2010-09-30

HI!


Asteartean ikasturte berria hasi nuen hizkuntza eskolan. Argazkiak aditzera eman dezakeen arren, ez, ez naiz txinera ikasten hasi. Akaso egunen batean... olerkiek estetika, doinu, esentzia ezberdina izango lukete... ez dakit leunagoa ala gogorragoa, ez dakit hotzagoa ala beroagoa... Hizkuntzen doinua dela eta hausnarketan nabil egunotan. Kanariar bat daukagu mintegian, euskara tutik ere ulertzen ez duena. Ulertu ez arren, hizkuntzak entzun egiten ditugu, eta lehengoan zapla! bota zigun Josek, La Palmaseko lankideak. Euzkaraz entzuten gaituenean haserre aritzen garela iruditzen omen zaio. Haserre tonua omen du euskarak. Habláis como si estuvierais enfadados!

Kontuak kontu Confucio filosofo txinarraz hitz egin nahi dizuet gaur. Asteartean ikasturtearen aurkezpenean ingeleseko irakasleak ahotan izan zuen Confuciok esana, eta Unibertsitateko bigarren mailan irakasle batek esan zigun gauza bera errepikatu zigun.

"Kontatu egin zidaten eta ahaztu egin nuen, ikusi eta ulertu egin nuen, egin eta ikasi egin nuen".

Ingelesez idatzi zigun esaldia Carlosek:

"Tell me and I´ll forget; show me and I may remember; involve me and I´ll understand".

Carlosek hizketan jarraitu zuen (auskalo zer gehiago esan ote zuen! Ingelesez zerbait ulertuko badut, bost zentzuak adi izan behar ditut, begiak atera beharrean), pentsamenadua involve aditzean korapilatu baitzitzaidan. Inplikatu; egiten duzun hura zure sentitu, sentitzen duzun hura egin dezakezula sinetsi. Eta egin. Horixe baita ikasi eta aurrera egiteko modu bakarra.

Kasualitatea izango da, baina, irailaren 28 batez jaio zen Confucio.

Ba horixe; INVOLVE! Ea egunen batean ingeleseko testutxoren bat zintzilikatzen ausartzen naizen. Bye!



2010-09-29

ITAKA (Ohitura Zaharren eguna_Ataun_2010-9-25)


Bost zaldunen artean beldurtu? Bost zaldunen artean edonora joan daiteke! Adibidez, Itakatik Atauna, txondorraren kea gidari. Igandean Ohitura Zaharren Eguna ospatu zuten ataundarrek hirugarren urtez. Aurtengo egunari ukitu berezia ikazkintzak eman dio. Bezperan, larunbatean, kontu horiek izan genituen irratian: ikatza, ikazkinak, txondorra... Plazer handia da hizkuntza hain mamitua duten bost lagunekin solasean aritzea. Plazer handia da orainari iraganeko marrazkiak hain ongi marrazten dizkioten bost margolariren koadroei begira egotea. Plazer handia da kontatzeko ilusioari mikrofonoa zabaltzea.

Joxe Bikuña, Inazio Sukia, Miguel Arratibel, Juan Zurutuza eta Manex Aranburu. Mila esker, zuen esperientzia entzuleon eskura liburu ireki bihurtzeagatik. Niretzat plazer handia izan zen bertatik bertara zuen aldamenean egotea.

Egin koxk beldurrik gabe!

Saioa jaitsi nahi duenarentzat: http://blip.tv/file/get/Irati-aaa652.mp3




2010-09-27

BEHIAK GURUZBIDEAN ZALANTZA EGIN ZUENEKOA..


HITZA: ITTULARI


Ittulan (itzulan, behitzulan) egiten duena. Bidea zabaltzen duena; behiari (edo idiari) bizkarra (edo ipurdia) ematen diona. Pausoa arrasto bihurtzen duena. Imajinatu... ittularia, bi behi uztarrian lotuta, behiak goldeari tiraka eta atzean baserritarra.

Izugarri gustatzen zait garai bateko kontuak entzuten egotea, ikusi gabekoen marrazkia nire erara irudikatzea.

Ez dakit ittulari ona izango nintzatekeen... ez dakit arrastoa zuzen egiten asmatuko ote nukeen...



Aforismoa: "Zein da ateo baten guruzbidea?"


Bekatuetan sinesten ez duenak bekaturik egiten al du?

