2010-05-31

ITAKA (Beñat Aiartza_ 2010-5-29)



Begiak itxi eta musikak ametsak lapurtu zizkigun… Itakan.


Bazen behin tximeleten atzetik nola, musika doinuen atzetik besoak zabalik korrika ibiltzen zen mutiko bat.

Bazen behin ibilian-ibilian isiltasunaren uhartera iritsi zen mutiko bat.

Bazen behin haizeari putz eginez melodia dantzarien artista bihurtu zen mutiko bat.


Gaur egun mutikoak musika doinuak bere egin eta tximeletak askatzen ditu; gaur egun mutikoak isiltasunaren uhartean mundura zabalik bizi den ispilua ezarri du. Gaur egun mutikoa haizeari putz eginez bizi da melodia dantzarien artista bihurtuta.


Mutikoak Beñat Aiartza zuen izena; mutikoak Beñat Aiartza du izena… Bizitza zukutu eta zukuak bizitza gozaraz diezaion, begiak zabaldu eta musikari ametsak lapurtzen dizkion mutikoa.

2010-05-28

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (XVIII)

Emango didazu besarkada bat? -Esan zion eguzkiak ilargiari. Ilargiaren masailak gorritu egin ziren bat-batean. Ordutik arrasto gorri bat darama gauak paparrean zintzilik.


MUXUAK ETA BESARKADAK

Aranburu eta Gomez familiakoek kalean topo egin dute, eta aspaldi elkar ikusten ez zutenez, berehala hasi dira elkarri besarkadak eta muxuak ematen. Aranburutar bakoitzak Gomez familiako kide bakoitza agurtu du, gizonezkoek elkarri besarkada bat eman diote, emakumezkoek elkarri muxua bat, eta gizonezkoek eta emakumezkoek ere elkarri muxu bat. (Ezberdintasun hori zergatik? Auskalo! Bakarren batek esango du... ohitura kontua! Gizakion aldrebeskeriak!). Kontua da azkenean 35 besarkada eta 42 muxu eman direla.

Zenbat emakumezko eta zenbat gizonezko daude familia bakoitzean?


2010-05-26

XABIER LETE ETA JABIER IMAZ


Ahots korden dardara goxoa. Hitz hautsien kulunka isila. Isiltasun gogorren jolas ezkutua. Gaueko loaldien esnatze lasaia. Zu zara; poetaren ispilu irmoa.

Maiatzaren 8an Ataunen izan nintzen Xabier Letek Joxan Goikoetxea akordeoi jole handiak lagunduta eskaini zuen errezitaldi hunkigarrian. Denbora gutxian adiskide handi egin diren bi gizonen arteko korapiloaren erdian harrapatu gintuen arratsaldearen majiak ikusleok. Xabier Lete eta Jabier Imaz dira bi adiskide handiak, zaletasunek, bizipenek eta miresmenak elkarrengana lotu dituzten bi adiskide handiak.

Etxean izugarri maite dugu Xabier Lete. Gurasoek txiki-txikitatik jantzi izan dizkigute esnatzeak Leteren kantu ederrez. Eta gerora askotan irakurri eta berrirakurri ditugu Ekaitzek eta biok Xabierren olerkiak. Sekula berarengandik gertu izan gabea nintzen eta errezitaldiaren egunean bizitakoak gogoratzen ditudan bakoitzean hitzak eztarrian behera trabatzen zaizkit, sentipen urtuen putzuan itotzen. Eskerrak blogak bere mututasunean ederki hitz egiten asmatzen duen! Errezitaldiaren azken dantzaldia malko artean egin nuen eta iluntzearen azken geltokiak negarrez harrapatu ninduen, non eta oholtza atzeko gelatxoan. Non eta zure ondoan. Eskerrik asko Joxe, eskerrik asko Mari Karmen pausoa ematen laguntzeagatik. Zirraragarria da bi muxu eta besarkada umil baten indarra. Mila esker Xabier begirada pausatuaren unea sentipen hilezkor bihurtzeagatik.

Eta hiri zer esan Jabier! Ia ezustean, ia nahigabean lagun egin haudala eta izugarri pozten nauela horrek. Tarteka-tarteka imajinatzen haut blogaren bestaldean problema korapilatsuen poesiari (izan ere, nor ausartu matematika poesia ez dela esaten?) tiraka eta horrelakoetan hire aldamenean arratsalde-goiz pasa eder bat egiten irudikatzen diat nire burua. Bejondaiala, Ataunen bizitakoaren sinadurak hire izena ere bazaramak eta! Problemaren baten korapiloak laster elkarren aldamenean eseriko gaituen esperoan... muxu potolo bat!















