2011-05-31

GORRITASUN TXIRIKORDATUAK


HITZA: TXIRIKORDA


Haurtzaindegian Loinaz zaintzaileak jartzen zizkidan zaldiak ilean saltoka, mototsa zenbat eta altuago zaldiek orduan eta salto handiagoak egiten zituztela sinesten nuen nik. Beti gustatu izan zait zaldiak saltoka (ia hegan) ikustea, horregatik (tiradizoei mutu) ile artean lasai uzten nituen Loinazen eskuak jolasean.

Amak txirikordak egiten zizkidan, au! eta au! artean. Baina, ezin esan gabe utzi ile korapilo haien erdian artelan politak egiten zizkidala. Zorri txikientzako labirinto ederrak!


Orain nahigabe txirikordatzen zait ilea, ez dut umetan amak gauero-gauro orrazten ninduenean izaten zuen pazientziarik.

Lehen zaldiak eta orain zaldien oroitzapenak, lehen artelanak eta orain artelan haien oroitzapenak txirikordatzen zaizkit ile artean.

Aspaldian bizitza nire baitan nola txirikordatu asmatu nahian nabil, eta gehienetan ahaztu egiten zait bizitza bera dela bere baitan txirikordatzen nauena.







AFORISMOA: "Masail gorrituak lotsaren izerdi tantek bustitako putzuak dira"


Ez dakit masailak gorritzen zaizkigunoi begira daudenek zer pentsatzen ote duten. Ez dakit gure putzuan inork igeri egiten asmatzen ote duen.

Ez dakit, esango nuke lotsa flotagailu bihurtzen dugula masailak gorritzen zaizkigunok.

Ez dakit sendagileren batek masail gorrituentzako sendagairik asmatuko ote duen. Ez dakit masail gorrituentzako sendagairik nahiko nukeen ere.

Masailak gorritzen zaizkigunok (zaizkidan honek) ispiluak eramaten ditugu aurpegian.


2011-05-26

BEJONDEIZUELA!



Entsaio eta emanaldian
pozik hartu dugu parte,
musika, dantza ta poesia
zenbat dohai, zenbat arte!
Farolapeko argi ttikia
zorionerako ate,
etorkizunak aurrera bide
luzea izan dezake...
bejondeizuela neska-mutilak,
zoragarriak zerate!



Txaro eta Iratik ZIZUR BHI-ko Batxilergoko lehenengo mailako ikasle guztiei eta Lur eta Andreari... zorionak! Mundialak zarete! Zuen barne-ahotsari oihu eginarazten asmatu duzue!

Literatura, euskara, deklamazioa, dramatizazioa, gorputz-espresioa, ahots-jokoak, harremanen gertutasuna, adiskidetasuna, ilusioa, parte-hartzea... pentsa zenbat ikasgai berri landu ditugun, eta denok hamarrekoa lortu duzue! Zorionak!

2011-05-24

ITAKA (Sormen elkartrukeak_2011-5-21)



"Munduari bira emateko gogoa da ezinbesteko osagai. Munduari bira eman diezaiokegula sinesteko nahikoa da ilusioari argi egiten uztea. Farolapeko argi ttiki batekin mundua mugitzen hasi ginen, artean argia guk mugiarazten genuela ez genekienean. Eta orain ia hegan garamatza argiak eta mundua gure baitan sentitzen hasi gara, munduari hitz egiten ausartu gerenean. Ostegunean munduari bira eman genion Burlatako Kultur Etxean, bihar munduak emango digu bira argipean. Eta gu ausartu egingo gara, munduari begiratzen.

Sormen elkartrukeak jarri diogu proiektuari izena. Helburua, sortzea eta elkartrukatzea (ematea eta hartzea, ikustea eta sentitzea, elkarrekin eta elkarrentzako). Helburua, gozatzea. Irakasle, ikasle eta gurasoen arteko harremanak estutzea, euskararekin jolas egitea, barruan daramatzagun artista ttikiei oihu egiten uztea... Bihar eguerdiko hamabiak eta laurdenetan eta arratsaldeko zazpietan Zizurko Kultur Etxean elkartuko gara. Etorri nahi izanez gero... beso zabalik egingo dizugu ongi etorria."




Sormen elkartrukeez aritu ginen hizketan larunbateko Itaka saioan Amaia Navarro, Edurne Ipiña eta Gorka Eguinoarekin. Zizurko Institutuko ikasleak dira hirurak eta biharko saioan errezitatuko dituzten olerkiak irakurtzeaz gain, proiektuaren asmo eta helburuez ere hitz egin ziguten.