Guruzbidea: gurutzez beteriko bidea.

Guruzbidea: aukera bat baino gehiago eskaintzen dituen bidea. (Bidegurutzea)

Ateoa ez denak, erlijio bati itsu lotuta bizi denak, guruzbiderik badu?

Nik aukeren aniztasunean sinesten dut... bidegurutzeetan.

2010-09-24

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (II)



Adibidez, bururatzen zaizkigun ideiei ihes egiten ez uzteko. Edo haizearen bihurrikeriak ile artean ez korapilatzeko.

Adibidez, untxiek ere magia egin dezaketela sinestarazteko. Edo problema batek sor dezakeen buruhaustea estaltzeko.


KAPELA BURUAN ETA...

Mahai baten gainean hiru kapela beltz eta bi zuri daude. Ilaran jarri diren hiru gizonek zoriz kapela bat hartu dute, jantzi duten kapelaren kolorea ikusi gabe.

Ilaran hirugarren tokian dagoen gizonari ea bere kapelaren kolorea zein den asma dezakeen galdetu diote. (Gizon honek aurreko bien kapelak ikus ditzake). Ezetz erantzun du, ezin duela jakin.

Bigarren tokian dagoenari ere ea bere kapelaren kolorea zein den asma dezakeen galdetu diote. (Lehenengoaren kapela bakarrik ikusten du). Bigarrenak ere ezetz erantzun du, ezin duela jakin.

Azkenik, ilaran lehenengoa dagoenak (kapela bakar bat ere ikusten ez duenak), asmatu egin du jantzita duen kapelaren kolorea.

Zein da ilaran lehenengo tokian dagoen gizonak jantzita daraman kapelaren kolorea? Eta zein da ondorio horretara iristeko erabili duen arrazoiketa?

2010-09-23

GALDERAK


Galderak. Gald-erak. Galtzeko erak. Galtzeko moduak. Hori autobus-bidaia korapilatsu baten ondoren etxera oinez nindoala bururatu zitzaidan. Autobus-bidaien korapiloa askatzeko modurik onena horixe delako: oinez ibiltzea.

Galduta dagoenak galdetu egiten du, eta galdetzen duenak galduta dagoen itxura ematen du.

Hartu beharreko autobusak: bi. Ezagutu beharreko kaleak: zortzi. Egin beharreko galderak: sei; hartu behar nuen lehenengo autobuseko gidariari (badaezpada ere), autobusean zihoan etorkinari, kalean lanera bidean zihoan emakumeari, bigarren autobus geralekuan (nahastu egin nintzen) egunkaria irakurtzen ari zen gazteari, parean gelditu zitzaidan autobuseko gidariari (ez zen nik hartu beharrekoa), nire galderak ustekabean harrapatu zuen emakumeari (elkarri irribarreak lapurtu genizkion) eta nire zalantza guztiekin zalantzak sortu nizkion mutilari.

Autobusez. Herenegun egin nuen lehenengo aldiz Txantreatik Zizurrerako bidea. Galderak egiten ikasteko ezinbestekoa: galtzen jakitea.

2010-09-21

ASKATASUNAREN AHOTSA


Aurpegian nabari zaio izan nahi zuen guztia. Izatera iritsi dena. Libertatearen irudi; askatasunaren ahots. Luis Alegre kazetari eta idazleari irakurri diot Jose Antonio no se acababa nunca... Bere baitan pertsona asko sartzen ziren, poeta, nobelagilea, kazetaria, irakaslea, kultur ekintzaile eta politikaria, telebista aurkezlea, diputatua, esanahi handiko kanta ederren egilea... Baina, batez ere, sentimenduz betetako gizona zen Labordeta, guztiok oso gertuko sentitu duguna.

Victor Manueli irakurri diot... sekula ez zuela aldamenekoarengatik gaizki esaka entzun, entzuten zekien jakintsua zela, ez dakien hura ikasteko prest dagoena; gizon askea zela, ez zuela ezeri muzin egiteko beharrik sentitzen ingurukoen begirunea lortzeko. De mayor quiero ser como tú, querido José Antonio idatzi dio Victor Manuelek.

Nik bizkarrean motxila zenuela ezagutu zintudan. Harri ertzetan ezkutatutako zahar usaina nolakoa den erakutsi zenidan; zer den, eseri eta patxadan solasaldi lasai batez gozatzea. Eta orain askatasunari kantari entzuten zaitut, eta handitzen ari naizen honetan niri ere zuk utzitako arrastotik ikastea gustatutko litzaidake. Besarkada potolo bat...