Ahots korden dardara goxoa. Hitz hautsien kulunka isila. Isiltasun gogorren jolas ezkutua. Gaueko loaldien esnatze lasaia. Zu zara; poetaren ispilu irmoa.

Sautrelan Hasier Etxeberriak Xabier Leteri egindako elkarrizketaren zati batekin uzten zaituztet. Eutsi bukaerara arte eta gozatu kantua, bera delako: Xabier Lete.

"Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea,
ni naiz kaleetan zehar neguko eguzkitan lanera dihoan gizon bakartia,
ni naiz hostorik gabe gelditzen ari den ardaska lehorra,
ni naiz pasio zahar guztiak kiskali nahi dituen bihotz iheskorra.
Ezaidazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordea,
nora ote dihoan denbora aldakorrak daraman bidea"

Galdetzen ausartuko naizen egunaren zain...


2010-05-24

SAN CRISTOBAL








Atzo Iruñako San Cristóbal gotorlekuan elkartu ginen, Ezkaba mendian. Maiatzaren 22aren bueltan urtero elkarretaratzea antolatzen dute Memoria Historikoaren aldeko Txinparta elkarteak eta Senideen Elkarteko kideek. Atzo ihesaldiaren 72.urteurrena ospatu zuten; ospatu genuen. San Cristobalgo presondegian egon zirenen senitarteko asko, Gerra Zibilak zigortu zituen familia asko eta senitarteko horien ondoan egon nahi izan genuen beste asko elkartu ginen; memoriari gure hitza xuxurlatu asmoz, memoriari gure begirada besarkatu asmoz.


Koldok erakutsi dit bertarako bidea eta aurten lehenengoz izan naiz bertan.Txoko oso ezberdinetako lagunak ezagutzeko aukera izan dut, beraien istorioekin nirea aberasteko aukera; memoriak oraina aberastu eta etorkizuna bideratzen laguntzen digulako. Besarkada potolo-potolo bat Olga, Ernesto, Ana Couzi, Julieta, Willy, Hedy, Julia, Maria... eta hainbeste eta hainbeste urtetan isilpean beren oihartzuna lotua izan duten familia guztiei.

MEMORIAREN PAUSOAK


Bidea urratu du isiltasunak, oinez egin ditu azken egunak.

Ezpainartea laku izoztua da,

memoria izotz ondoko eguzki urtua.


Begietara begiratu dio bilobak amonari,

eta kontatzeko eskatu isiltasunak zergatik utzi duen bidean arrastoa.

Amonak ez zuen igerian ikasi,

gazterik izoztu zitzaion eguzkia.

Memoria lakuan itoko zaion beldurrez pasa ditu urteak.

Bilobak berak igerian badakiela esan dio eta egoteko lasai.


Eta berriro galdetu dio isiltasunak zergatik utzi duen bidean arrastoa,

eta zergatik begiratzen duen horrenbeste atzera,

eta non dagoen aitona.


Aitona dela bidean arrastoa uzten duena erantzun dio amonak,

eta isiltasunak bidea urratu egiten duela, eta mindu, eta…

Bilobak marrazki bat egin du;

bide bat marraztu du eta bidearen bukaeran,

amonak aitonaren aurpegia marrazten lagundu dio.


Bidean pausoak ikusten dira,

memoriarenak,

memoriarenak dira pausoak esan dio amonak bilobari

Eta ez ahazteko,

gogoratzeko memoria dela bidea egingo duena.


Ezpainartea laku izoztua da,

memoria izotz ondoko eguzki urtua.

Gaur lehenengoz begietara begiratu dio amonak bilobari.


Irati Goikoetxea


MEMORIAREN LURRALDEAN


Memoriarena da

lurralde urruna,

maiz ahanztura izan ohi

denez erruduna,

oroitu umezurtzak,

oroit alarguna,

hitzez kanporatzeko

heldu da eguna,

horrenbeste urtetan

isildu duguna.



Memoriarena da

lurralde zabala,

fintzen dena zauriak

orbaindu ahala,

bat eginez lur azpi

eta lurrazala,

hildakoen hezurrek

eskatu bezala,

iraganak presente

jarraitu dezala.


