2011-01-31

ILBELTZAK ESKUA ZURI


HITZA: ILBELTZ

Urtarrila. Erroibarrean (Nafarroa) izotzila. Hilabeteari iluntasunaren beltzak "h"-a irensten dionean, hortxe emaitza: hilabetea + beltza = ilbeltza. Goizak arratsaldeari eskua ematen dion garaia, ilbeltzeko eguerdiez inor gutxi gogoratzen da.

Oso denbora gutxian bi esaera zahar ekarri dizkit ilbeltzak, eta bila hasi naiz... hauxe ilbeltzeko azken egunak oparitu didana:

- Ilbeltza, hil zuri (amonari larunbatean entzuna)
- Urtarrilean tximeleta ikusi baino, otsoa ardi jaten ikusi nahiago (orain bi aste tximeletak bistan, lagun batek mendian esana).
- Eguzkiak erretzen badu urtarrila, zoaz eske-zakuaren bila (azalpenik ez du behar, ezta? Ikus hurrengoa)
- Urtarrila bero, zinkurinak (negar hotsak) gero.
- Ilbeltza euri gabe, urtea ogi gabe.

Hogeita hamaikara iritsi gara eta... ilbeltzaren ondorengo hilabeteak ze kolore du?






AFORISMOA: "Esku zabala duenak beretzat hartzen du guztia."

Hamazazpi zentimetro luze eta hamalau zentimetro zabal. Esku ahurreko arrastoen nahaspilan mundua kabitzen da.

Eta mundua sartzen den tokitik... ezerk gutxik egiten du ihes.

Ura da, izan eskua txiki, izan eskua handi, bai batetik bai bestetik, ihes egiten duena. Eta halere, mundua egarri; mundua itota.

2011-01-28

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (XVI)



Umea heldu sentitzen da biderketa taula ikasten ari de
n garaian. Amari esaten dio galdetzeko galdetu, galdetu, edo aitarekin ogia erostera joan eta okinari esaten dio galdetzeko, edo siesta egin berritik esnatu den aitonari, edo telebistaren bestaldean bizi den untxi berritsuari. Bada grabagailuarekin bere ahotsa grabatu eta grabatutako galderei erantzunez arratsaldea pasatzen duen umerik ere; zazpi bider bi hamalau, zazpi bider hiru hogeita bat, zazpi bider lau (ez dakit zer gertatzen den zazpi bider lau eta hiru bider bederatzirekin...)... hogeita zortzi...

Orain dela bi aste mendi buelta luze batean Nagore txikiaren ondoan joateko zortea izan nuen. Zortzi urte ditu Nagorek eta oraintxe bete-betean harrapatuta dauka biderketa-taulak. Han hasi ginen bi bider bat, bi bider bi... lau bider hiru, lau bider lau... zazpi bider bost, zazpi bider sei... andereñoak errepasatzeko esan digu. Eta etxeko lanak egitea garrantzitsua dela errepikatzen dugunok nola ez lagundu neskatilari etxeko lan-errepasoa ongi egiten... zortzi bider lau, zortzi bider bost eta berak, ongi ari naiz, Irati? Eta nik baietz, bere andereñoa banintz...

Baina, mendi bueltak luze harrapatu gintuen, biderketa taulak baino dezente luzeago eta ia konturatu gabe ehun eta bi bider bost, ehun eta bi bider sei, laurogei mila bider zazpi, laurdogei mila bider zortzi... ari ginen zoro-zoro. Nagore zoro-zoro eta ni zoro-zoro-zoro. Eta halaxe iritsi ginen 142 857-ren taulara; eta halaxe hasi ginen...

142 857 * 1 = 142 857
142 857 * 2 = 285 714
142 857 * 3 = 428 571
142 857 * 4 = 571 428
142 857 * 5 = 714 285
142 857 * 6 = 857 142


Eta 142 857 * 7? Galdetu zidan Nagorek. Eta nik nahikoa zela, magia kontu batzuk kontatu behar nizkiola, atseden pixka bat hartuko genuela eta papertxo batean azken sei biderketa horiek idatzi ondoren, pare bat bitxikeria azalduko nizkiola.