2010-09-20

... eta otsoek ulu egiten dutenean...


HITZA: ILBETE

Bazen behin ilargi neskatila bat amari soineko bat nahi zuela esan ziona. Amak jostunarengana eraman zuen eta jostunak neurriak hartu zizkion. Itzuli zaitez egun batzuk barru... eta ilargia itzuli zen jostunarengana, lehenengo aldian baino beteago, lehenengo aldian baino ederrago... Soinekoa janzten hasi zen eta...

Istorioak dio otsoek ulu egiten duten gauetan ilargi neskatilaren negar hotsak entzuten direla. Han, urrutian... Soinekoa ezin jantzi eta biluzik gelditu zelako...

Istorioak dio, hotza egiten duen gauetan otsoak bere ile artean biltzen duela ilargia...




AFORISMOA: "Zer sabeleratu ez duena beti tripa jaten. "


Zuloa ere gehiago zula daitekeelako beti. Gosea; hots kirrinkaria... ez dakit, sabelak edo buruak egiten duena.

2010-09-17

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (I)



Aitzakiak. Bila ibili eta beti aurkitzen direnak. Txokorik ezkutuenean gordeta daudenak ere erraz topatzen dira. Oharkabean aitzakiek justifikatzen dituzte gure pauso eta erabakiak.

Landerri ez zitzaion institutura joatea gustatzen. Eta berak ere asmatu zuen bere aitzakia...


INSTITUTURA JOATEKO DENBORARIK GABE

"Ez daukat institutura joateko denborarik!" esaten zien Landerrek gurasoei. "Egunero zortzi orduz lo egiten dut; batuz gero 122 egun dira urtean, egun bakoitzak 24 ordu dituela kontuan izanda. Larunbatetan eta igandeetan ez dago klaserik, urtean 104 egun. Oporretako 60 egun ditugu (dezente gehiago ere badira...). Egunero hiru ordu behar ditut otorduak egiteko... 45 egun baino gehiago urtean. Eta atseden hartzeko, aisialdirako, kirola egiteko, bi ordu behar ditut egunero... baturak urtean 30 egun ematen ditu".

Hitz egiten zuen bitartean, Landerrek zerrenda idatzi zuen eta egun guztiak batu zituen.

  • Loaldia (8 ordu egunero) 122
  • Larunbatak eta igandeak 104
  • Udako oporrak 60
  • Otorduak (egunean 3 ordu) 45
  • Aisialdia (egunero 2 ordu) 30
GUZTIRA 361 egun

"Ikusten duzue" jarraitu zuen Landerrek. "Horren arabera, lau egun bakarrik gelditzen zaizkit, gaixorik ohean gelditzeko behar ditudanak. Eta gainera ez ditut kontuan hartu herriko festetan izaten ditugun bi jai egunak"

Gurasoak harrituta gelditu ziren semearen azalpenarekin. Nonbait akatsen bat egon behar zuen! Baina, asko saiatu ziren arren ez zuten asmatu akatsa non egon zitekeen.

Lagunduko al diezu Landerren gurasoei?


2010-09-15

ZIZUR


Zirkunferentzian hasierak eta bukaerak bat egiten dute. Heráclito-k esan zuen hori. "Bai, noski!" pentsatuko du bakarren batek bat-batean. Baina, esaldi horrek bost-hamar minutuko hausnarketa merezi du. Edo eztabaida txiki bat aldamenean duzunarekin.

Gaur hasi dut ikasturtea Zizurko institutuan. Gaur hasi dut ikasturtea ikasle berriekin. Ikasleak... zoragarriak! Eta bizitzaren paradoxak! Edo bizitzaren zikloak! Edo bizitzaren zirkunferentziak! Hasierek eta bukaerek bat egiten dutela... edo ez! Akaso tarteko puntuak dira bizitza ziklo txikiz marrazten dutenak.

Saskibaloian federatu gisa hasi nintzenean Zizurren jolastu nuen lehenengo partidua. Lagunarteko partidu bat. Ez dakit galdu edo irabazi egin genuen... ordutik ez naiz itzuli Zizurra; aurretik ere sekula izan gabea nintzen. Baina, Zizurrekiko lotura oroitzapenak gorde izan dit txokoren batean. Eta orain hementxe nago. Bizitzako bi puntu elkartu zaizkit toki berean.