Ekaitz Goikoetxea



2010-05-20

BARRICADAREN KONTZERTUAN


Bat-bateko kontua izan zen. Klaustroa sei eta erdietan bukatu eta “blausta” bota nion Koldori. “Lanez lepo nabil, ez daki nondik hasi eta zeri heldu!” . Eta berak ere “blausta” erantzun zidan, nola bestela! “Gaurkoz dena alde batera utzi eta Carcarrera etorri nahi duzu?”, “Carcarrera? Non da Carcar?”, “Erriberan”, “Erriberan? Eta zertara joango gara?”, “Barricadaren kontzertu akustiko bat entzutera. Gustatuko zaizu!”. Horrelakoetan “blausta” egiten dit buruak, nire zoroaldiak zoroaldi, eguna antolatua izatea gustatzen zait, egunaren kontrola niregain izatea. Beldurtu egiten naute horrelako bat-bateko planek, sarri ez dut baiezkoa emateko ausardiarik izaten, baina, halako opariari ezin ezetzik esan! Lanez lepo? Lepoa goratu eta lanari gain hartu!


Carcar, arratsaldeko zortziak. 200 bat lagun inguru, gazte asko, gaztetxoak ere bai. Helduak asko, aiton-amonak tartean. Kolore gorri, hori eta morez jantzitako txoko ederrean hitzak musikari muxu eman eta bizitzaren aldeko aldarrikapena arrosa gorri bihurtu zen. Barricadako taldekideek La Tierra está sorda azken diskoko kantuak aurkeztu zituzten. Poltsikoan zimurtuta nuen orri txuri txiki batean entzundako harribitxiak biltzen saiatu nintzen. Barricadaren bidea jarraitu gabea nintzen atzora arte, eta egia esan sekulako gozatua hartu genuen Ekaitz eta biok. Kantuen melodia eta kantuen hitzak izugarri gustatu zitzaizkigun. Azken diska honek bete-betean heltzen die Gerra Zibileko gertakariei, memoriari, isiltasunari, sufrimenduari, bidegabekeriei ... Istorioak kontatzen dituzte kantuek. Historiak isilarazi zituztenen istorioak. Goiko bideoa "Por la libertad" kantuari eginiko bideoa da.

Bi ordu eta erdiko saioaren ondoren, ez zitzaidan besterik otu, Drogasengana hurbildu eta zorionak eta bikain aritu zirela esan nion. Irribarre zabal batekin erantzun zion nire irribarreari.

2010-05-19

Itaka (Askatasuna Institutuko ikasleak_2010-5-15)


Ostegun arratsaldean Burlatatik Segurara egin genuen bidaia azken hilabeteetan prestatuko irratsaioari ahotsa jartzeko. Batxilergoko lehenengo mailako "Testuetan Sakontzen" ikasgaiko zenbait ikaslek irratigintza lantzea erabaki zuten eta egindako lanaren uzta eman (eta jaso) zuten ostegunean: larunbat goizean Segura Irratiak eskaini zuen saioa grabatu zuten.

Irratsaioaren gai nagusia: UMOREA. Gozagai: testuak, errezetak, txisteak, anekdotak, lehiaketa eta Anjel Alkain aktoreari egindako elkarrizketa ederra. Ikasteaz eta ikasitakoa erakusteaz gain, arratsalde gogoangarri bat pasatzeko aukera izan genuen guztiok.

Esatariak: Iker Alfageme, Amaia Barber, Iosune De Goñi, Ander Etxetxikia, Amets Garrues, Saioa Leria eta Sara Muerza.

Laguntzaileak: Ekaitz eta Irati Goikoetxea.

Gozatu irratiaren majia!

2010-05-17

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (XVII)


Gaur ikasle batek ziurtasun osoz esan dit berak arraultza oiloaren aurretik irudikatzen duela. Berehala sortu da eztaibada ikasgelan, beste ikaskide batek (hark ere ziurtasun osoz) ikaskide guztiei zera galdetu dien arte:

- Eta oiloaren tokian ahatea jartzen badugu, orduan zer gertatzen da?

Zalantza aurpegia jarri dute askok, ez lehentasun kontuagatik, ahateek ere arraultzak jartzen dituztela ez zekitelako baizik.

Ikasle batek bihar ahatearen arraultzak ekarriko dituela esan duenean otu zait ondoko problema planteatzea. Ea arraultzarik puskatu gabe ebazteko gai zareten!

Oiloaren eta ahatearen arraultzak

Pello dendariak sei saski ditu, saski batzuetan oiloen arraultzak daude, eta besteetan ahateenak. Saski bakoitzak zenbaki bat dauka kanpoaldean, saskian dagoen arraultza kopurua zehazten duena: 5, 6, 12, 14, 23 eta 29.

Hauxe da Pellok pentsatu duena. Saski hau saltzen badut, oiloen arraultza kopurua ahateen arraultza kopuruaren bikoitza izango da.


Zein da Pellok salduko duen saskia?