Literaturarekin batera mendiari ere tartetxo bat eskaini genion. Jesus Mari Garraldarekin "Iñaki Beitia XV.mendi-martxaren" balorazio egin genuen. Eta... Karlos Artolarekin Otsabio gainetik bertsotan aritu nintzen. Karlos mendi-jolasak tarteko ezustean lagun egin dudan donostiarra da, Altzoko Otsabio gainean utzi nuen bertso-puntuari gogotsu erantzun ziona (muxu potolo bat emazteari eta Imanol semeari, harreman kate honen estuleku izateagatik).

Eta astero bezala Patxi Ezkiaga eta Joxe Goikoetxea ere aldamenean izan genituen Ekaitz eta biok... eta... Rufino Iraolak Unamunori begira jarri gintuen ezkaratzean... eta... Gorka Azkaratek Aingeru Epaltzaren Ur uherrak liburua aurkeztu zigun.

Bukatzeko aldrebeskeriez aritu zitzaigun Ekaitz Anje Duhalderen Aldrebeskeria kantua aitzakiatzat hartuta.

Eta hauxe larunbateko Itakak eman zuena... guk izugarri gozatu genuen! Saioa entzun nahi izanez gero, egin koxk! eta jaitsi eta gorde nahiko bazenu...

2011-05-23

ESERI, GERO SALTO EGITEKO



HITZA:
TRANPAL

Gaur ausartu egingo naiz; beste behin. Ausartuko ez banintz, lerrook tinta zuriz idatziko nituzkeelako beti. Ausartu, Interneteko hiztegietan ezer garbirik aurkitu ez arren, baserriak dioenari entzuten ausartuko naiz gaur. Larunbatean baserritik bueltan hitza poltsikoratu eta gaur arte salto txikika izan dut. Tranpala.

Tranpala; ganbararen eta ukuiluaren arteko zuloa, garai batean ganbaratik behera ukuilura belarrak botatzeko erabiltzen zena.

Eta ausartzean gertatzen dena... gaztelaniazko itzulpena bilatzen hasi eta hirugarren adieran zer topatuko eta..."escaño". Tranpal -> escaño -> eserleku... Hauteskunde biharamunerako pare-parean erori zaidan hitza. Erori tranpalean behera eta eseri. Salto egin eta eseri. Edo eseri gero salto egiteko. Tranpal, zulo, salto, eserleku... hitzari nonahitik helduta ere pentsamendua Madrilen kateatzen zait hauteskunde biharamunean "Puerta del Sol" plazan. Nik ere eseri eta salto egin nahi dudalako... tranpalean behera, adibidez.




AFORISMOA:
"Politikariek eserlekua irabazten dute eta mugimendua galdu"

... eta nik ez dut bulegoetan sinesten...

... ez dut sarrailaz ixten diren ateetan sinesten...

... ez dut ahoskatu eta entzuten ez diren hitzetan sinesten...

... eskubideen berdintasuna, solidaritatea, aurrerapena, kultura sortzailea, iraunkortasun ekologikoa eta pertsonen garapena, ongizatea, zoriontasuna... zergatik eta zertarako mugitu. Benetako demokraziak ibili egin nahi duelako...

2011-05-19

FAROLAREN ARGITAN




Mundua argi ttiki bat da. Itzal dantzari baten garrasia.

Mundua itsasargi baten keinu urduria da, begiak zabaldu eta begiak ixten dituena.

Mundua kandela baten izerdi irristakorra da, berotasunaren dardara, sugarren txinparta mutua.

Mundua argi ttiki baten taupada isila da, neskatila maiteminduaren azken olerki kanta, ezkutuko bideen bila dabilen mutikoaren nora eza.

Mundua itsasargi baten ihesbidea da, begirada baten mina, denboraren irrintzia, korrikaldi baten helmuga lausoa.

Mundua hemen hasten da; munduak hemen du akabera. Poesiak ez gaitzala biluzik harrapa, hemen, farolaren argitan.

Farolaren argitan munduari bira ematen ikasi genuelako guk biluztea erabaki genuen. Poesiak jantziko gintuela sinetsi genuen.



(Astebeteko bidaiaren lehenengo gozokia...)