Argazkia gau eroetan egiten diren erokeria baten ondorio da. Erreniega gainetik Iruñari ateratako argazkia da. Zizur hor nonbait koka dezakezue, argi multzoko lehenengo argien artean.

Ikasturte on denoi!

2010-09-14

ITAKA (udako azken mendi buelta irratian 2010-9-11)



Gorbea, Izaspi eta Samiñoko kontuak. Irratsaioko mendi-zikloari amaiera emateko saioa (egin koxk). Eta berezia, saio bakoitza berezia den neurrian, azken hau ere berezia izan da. Bermeoko Miren Aizpuru eta Beasaingo Joxan Imaz izan ziren protagonistak. Eta Xabi Larrañaga, eta Mikel Zabalza, eta Mario Unamuno, eta Donostiako Mari Jose.

Udan egin ditudan lagun berriak. Mendi gainetako postontzietan utzitako bertso eta mezuei erantzun dieten lagunak. Zirraragarria da ezagutzen ez duzun norbaiten mezua jasotzea, zure eta bere artean lotura-hari bat sortzea. Gaur bertan jaso dut azkena, Beñat Etxanizek bidali dit, Samiño gainean utzitako mezuari sorgin usaina hartu dio eta Zugarramurdiko argazki eder bat bidali dit. Ederra!

Izaspi gainean utzitako bertsoa, irailaren lauean utzi eta hurrengo egunean itzuli nintzenean falta zena. Hor nonbait ibiliko da, bakarren baten poltsikoan:


Izaspi zure tontor gainetik
kantatu nahi dizut zuri,
bistak bihurtu zaizkidalako
koadro beteko irudi,
sorginkeria, laino-majia,
tontorrak ezker-eskubi,
lau haizetara buelta osoan
mendiak dantzan urduri,
mendi-sorginez osatutako
akelarrea dirudi.



Irratsaioa jaitsi nahi dutenentzat: http://blip.tv/file/get/Irati-GorbeaIzaspi275.mp3

2010-09-13

IKUSI MAKUSI... ZER IKUSI?


HITZA: ARAITZ

(h)ara, (h)itza! Argazkiak tira egiten diolako irudimenari. Badirudi Araitz bailarari (Nafarroa) begira edozer idatz daitekeela. Eta idazten duzun hori idatz daitekeen gauzarik ederrena dela gainera!

(h)har (h)aitz(a) . Harkaitzak tira egiten diolako eskuari, hartzeko agintzen. Esku ahurra dirudi bailarak; eta eskuko hatzek gora egiten dute, harkaitzetan gora, belazeetan gora.




AFORISMOA: "Ezkutaleku bikaina aurkitu zuen. Begiak itxi zituen. "

Gogoan dut ezkutaketan jolasten ginenean denon bistan ezkutatzen zen lagun hura. Begiak ixten zituen mukizapiarekin. Bost urte zituen. Eta beldurra edozeri.

Bere burua iluntasunean ezkutatu, eta besteok ikusten ez genuela sinesten zuen.


2010-09-09

HILTZEA...


Ama, bost urteko alaba eta bederatzi urteko semea. Afalorduan mahaiaren bueltan. Eta ni begira... eta entzuten...

IRATI - Saioa, zein ordutan sartzen zarete eskolan? Bederatzietan?
SAIOA-ALABA - ...
IRATXE-AMA - Saioak oraindik ez dakizki orduen kontuak. Ordularirik gabe bizi da.
IRATIK BERE BAITAN - Denbora orratz artean zatikatu gabe...
MIKEL-SEMEA - Saioak ez ditu oraindik ordulariak ulertzen.
...
MIKEL-SEMEA - Hiltzea zer den ere ez du ulertzen.
IRATXE-AMA - Eta zuk bai Mikel? Ulertzen duzu zer den hiltzea?
MIKEL-SEMEA - Ez aunitz...

Eta ni begira... eta entzuten... hiru egun daramatzat pentsatzen, heriotzaz hitz egingo didan irakasleren baten esperoan... nik ere Saioaren antzera, ez gutxi eta ez aunitz, ez baitut oraindik heriotza ulertzen.

2010-09-07

BIZITZEA...