Zein zenbakitako saskietan daude oiloen arraultzak? Eta zein zenbakitako saskietan ahateenak?

2010-05-12

PRENTSA ETA MATEMATIKA


Izen-abizenez iristen zaizkigun egunak urteka zenbatzen ditugu. Dagokion egunean ospatu eta salto egiten dugu hurrengo urtera arte. Gaur maiatzaren 12a da, Matematikaren Eskola Eguna; iaz ere blogean txokoa egin genion eta lehenengo mailakoak gogotsu aritu ziren iazko gaiaren inguruan lanean.

Egun honen bueltan urtero gai bat
izaten da aztergai, iazkoa "Matematika eta Hiria" izan zen, aurtengoa "Prentsa eta Matematika". Helburuak asko: gai ezberdinak jorratzen dituzten artikuluetan matematikaren hizkuntza topatu eta ulertzea; matematikari buruzko artikuluak irakurtzea; bilatu, hausnartu eta ikertzea...

Honatx aurtengo erronka: matematikaren hizkuntza erabiltzen duten albisteekin edo matematikari buruzko artikuluekin bilduma eder bat osatzea. Artikulua topatuz gero, irakurri, argazkitxo bat atera, eta denoi laburpen txiki bat kontatu. Matematika gertuago sentituko dugu, eta baita prentsa ere.

Hementxe joango gara lanak zintzilikatzen. Ea matematika eta kazetaritza soka berean estutzen ditugun!

Adibidez... Egin koxk beldurrik gabe argazkiari, hor joango gara eta bilduma osatzen!


2010-05-10

ITAKA (Gabriel Aresti literatur lehiaketa eta Joxantonio Ormazabal gogoan 2010-5-8)



"Eta begiak hizketan hasi zirenean, begirada isildu egin zen..."

Xabier Etxaniz Rojo (Gabriel Aresti ipuin lehiaketako irabazlea) eta biok "manoik mano": futbolaz, pasatako kontuez, Londresen igarotako hogeita hamaika egunez, zain egoteaz, Bilbotik Donostiara egindako bidaiez...

Irati eta Ekaitz eskutik eskura: Juliaz, distantzia laburren urruntasunaz, elkarrizketez, telefono deiez, emozioez, Audrey Hepburn-en lepoaz...

Gabriel Aresti ipuin lehiaketaz aritu ginen larunbateko irratsaioaren lehenengo zatian (eskerrik asko Xabier!). Bigarren zatiari urduri heldu nion, eztarrian sentimenduak korapilatzen direnean emozioek dimentsio handiago hartzen dute... eta arriskutsuak izaten dira irratiko uhinak. Joxantonio Ormazabali omenaldi ttiki bat egin nahi izan genion, Itakan oroitzapen kutxatila bat zabaldu. Gure sentipenak umetan irakurritako liburuei kateatu genizkien, eta urte askoan lankide izan duen Xabier Mendiguren beasaindarrarekin, eta kuadrilakide izan duen Anjel Idigoras zegamarrarekin taupada izoztuak, oroitzapen goxo bihurtzen saiatu ginen. Ekaitzek saioaren bukaeran Joxantoniori kantatutako bertsoarekin uzten zaituztet. Egin koxk!

Patxibusa garraio
Margolin helburu,
gutxi-asko berrogei
sormen lan inguru,
bai, ilunordu batek
urrundu gaitu gu,
baina, orriz orri ta
liburuz liburu,
guk zurekin bizitzen
jarraituko dugu.

2010-05-07

EGIN APUSTU ZURE BURUARI!(XVI)


Oraintxe baso bat ur daukat eskuetan. Tentatuta nago edan, ez edan. Aitorrek esan dit, berak gustura edango lukeela baso bat ardo! Mirenek ekarri egin dio ardoa eta proposamena egin digu: zergatik ez dituzue nahasten biak? Beno, zergatik ez? Burua pittin bat nekatzeko balio badu! Hara Mirenek luzatu digun problema:


Baso bat ur eta baso bat ardo

Baso bat ur eta baso bat ardo ditugu. Ura duen edalontzitik goilarakada bat ur hartu dugu eta ardoa duen edalontzira bota dugu. Goilareari eragin eta nahasketa homogeneo bat lortu dugu. Ondoren goilara berdinarekin nahasketatik goilarakada bat hartu eta ura duen edalontzira bota dugu.

Ura duen basoan egongo da ardo gehiago edo ardoa duen basoan egongo da ur gehiago?


Pentsatu, buruari eragin... eta mozkortu gabe ibili!