2011-05-18

ITAKA (Ur Apalategi_2011-5-14)






Liburuek ere ikasi egin behar izaten dute. Adibidez, igeri egiten. Neskato bat ikusi nuen behin igerileku batean, urpean, eserita liburu bat irakurtzen. Udaberria zen, udako egun zoroen itzalean biluzten diren udaberriko goiz zoro bat hura ere. Eta ni ere urpean, zoro-zoro, eskuetan liburu bat zuen neskatoari begira. Eta ni ere urpean, zoro-zoro, ia itoan,

Liburuek ere ikasi egin behar izaten dute. Adibidez, itotzen. Horregatik existitzen dira udaberriko goiz zoroetan urpean irakurtzen egoten diren neskatoak. Igerilekua eleberri bihurtzen da horrelakoetan, irudimenari ahoa zabaltzen dioten arrainen istorio-leku.

Liburuek ere ikasi egin behar izaten dute. Adibidez, urpetik ateratzeko tentazioari eusten. Izterrak dira liburuen flotagailuak. Fikzioa da itotzear diren liburuen arnas-bide bakarra.


Ur Apalategi -> Gauak guraizez moztu eta hirietan itsasten dituen idazlea, gure gauzak, bereak eta besteonak, sekretupetik askatzen dituen editorea, galtza motzak jantzi eta fikzioaren izterrak erakutsiz ikasleak seduzitzen dituen irakaslea, erdi-guneen bila dabilen poeta eta belaunaldi literarioak auzitan jarri dituen ikertzailea. Paris, Segura Donibane-Garazi, larunbat goizean igerian Ur Apalategirekin batera egin genuen bidea.


"Honaino iritsi zaren hori... jakin ezazu honaino iritsi baldin bazara, hau da, nire izterra ikustera, ba... desiratua zarela. " Larunbatean Ur-ek bere izterrean tatuatu zuen esaldia.

"Heriotza irudikatzen dut... lanaren bukaera bezala, opor handiak, handi-handiak" To, Itakako uhartean Ur-ek utzi zuen perletako bat; solasaldi dirdiratsu batean harribitxi bat gehiago.


Ur Apalategiz gain, bisitan izan genituen Patxi Ezkiaga eta "Ama" -ri eginiko olerki eder bat, Joxe Goikoetxea uharkan igerian aritu zitzaigun, Manex Aranburuk paisaiarekin puzzleak egin zizkigun, Aimar Maizek "Lehengo Aztiri" liburua aurkeztu zigun eta Leire Alonsorekin Sormen Elkartrukeak proiektuaz aritu ginen hizketan. Azken dantza Goierriri begira egin genuen.

Eta hori gutxi ez eta...

lehiaketa jarri genuen martxan. Oparia: Ur Apalategik idatzi eta Susa argitaletxeak argitaratu duen "Fikzioaren izterrak" liburua, Beterriko Liburua Saria irabazi berri duena.

Egin beharrekoa...

Haiku bat idaztea (inoiz kontatu izan dizuet... hiru lerro, 5-7-5...). Gaia: Itaka, uharte galduak, itsasoa, ura, olatuak, bakardadea, mugimendua... Egitura errespetatuz gero, sormen lan guztiak balekoak izango dira... guztiak zakura... eta zozketa. Parte hartu nahi izanez gero... oraindik garaiz zabiltzate! Bidali lasai, nik leihoa zabalik izango dut: irati_goikoetxea@hotmail.com

Ekaitz eta biok larunbatean bertan irratsaioan ausartu ginen bat-baten bi eredu egiten. Hauxe atera zitzaiguna:

Ekaitzek...

Badut gogoa
uharte galdu bat
irabazteko


Iratik...

Bidea ahaztu
zure itsaso bakoitzak
harrapa nazan


Larunbateko saioa entzun nahi izanez gero... egin koxk! (gaur formatu ezberdinean) eta saioa jaitsi eta gorde nahi izanez gero... http://www.divshare.com/download/14868799-313

2011-05-17

ITAKA (Ttipi-ttapa mendira_2011-5-7)




PARDARRI (Aralarren, 1393 m)

Lizarraustitik Lareoraino
kukuaren kantu-mintza,
Enirioko zelai gainetan
zabaldu zaigu bizitza,
Igaratzara bidean-lagun
izan dugu eki-printza,
Pardarri zugan topatu dugu
zorionerako giltza,
haize xuxurlak sinatu baitu
bertso honen azken hitza.