Abuztuaren 25ean La Pedrajan izan nintzen. Villafranca Montes de Ocan. Burgosen. Laguntzen. Gerra Zibilean erail eta hobiratu zituztenen gorpuak berreskuratzeko lanetan. Santiago bidea aldamenean duen baso ertz batean topatu dituzte 80 gorputik gora. Ikuskizuna zirraragarria. Argazkia hunkigarria. Istorioa beldurgarria. Historia mingarria. Azazkal artean kateatutako lurrak oraindik punpa egiten dit hatz punten arnasaldian; bihotz-taupadak eskuetan kateatu zaizkidala iruditzen zait, eta orain nirekin daramadala lurpeak itsutu zituenen bizi-nahia.

Bizitzaren seme-alabak zirelako haiek ere, bizitzaren guraso. Bizitzari begiak irentsi eta oparitu nahi zizkioten gizon-emakumeak. Hezurrak ez dira oso egoera onean topatu; asko dira, ordea, aurkitutako objektuak, bizitzaren esentziarik ederrena marraztu duten koadroaren irudi bizi bihurtu zaizkit. Giltza sorta bat... asko dira zabaltzeko zituzten ateak... diru-zorro bat, txanpon eta guzti... artean asko zuten erosteko, saltzeko... zapatak... zenbat bide oraindik egiteke... jantziak... gorpu biluzien lotsa estaltzeko... betaurrekoak... bizitzaren ederra miretsi nahi zutelako... eraztunak... maitasunaren zigilu isil... ile-urkila bat ere bai... ilea haize askearen sarera lotzeko...

Bizirik zeuden eta bizitzea zuten amets eta ilusio. Azazkal artean kateatutako lurrak oraindik punpa egiten dit hatz punten arnasaldian; bihotz-taupadak eskuetan kateatu zaizkidala iruditzen zait, eta orain nirekin daramadala lurpeak itsutu zituenen bizi-nahia.

Mila esker Koldo Pla, Paco Etxeberria, Lurdes Errasti eta memoriaren historiari istorioak idazten dizkioten lagun guztiei.



2010-09-06

ELUR ARTEAN GOZO


Hitza: ELURDI

Elurra pilatzen den tokia; elur maluta bat, elur maluta bi, hiru elur maluta... elurdia sortzen da. Pago batek, bi pagok, hiru pagok... pagadia osatzen duten bezalaxe.

Nik iturburu bat aukeratu dut elur-toki; zuri, heze, busti. Elurrak ere irrist egiten du ur ertzean. Eta freskoa da, emankorra, argia... elurra diot, edo ura, edo ingurua... ez dakit. Elurdi... zoragarria iruditzen zait.



AFORISMOA: Txokolatea jan eta ez zituen hortzak garbitzen. Irribarre gozoa zuen inondik ere.

... eta oraintxe pentsatzen jarrita... ez dakit... txokolate beltza jaten dutenek... umore beltza dute? Txokolate zuria aukeratzen dutenek... zer diozue umore zuriaz? Eta esnezko umoreaz?

Ni beltzarekin gelditzen naiz. Txokolatearekin. Umore beltza ez dut oso ongi ulertzen. Uste dut ez nuela umoreari barre egiten ikasi. Xehe-xehe eginda dagoen umorearekin gelditzen naiz. Esnezkoarekin?

2010-09-02

ASMOAK ERRONKA


Asmoak erronka bihurtzen direnean sormenak bere bidea egiten du. Bideak xenda behar du. Xenda eta argia. Asmoa hasiera izan daiteke, eta erronka bukaeraren arrastoa.


Ikasturte berriarekin batera, honatx asmo berria: astero-astero blogari hitz bat eta aforismo bat zintzilikatzea.

Ikasturte berriarekin batera, honatx erronka berria: astero-astero blogari hitz bat eta aforismo bat zintzilikatzea.

Korapiloa begi bistakoa da; ezberdintasuna ere bai. Ni saiatuko naiz asmoari erronka lotzen. Eta zuei tira egiten, gustura jasoko baititut hitz horiek edo aforismo horiek zuengan sor ditzaketen gogoeten (sentipenen) iruzkinak (ezkerreko aldean egongo dira biak aste osoan zehar, gainean koxk egin beldurrik gabe).


Hitza: XENDA

Askotan garbi antzematen ez den arren, badoana; eramaten zaituena.

Bat aukeratzekotan... Legunbe gainetik (Urbasa) Legaireko zelaietara doana.



