan bertan ikusi zuten bertakoek otso bat orein gaixo baten atzetik.

Begiak lapurtu nahi izan nizkion (otsoari); baina, ulu haizetsua baino ez zidan oparitu. Zer ote daki gizakiak naturaz?


(Argazkiaren gainean hozka eginez gero, egun hartan ateratako bost argazkiak ikusi ahalko dituzue. Pozik nago, oraintxe saltsan ibili naiz eta hori egiten ere ikasi dut: Picasan albumak egiten. Argazkien azpian esaldi bat topatuko duzue, eta botoiak ukitzen ausartuz gero, (sildeshow – ezkerreko aldean gora) argazkiak modu jarraian eta handituta ikusteko aukera izango duzue. Horixe gaur ikasi dudana. Hurrengoan gehiago!)