Mendiko kontuak izan genituen pasa den larunbatean irratian. Oporretan Pardarrira egindako irteerako oroitzapenekin jolasean aritu ginen. Ibilbidea kontatu, Pardarriko postontzian utzitako bertsoa kantatu eta jolaserako utzitako bertso-puntuaren inguruan hizketan aritu ginen. "Noraino iristen da zure begirada?"... badakizue (edo imajina dezakezue), Aralar mundu bat da eta munduari begirada luzatzen zaionean... mundua baino zerbait gehiago da ikusten dena.

Mendi bueltaz gain, ordea, kontu gehiago ere izan genituen. Patxi Ezkiagak Euskal Herriari idatzitako olerkia, Joxe Bikuñak Ezkaratzetik eginiko hausnarketa sakona, Joxe Goikoetxeak adar bidez eginiko lekaio hitzaren inguruko azalpena eta Lain taldearen "Zure doinua" abestiaren aurkezpena.

Baina, horretaz guztiaz gain, mendirako bi hitzordu eder ere egin genituen. Niko Osiñaldek Bide Berdeen Egunaz eta Ormaiztegi-Mutilo bitarteko Bide Berdean pasa den larunbaterako antolaturiko ekintzez hitz egin zigun. Eta Iñaki Beitia XV.mendi martxa izan zuen hizpide Jon Mikel Intxaustik. Hitzordua maiatzaren 15erako egin genuen. Mendizale asko (asko eta asko) elkartuko baitira igandean Zumarraga-Urretxun Iñaki Beitiaren omenez urtero egiten duten mendi martxan. Aurten ibilbide bakarra, 32 km-koa. Zoragarria izango da eta... hantxe ikusi nahi zaituztet! Izena eman nahi izanez garo... www.beitia.org

Ibilian-ibilian pittin bat nekatu ginen larunbateko saioan. Neke gozoaren zaporeak, ordea, hurrengo larunbatetarako irrika pizten digu.

Iragan larunbatekoak entzun nahi izanez gero, egin koxk!, eta saioa jaso eta gorde nahi izanez gero... http://blip.tv/file/get/Irati-bai420.mp3


2011-05-16

HERIOTZAREN ABARO


HITZA:
ABARO


Zuhaitz baten gerriaren neurria enborraren zirkunferentziaren luzera baino dezente handiagoa da, maite zaituenaren besarkada bi beso luzeen jirak neurtzen duena baino dezente handiagoa den bezalaxe.

Itzalaz ari naiz, babesaz, aterpeaz, abaroaz.

"Eguzkiak ere zuhaitzaren abaroan hartzen du atseden" entzun nion behin lagun bati. Eguzkiak ere itzalpean etzaten ikasi duela ulertu nion nik. Horrek esan nahi duen guztiarekin...



AFORISMOA: "Agure hortzak galtzen hasi berriak heriotzari hortzak erakutsi nahiko lizkioke."

Heriotzari hozka egiten dionak indarra beregain hartzen duelako.

Heriotzaren azken dardarak, hortzen dantzaldia eragiten duelako.

Heriotzak irribarrearen gozoa ulertzen jakin behar lukeelako.

2011-05-09

GAUTXORIAK IGERIAN BALEKI...



HITZA
:
UHARKA

Geldoa, gelditu dena, geldirik dagoena. Ibilian zetorrenaren atseden gunea. Lasaitasunaren pausaleku. Murmurio hotsaren isiltasuna. Olatuen azken arnasaldia.

Uraz ari naiz. Urtegia da uharka, ibaiaren gelditzea (edo ibaiaren abiapuntua).

Uharkak badu beste adiera bat, ordea. "Ura uharka dator" -> "Ura erauntsika dator". Bortitz, indartsu, asko datorrela, alegia. Bitxia iruditzen zait hitz berak bi sen (hitzen sena...) hain ezberdin izatea. Esan genezakeen... ura uharka iristen da uharkara. Akaso, horregatik atsedenarena, geldotasunarena, geldirik egon beharrarena.





AFORISMOA: "Gautxoria mutu egoten da goizean"


Argiak loa estutzen diolako, edo betzuloek kanturako eztarri kaskarra dutelako, edo gauaren itzalak goiza iluntzen duelako, edo izarapean ahots itoen balada dantzagarria ez delako, edo...


2011-05-06

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (XXVI)



Horma zuri batean... arrasto zuriak margotuko nituzke. Ez dakit sekula frogarik egin duzuen, baina, zuriak zuriaren gainean sugeak marrazten ditu. Beraz, pareta zuri batean... sugeak marraztuko nituzke. Nahigabe. Nahita egiten hasita beldurra emango lidakeelako gorputz kurbatuaren itzalean mugimendua marrazteak. Bai, mugimendua da izutzen nauena. Ez sugea.
Pareta zuri batean arrasto zuriak marraztuko nituzke, nahigabe sugeen mugimendua marrazten ari naizela jakin arren.