AFORISMOA: Ipurtargia beti ipurdi bistan

Argazkiari begiratu orduko nora joan zaizkizu begiak?

Txikitan ipurtargiak zenbatzen igarotzen genituen gaueko lehen orduak. Ilargi beteko gauetan beti zenbatzen genuen ipurdi bat gehiago. Eta ez ginen konturatzen aldamenekoak gureari begira egoten zirela.

2010-09-01

MURUA-GORBEA (1481 m)





















Ongi pentsatuta eta ongi prestatuta egiten diren planak, eta ezustean etortzen direnak. Biak ditut maite. Poltsikoan pisua eramatea gozoa izaten da, poltsikoan zulo txikia eramatea gozoa izaten den bezalaxe. Zulo txikiek ere izaten baitute beren "enkantua". Gorbeakoa horrelaxe etorri zen igandean, bat-batean, eskua poltsikora eraman eta ordura arte ez, eta bat-batean zuloa sumatzen den antzera.

Euskal Herriko mendi artean
altxatzen den "señorea",
begi aurrean gozagai eder
naturaren kolorea,
alderik alde ote horia
eta txirbila morea,
Muruan gora azaldu zaigu
gerri zabal, dotorea,
beso artean besarkatzeko
aproposa da Gorbea.



Mendi buelta baten ondorengo gozokia... askoz gehiago esan beharrik ez dago... argazkiak guztia esaten du. Landan ateratako argazkia da, atzean Zuhatza eta Ulibarri-Ganbo.

IRUBELAKASKO (967 m) - IPARLA (1044 m)





















Zelai artean gelditu dira
Erratzu eta Bozate,
Osondon gora bihurguneak
utzi ditugu aparte,
Irubelako harri kaskoek
maitemindurik gauzkate,
garo artean ezkutaleku
Aritzakun, Urritzate,
tontor honetan zabaltzen dira
paradisuko bi ate.

Bati baino gehiagori entzun izan diot, Irubelakasko dela inguruotako mendirik ederrena. Ederra da Baztan, ederrak ditu Baztanek Aritzakun eta Urritzate bailara-zokoak eta ederrak ditu mendiak. Ederra da Irubelakasko. Eta edertasunak zer esan nahi duen... ederra da, adibidez... ezberdina dena... ederra da, adibidez... begien ur-putzuan olatuak sortzen dituena... ederra da, adibidez... gaueko loari ametsak marrazten dizkiona... ederra da, adibidez...

Bi egun egin nituen lehengo astean Baztanen. Irubelakaskora joan nintzen ostegun goizean, Urdazubi eta Zugarramurdi (eskuineko argazkian) bisitatu nituen arratsaldean. Sorginen lurraldea hura ere. Ezagutzen ez duzuenontzat: baso-bide zoragarria dago bi herrien artean, zaldi urdinen arrastoan trazatua.

Eta ostiralerako utzi genuen Bidarraitik (ezkerreko argazkia) Iparlarako mendi buelta. Lainoak irentsi zizkigun zalantzak, duda egin genuen... damuak harrapatu aurretik heldu genion, ordea, tontorrari. Zoragarria hau ere. Ederra; ezberdina delako, begien ur-putzuan olatuak...

Behenafarroko txoko
zabalak gozagai,
nahiz behelainoarekin
ez ibili lasai,
tontorrera helduta
sentitu naiz alai,
ederra da Iparla,
ederra Bidarrai,
berriz itzuliko naiz
ta egon nire zai.

GANBO (1412 m)-GANBO TXIKI (1382 m)-ARRUBI (1325 m)-TXINDOKI (1346 m)


Zubi bat Aizkorritik Aralarra. Horixe da behin kazetari bati esan niona; zubi bat egingo nukeela Aizkorritik Aralarra. Aizkorrin abuztuaren hamaikan izan nintzen; Aralarren abuztuaren hogeian. Aurpegiei begiratzeaz gain, bihotzak sentitzea gustatzen zait niri. Horregatik Txindoki muxukatzeko gogoa sentitzen dudan aldiro, Ganbo laztantzera ere joaten naiz. Ganbo delako Txindoki aurpegitzat duen Aralarren bihotza. Hala sentitzen dut nik.