Eta horrelaxe konturatu zen Nagore 142 857 zenbaki magikoa dela. Gaur horixe eskatzen dizuet, sei biderketa horiek aztertuta 142 857 zenbakia magikoa zergatik den azaltzeko. Ea hiru arrazoi ezberdin emateko gai zareten!

Mendi buelta nola bukatu genuen Nagore eta biok? Indarrak ahotik ihes egin zigun eta... nekatuta!

2011-01-27

BEGIRADA




Ez diot sekula izenik jarri. Izan zitekeen Lukas (badira umetan irakurritako liburuen izenburuak sekula ahazten ez ditugunak; egin apustu zure buruari, baietz eskolan irakurritako hiru libururen izenburuak gogoratu... Lucas el maquinista, Cinco panes de cebada, Sin novedad en el frente, Caperucita en Manhattan... euskarazkorik ez dut gogoan... ziur aski irakurritako gehienak etxean irakurri nituelako...). Bai, izan zitekeen Lukas, tren gidari itxura hartzen diodalako hartzatxoari, baina; ez diot sekula izenik jarri. Zergatik? Auskalo! Izenak asmatzen oso iaioa ez naizelako (nire istorioetako pertsonaiei izena jartzea izugarri kostatzen zait) edo hartzatxoak beste umeren baten eskuetan bukatuko zuela sumatzen nuelako. Ez dakit. Urteak egin ditu ohearen gainean isilik; begiradak lapurtu izan dizkiogu elkarri.

Larunbatean Amin-en etxean izan nintzen. Aitaren ikaslea da Amin. Ostiralean txorkatila bihurritu zuen eta bisitan joan gintzaizkion larunbatean. Goxokiz betetako poltsa bat eraman genion. Eta hartzatxoa. Aminek zabaldu zigun atea eta irribarretsu inguratu ziren atzetik Wissal eta Sophi. Goxokiak Amin eta Wissalentzat; Sophirentzat hartzatxoa. Gustura hartu zuen esku txikien artean. Orain arte euskalduna zen hartzatxoak mundura egin du salto, euskalduna eta marokoarra da orain.

Larunbatetik hartzatxoa falta da ohearen gainean, baina, bada begirada bat ezerez horren ispiluan distira egiten duena. Sukaldeko atearen ondotik dator begirada. Amin, Wissal eta Sophiren etxeko sukaldeko atearen ondotik. Amin, Wissal eta Sophiren atzean ama dago begira. Muchas gracias, muchas gracias esaten dute haren begi ilun handiek. Aspaldian oparitu didaten begiradarik beteena da. Ohe gaineko hartzatxoaren hutsunea begirada eder horrekin bete dut. Orain ederrago dago ohe gaina.


2011-01-25

ITAKA (Abarlotz Olano_2011-1-15)



Umeak sua lapurtu du. Esku ahurretako izerdi freskoak babestu du berotik. Begiak pentsatu du, begiak toki onak dira lapurtutako suarentzat. Sua lotsatia da pixka bat, masailak gorritzen zaizkio dantza egiten duen bakoitzean; umearen begiradan topatu du babesa. Orain lasaiago dago.

Umeak sei hari-zati lapurtu ditu amonaren jostun-poltsatik. Korapiloak egin eta egin Antilletarainoko distantzia josi du. Behor zuri eder bat beharko luke umeak Antilletarainoko distantzian nekatu gabe aurrera egiteko. Gitarra bat, pentsatu du umeak, gitarra bat egingo dut amonari lapurtutako sei hari zatiekin. Gitarra korapilo bat da errepikatu dio bere buruari, eta behor zuri ederraren gainean gitarra jotzen ikasi nahi duela otu zaio.

Eta sua darama oraindik begietan. Akorde-hotsek erakarri dute suaren dantzaldia, edo zaldiaren zuriak. Suak ere itsasoaz bestaldera egin nahi du salto, Antilletaraino adibidez; suak ere gitarra jotzen ikasi nahi du behor zuri ederraren gainean. Orain gitarra da sua daramana. Baina, umeari berdin zaio, bera baita gitarra eskuetan duena. Eta zaldi zuri eder baten gainean dabil gainera. Antilletaraino luzatu du begirada.