Oroitzapenak begietan zintzilik eramaten ditugula uste dut. Nik bi suge daramatzat begietan zintzilik. Lau urte nituela ikusi nuen sugearen arrastoak. Horregatik gustatzen zait pareta zuriei begira egotea. Suge-mugimenduen itzalean oroitzapenak zintzilikatzen zaizkidalako.



HORMA BAT ERAIKITZEN

Sugeak eta mugimenduak eta itzalak eta oroitzapenak marrazteko horma bat behar dugulako... eraiki egin behar!

Haritzek esan dit hamar orduan eraikiko lukeela horma eta Maitek bederatzi orduan egingo duela esan dit. Lana bien artean eginez gero orduko hamar adreilu gutxiago jarriko lituzkete (zera esan nahi dut: batek orduko hogei adreilu egiten baditu eta besteak hamabost, elkarrekin lan eginez gero hogeita bost jarriko dituzte). Horma lehenbailehen egin nahi dugunez (badakizu artista irrika), elkarrekin jarri dira lanean Maite eta Haritz eta bost ordu zehatz behar izan dituzte horma eraikitzeko. Zenbat adreilu behar izan dituzte horma eraikitzeko?

Adibidez, horma zurian, suge-pozoian irristan problema honen ebazpena jarriko nuke... nork lagunduko dit graffitia egiten?


2011-05-04

ADISKIDETASUNA



Sorginkeriak horrelakoak egiten ditu. Institutuko irakaslerik helduena eta gazteena elkartu, adibidez. Aukeratzeko asko izan eta nik hura hautatu, bizarzuridun artista. Artistarena gerora jakin nuen, poeta handi bat zela, alegia. Bazkalaurreko ordu berantiarretan poesiak irakurriko zizkidala, institutuko oharrak jasotzeko erabiltzen dugun "kasilleroan" orri zaharkituen artean opari berriak jasoko nituela, ostiral eguerdietan katua eta saguarena egiten ikasiko genuela... hori gerora jakin nuen, elkarrekin eskuak lurrari emango genizkiola, gauerdiko bidaietan bere etengabeko hitz jarioetan lo hartzeko aukera izango nuela, Nafarroa eta Gipuzkoa artean korapiloak lotuko genituela eta aldamenean duen neskatila zoragarria ezagutzera iritsiko nintzela. Aldamenean duen neskatila zoragarria Lupe da. Sorbaldatik heltzen diona adiskidetasunaren sorginkerietan sinesten duen sorgin bat da. Damazulotik atera berria.




Pasa den ostegunean izan ginen Murumendi eta inguruetan. Sekula ez dizuet Damazuloa (Murumendiko Mariren Kobazuloa) erakutsi eta horratx! Pauso batzuk barrura egin genituen, etzan ere etzan ginen orbelarte gozoan eta burua azken putzu bustirantz luzatuz Mariren dantza-hotsa entzuteko aukera ere izan genuen. Atera? Atera atzeraka. Hala egin behar omen da: Mariren kobazulotik atzeraka atera behar omen da, barruan dagoen sorginari aurpegia emanez.

Handik Murumendi gainera joan eta Aratzen martxan jarritako jolasari heldu genion Murumendin ere. Hauxe zerurantz jaurti genuen puntua:

"Mariren suzko bola
ikusi al duzu?
...............
.................."

Norbaitek zerurako bidean Mariren erratzarekin hegan egin nahi badu... badaki zer egin behar duen! Bertso-puntuari erantzun!


Adiskideak ze izen duen? Hilabete... hilabete barru hitz egingo dugu jakin-minez lepoa luzatzen duen gizonari buruz.

2011-05-03

ITAKA (Igartza gune historikoa_2011-4-30)



"Oriaren alde banatan bi zaldizko, eta erdian zubia. Lanbroa ari du harri gainean eta hazita dator erreka, urduri, udaberriro bezala. Uraren xuxurlak beti ekartzen ditu albiste berriak. Uraren arrastoaren atzetik iristen dira zaldizkoak, beti atzetik, denborarik gabe bizi direla dirudi. Beti Erdi Aroan. Oriaren alde banatan bi zaldizko. Isiltasuna salduko liokeela egin dio oihu zaldi zuri dotorearen gainekoak besteari. Urrutitik dator beste zalduna. Aurpegi nekatua du. Zaldiak batez ere. Isiltasuna saldu, errepikatu dio berriro, errekaren murmurio-hotsa ere etengo lukeela esan dio. Eta harriak? galdetu dio nekatuta datorrenak. Isildu egin da bestea. Hori da bere isiltasuna.