Ganbori:

Hanka azpian xenda gozoa
begi miran mendi gaina,
Ganbo Txikitik zureganaino
hurbildu naiz alajaina!
Aralarreko bihotza zara,
nekearen poz ordaina,
lau haizetara eskaintzen duzu
begiraleku bikaina,
inguruotan Txindokik duen
sonarik ez duzu baina,
nik ezagutu zintudanetik
maite zaitut bera aina.

Txindokiri:

Goierriko ikono
eta irudia,
aspaldiltxo lapurtu
zenidan begia,
nahiz ta zorrotz-zorrotza
duzun aurpegia,
nahiz zurrupatzen duzun
gure izerdia,
bihotzeraino heltzen
da zure argia.



Eta... mendia hori ere badelako... behien artean eseri eta lasai egotea. Behorren artean etzan eta lasai egotea.


ARRAZOLA-ANBOTO (1330 m)

Arrastoak. Gorputzean tatuatzen zaizkigunak. Nahi gabe esango nuke nik. Hiru ditut eskuineko belaunean. Bat borobil-borobila; zaharrena, nirekin urte gehien daramatzana. Lau urte izango nituen? Bost? Auskalo... ordurako oinez banenbilen, korrika ere bai, hala moduz, baina korrika. Umeak korrika egin behar omen du... noraino? Auskalo! Inora iritsi aurretik muturrez aurrera erortzen da umea. Eta ni ere harri artean erori nintzen. Negarra gero etorri zen. Eta gurasoen errieta ere bai. Ez dut sekula ulertuko, min hartu duen umeari gurasoek zergatik egiten ote dioten errieta. Bigarren arrastoa adar ttiki bat da, zurtoina jaio eta lorerik jaiotzen ez zaion landarea. Ahaztuak ditut bere nondik norakoak. Eta hirugarrena... Mari sorginaren gaixtakeria (Marirenak gaixtakeriak izaten dira, gainerakoenak gaiztakeriak). Abuztuaren hamazazpian Anbotoko tontorra metro gutxira nuela erori nintzen. Eta bete-betean jo nuen belaunarekin harkaitza, edo ez dakit harkaitza bera ez ote zen izan belauna bete-betean jo zidana (zenbat gustatzen zaigun errua besteei leporatzea!). Konturatzerako lurrean nintzen... hortzak puskatu ez nituenean... Handik gora Marik berak eraman ninduen tontorreraino.

Pol-Pol, Andasto ta Bertikala
bideak mila aukeran,
bertikalari heldu diogu
korrikalarien eran,
izerdiaz gain odola ere
Anbotok egin dit edan,
erratz gainean edo bestela
Marin suzko bolan hegan,
ea hurrengoan laguntza pixkat
bidean izaten dedan!


Anbotok bi bertso merezi zituela eta bigarrenarekin ere ausartu nintzen. Mariri idatzi nahi izan nion; Mari delako etxeko leihotik askotan ikusten dudan suzko argia, Mari delako larunbatero irratiko estudioan teklatxoen mahaian izaten dudan laguna, Mari delako antzerkietako irrintzien eztarria, Mari delako...


Murumenditik, Txindokitik ta
baita ere Anbototik,
ai Mari! zure irrintzi-festa
entzuten da edonondik,
sasi guztien gainetik eta
laino guztien azpitik,
mendi tontorren magia oinez
gozatzen uzteagatik,
zure arrasto ikusezina
bihotzean daramat nik.


Bai, hor nonbait dago Marik Anbotok duen koba. Saiatuz gero, itzala antzemateko moduan zarete! Kondairak dio Mariren ile arrastoak argazkian topatzen dituenak gau batez Marirekin amets egiteko saria lortzen duela.


TOLOÑO (1271 m)





















Abuztuaren hamarrean izan ginen Toloñon. Arabar Errioxako Labastidatik gora igotzen da mendi eder honetara. Bide erraza du Toloñok eta mendi gaina zoragarria. Hamalau bat urte tartean. Umetako oroitzapenak mila, hamaika bat urterekin igo bainintzen lehenengo aldiz Toloñora. Ederra da mendi bidean oroitzapenen arrastoa margotzen joatea.

Labastidatik gora ez duzu
pausoa luzatu baino,

inguruetan ez dago mendi
ederragorik zu baino,

garai batean udan etortzen

ginen Laguardiaraino,
eta gaur ere oroitzapenek
ekarri naute honaino,

biak batera gozatu ditut
haurtzaroa ta Toloño.