Abarlotz Olano-> Txorien txorrotxioa imitatuz ikasi zuen abesten. Txoriek kontatzen diotena idazten ikasi du gero. Bizitzari kantatzen dio, guri kantatzen digu. Zaldibiarra. Kantaria. Naturzalea. Poeta. Abestiak sentimendu zubi bihurtzen dituena. Plazaratu duen lehen diskoa ("Antilla") hartuta egin zigun orain aste eta erdi irratira bisita. Lehen diskoarekin, gitarra eta aho soinuarekin, eta Victor Lezama lagun nikaraguarrarekin etorri zen. Solasaldia Zoragarria, bai, Zoragarria hizki larriz, berari azpimarratzea gustatzen zaion bezala.


Eta Abarlotz eta Victorrekin igarotako tarte ederraz gain, urtarrilaren 15eko Itakak begirada, helduleku eta pasarte eder gehiago ere izan zituen.

Patxi Ezkiagak bere poema goxoarekin Txamantxoiara bidea
n jarri gintuen,
Joxe Goikoetxeak muxarra loalditik atera eta gurekin jolasean jarri zuen,
Ainhoa Najera San Benito Ikastolako ikasleak ekuazioak korapilatu zituen bere poesian,
Axun Izcok Lander Garroren "Kontrarioa" lana aurkeztu zigun,
eta Ekaitzek Abarlotz eta Victor irratian bertan zuzenean abesteko prest zeudela probestuz Abarolotzek sortutako "Poeta" kantua aurkeztu zigun.

Goiz oparoa!


Entzun nahi izanez gero egin koxk, eta saioa jaitsi eta gordetzeko:




2011-01-24

BILA ARITZEA



HITZA:
HIRUSTA

Bila ibili gabe aurkitu behar omen da. Bat-batean, aurkituko duzula pentsatu baino lehen. Hamar mila hirustako (Faboideen azpifamilia bateko landarea) lausta ( lau hostoko hirustari oraintxe asmatu diodan izena) bat aurkitzeko aukera omen dago eta aurkitzen duenarentzat... bizitza osorako zorte ona!

Baina, egia esan, ez dakit zer kokatu behar dudan aurretik lausta edo zorte ona. Lausta aurkitzeak zorte ona ekartzen omen du, baina, lausta aurkituko duenak ere zorte ona behar!


Gaur arte (internetek iruzurrik egin ez badit... nik dena sinesteko joera dut...) hogeita bat hostoko hirustaren (hogeita batsta???) bat ere topatu izan omen da. Bale, bale... horrenbesteko zorterik ere ez dugu behar, ezta? Zenbat pisatuko du hogeita bat hostoko hirustaren zorteak?
Ni zoriontsu, bila ibili gabe, zelai baten erdian zoriontsu sentitzeko arrazoiak topatzen jarraitzen dudan biartean.




AFORISMOA: "Begia bota... eta itsutu."

Eta hainbestean botatako begia hark (bai, hark) hirugarren begitzat hartzen badu.

Maitasunaren desorekak, batek begi bakarrarekin ibiltzen ikasten du, beste bat hirurekin estropezuka dabilen bitartean.

Baina zer da botatako begiaren tokian gelditzen dena? Ilusioa?

Miopeon maitasunak norainoko ikus ahalmena duen, horixe da buruan bueltaka darabilkidana.

2011-01-21

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (XV)




Gaur goizean Fibonaccik e-mail bat bidali dit opari eta guzti.
"Musika ederraz jantzita, azken egunotan bildu ditudan irudiak bidaltzen dizkizut". Aspaldian bere berri izan gabea nintzen, eta ilusioa egin dit mezuak. Urrezko proportzioaren bila euren gorputza neurtzen ibili ziren ikasleei eskuminak emateko esan dit. "Konturatzen zara, Irati? Matematikak zortzi mendeko denbora tartean lotu gaitu".