Eta harriak hitz egiten hasi direnean, pauso bat aurrera eman du zaldi zuriak. Eta Erdi Arokoak ziruditen zaldunek denborari ezpata erakutsi baliote bezala, erreka gelditu egin da, isildu, eta historiaren aztarna mutua zubi gainean arrastoa idazten hasi da. Orduantxe eman du zaldi nekatuak ere pauso bat aurrera, orduantxe bakarrik, harrien distira Jauregiko leiho ttikien kristaletan islatu den unean.

Erreka ibilian dator aspaldian. Zubia ere hor dago. Eta zaldizkoak tarteka ere azaltzen omen dira, isiltasunak harri artean irrist egiten duenetan. Zubia zain dago, erreka ere bai, zaldian trostan noiz hasiko zain. "

Josetxo Imaz -> Pausoari aztarnak lotzen dizkio eta aztarnari begia jartzen dio. Jakin-mina eta jakintza elkartzen direnean, kontalari on bat ondoan esertzea bezalakorik ez dago. Ingurua du pasio, ikerkuntza jolas. Helburua jasotako ondarea bueltan itzultzea. Beasaindarra. Lagun handi bat.

Iban Mate -> Igartza gune historikoko Dolarea etxe ederrean jaio zen azken mutikoa. Lau izarreko hotel bihurtu dute orain etxea eta Iban da Arantxa emaztearekin batera hotelaren arduradun nagusia. Arduradun nagusi eta bertako sukaldaria. Sukaldari aparta da Iban; sukaldeko sekretu txikiak kontatzen hasi zaidanetik lagun handi egin dudana ;).


Biekin hizketan aritu ginen larunbateko saioan, Igartza multzo historikoaz, Dolareaz, Dolarea hotelaz... ederki pasa genuen, pentsa, goseak hazka egin zigunerako Idiazabalgo gaztarekin egindako entsalada eder bat estudioko mahai gainean genuen! Mila esker bikote!

Saioari beti bezala Patxi Ezkiagaren olerki eder batekin eman genion hasiera eta Ekaitzek Uxue Apaolazak azken Igartza Bekarekin plazaratu duen Mea Culpa liburua aurkeztu zigun. Azken kanta (Imuntzo eta Belokiren Lazkanoren amona abestia) Amona Prudentxiri eskaini genion, San Prudentzio egunean 89 urte bete dituen gure amonari! Muxu potolo-potolo bat amona!

Saioa entzun nahi izanez gero egin koxk! Eta zuentzat jaso eta saltoka-saltoka entzun nahi baduzue... http://blip.tv/file/get/Irati-IgartzaGuneHistorikoa_2011430882.mp3


2011-05-02

OPORREI ZIRIA SARTU GENIENEKOA


HITZA: ZIRI

Egurrezko edo burdinazko makil txiki puntaduna.

Iturrietako ur-jarioa eteteko erabiltzen dena, adibidez. Gozoa da makilatxoari tira egin eta ura txorrotan datorrela ikustea.

Ziria sartu egiten da, ura dakarren iturburuan, adibidez. Edo urik ez dakarren iturririk gabeko buruan ere bai. Nirean eta zurean, adibidez. Hortik ziria sartu esapidea. Ziria sartzen duenak zirikatzea du helburu, zizta egitea punta zorrotzarekin. Mina egitea edo ez egitea, zuloaren araberakoa izango da. Ziriak irensten ohituta d(g)audenak zulo ibiltariak gara.




AFORISMOA: "Astegun buruzurian gorputza beltz"


Astegun buruzuri bat izan daiteke asteazken gordin bat.
Astegun buruzuri bat izan daiteke ostegun parrandazale bat.
Astegun buruzuri bat izan daiteke astearte bakarti bat.
Astegun buruzuri bat izan daiteke ostiral esnatzen hasia.

Astegun buruzuri-zuri-zuri bat izan daiteke oporren osteko astelehen gizajo bat.

Eta astegun buruzuri-zuri-zurietan eskuak beltz eta muturrak beltzago izaten dira. Edo ez...