2010-05-06

ITAKA (Liburuaren eguna_2010-4-24)


Ametsak, esna edo lotarako? Lo egin bitartean izandako ametsak izugarri maite ditut, esna egindakoak gehiago. Egia bihurtu berri dut azken urteotan lortu ezin izan dudan ametsa: Itaka irratsaioa interneten zintzilikatzea.

Asko dira Segura irratiko estudio txikitik pasa diren lagunak, asko irratiaren beste aldean entzuten egoten direnak, asko "eta internet bidez ezin da entzun?" galdetu izan didatenak. Baliabideak gorabehera orain arte ez naiz halakorik egiteko gai izan, baina, azkenean badirudi lortu dudala Itakako uhinak mundura zabaltzea. Iruñako lagunek, Bizkaiko ezagunek, Ameriketako lehengusuak... eta zuk zeuk larunbat goizetan entzuterik ez baduzu, hemendik aurrera astelehenetan entzungai izango dituzu larunbatetan egindako saioak.

Gaur orain dela bi aste egindako saioa zintzilikatu dizuet, Nazioarteko Liburuen Egunaren jiran egindako irratsaioa. Mahainguruan lagun izan nituenak: Aimar Esnaola zazpi urteko mutikoa eta Jon Esnaola bere aita, Andoni Salamero, Aritz Gorrotxategi, Patxi Ezkiaga eta Rufino Iraola idazleak, Samuel Gonzalez lankide eta laguna, Sara Muerza eta Josu Carte Askatasuna institutuko ikasleak, eta Ekaitz eta Joxe Goikoetxea.

Saio koloretsu eta goxoa osatu genuen. Olerkigintzari, haur literaturari, saiakerari, nobelari... txoko txiki txukunak marraztu genizkien.

Beraz... ongi etorri Itakakoon uhartera. Igerian baldin badakizue lasai egin salto uretara, eta ez baldin badakizue... luzatu eskua, bakarren batek helduko dizue eta!

2010-05-05

JOXANTONIO ORMAZABALI

Aupa Joxantonio,

astelehen goizean sekulako kolpea hartu nuen aitak hil egin zinela esan zidanean. Arrapaladan etorri zitzaizkidan zure irudimenak sortutako pertsonaia eta istorioen irudiak. Izan ere, ume ginela irentsi egiten genituen zuk idatzitako liburuak: Kotti, Margolin, Patxibusa, Esaera zaharrak eta txiste berriak, Maripertxenta, Kittano... Oraindik orain gustuko liburuez galdetzen didatenean Kotti eta Kittano izaten ditut ahotan. Ume batek ikas ditzakeen irakasgairik ederrenak biltzen dituzte zure liburuek. Azkenekoz Antonio Bolasen liburua zela eta aritu nintzen zurekin telefonoz hizketan. Altxor bikaina esku artean utzi diguzuna.

Astelehen arratsaldean institutuko ikasleen plastika-lanen erakusketa aurkeztu genuen Atarrabiako Kultur Etxean. Aurkezpenerako hitz batzuk idatzi behar nituela eta zu izan zintudan gogoan. Margolinen istorioa kontatu nien bertaratu zirenei, koloreak galdu zituen tximeletaren istorio ederra. Eta hauxe zu gogoan idatzi eta errezitatu nuen olerkia:


TXIMELETEN BEGIAK

Ez dakit non dituzten tximeletek begiak,

ez dakit non dituen arteak eskuak.

Soineko luze bat darama gaur haizeak

margo pinportak diruditen tximeletez josia.

Esku bat darama soinekoak zintzilik,

margotzen ari da haizeak utzi duen arrastoa.

Ez dakit non dituzten tximeletek begiak,

ez dakit norenak diren kolorezko malkoak

irri bihurtzen dituzten eskuak.


Lankide batek kontatu zidan orain dela bi aste bere semearen eskolan izan zinela. Ipuingintza jolas bihurtu omen du ordutik, lagunei ipuinak idazten hasi omen da.

Mila esker ume izan ginenon, ume direnen eta ume izango direnen ilusioa irudimen-argi bihurtzeagatik. Muxu potolo bat,

Irati

2010-05-04

Bertso afaria (2010-3-26): grabazioa


Lortu dut! Burugogorrok horixe dugu gure alde: etsitzea kosta egiten zaigula. Martxoaren 26an ikasle, guraso eta irakasleok antolatutako bertso afariko grabazioa zintzilikatu dizuet. Azken hogei minutuak ez dira ongi entzuten baina... bitartekoa gozatu! Klik egin beldurrik gabe eta zapaldu play irudia.

Pili mila-mila esker, burugogor honen akuilu izateagatik!