Fibonacci erronka zalea da eta bere mezuen bukaeran beti problematxo, ariketa, jolas bat uzten didanez, gaurkoan ere halaxe idatzi dit:


EZABATU GABEAK


"Batetik hogeita hamarrera bitarteko zenbaki oso guztiak idatzi ditut pergamino batean. Zenbaki guztiak bata bestearen ondoan idatzi ondoren, batzuk ezabatu egin ditut (zertarako idatzi gero ezabatzeko, ezta? Matematikariok halakoxeak gara! ;-)). Ezkerretik eskuinera banan-banan ezabatzen hasi eta beste zenbaki baten bikoitzak ez zirenak bakarrik utzi ditut pergaminoan. Zeintzuk dira pergaminoan ageri diren zenbaki osoak?"



Ea unibertsitate garaian ikasle zaharragoei erosi nien kamiseta aspaldian zergatik ez dudan jantzi galdetu dit bukaera-bukaeran. Sei bat urte kamiseta erosi nuenetik! Jantzi eta garbitu, jantzi eta garbitu, kamiseta txikitu eta norbere bular-gerriak zabaltzen (pittin bat) direnez, kamiseta oroitzapen ikur bihurtu da...

Untxi batzuk ageri dira kamiseta urdinean. Fibonacciren untxiez... hitz egingo dizuet beste batean!



2011-01-20

EZKUTALEKUAK (I)


Aterkipeko begiradak otzanagoak dira.


Ez du euririk ari, baina, haizeak busti egiten du.
uzkur bildu duzu gorputza betartean;
gaur nahiago duzu zure itzala aterkipean estutu.


Begien arrasto beltzean azken pintzelkada hautsi zaizu,
eta bazoaz,
betileak banan-banan eroriko zaizkizun beldurrez.
Gaur badirudi ez dela egutegiari begietara begiratzeko aukeratu zenuen eguna.


Aterkipeko begiradak lurrean bizi dira,
oinatzen mozorro bihurtzen ditu denborak.


2011-01-18

ZULOA

Santos (irteerara joandako gurasoetako bat), Iñaki eta Julen (irteerara joandako bi ikasle), taldetxoa osatu dute beste hogeita hamabost bat lagunen artean. Kakuta (942 m) gainean daude dutenetik ematen eta ez dutenetik hartzen. Egindako ahalegina asetzen. Hamaiketakoaren ordua da. Nagore hirukoteari begira dago. Eta ni ere bai; begira eta entzuten. Filipino (beltxa, erdian txuloa duena) bat du Iñakik eskuetan...


SANTOS: Hik jantzak zuloa, nik jango diat bestea.

IÑAKI: Baño zuloa ezin dek jan...

JULEN: Ba, nik jaten diat.

IÑAKI: Eta? Ze zapore dik?

JULEN: Goxoa dek.

IÑAKI: Bai baño, ze zapore dik?

JULEN: Ez zakiat... angulana.

IÑAKI: Nik ez diat sekula angulaik jan.

JULEN: Nik´e ez.

IÑAKI: Baño... zuloa ez dek ahuan kaitzen. Zuloa ematen dona baño haundigoa dek.

JULEN: Intzak probea.

SANTOS: Gosetu neok Iñaki! Hitzat ordun zuloa? Nik gustoa jango diat bestea.


Eta Iñakik zuloa jan zuen. Neuk ikusia! Eta baietz esan zuen, angularen zaporea zuela. Nik sinetsi egin nion, halere nahiago izango nuen Santosi eman zion txokolatezko pusketaren erdia ahoratu. Eta imajina dezakezue Nagore bitartean zertan ari zen... erdi negarrez, berak ere zuloa jan nahi zuela eta Iñakiri pixka bat emateko eskatuz.

Mendiak, lagunarteak, adin ezberdinetako neska-mutilen artean egoteak oparitzen dituen bitxikeriak.

2011-01-17

BI MIHURA ERDI = MUXU BAT


HITZA: MIHURA

Izarraitz mendilerroan (Azkoiti-Azpeiti) topatu genuen atzo mihura, Elorri Zuriaren bizkarrera igota. Landare bizkarroia da mihura, besteen bizkargain bizimodua aurrera ateratzen duena.

Majia, istorio eta sinesmenen ispilu izan arren, zientziak ere aztertu ditu bere ezaugarriak eta zenbait ikerketen arabera, kimioterapia eta radioterapia jasotzen ari diren gaixoen bizi kalitatea hobetzen duela aski frogatua dago.

Mihura landare sakratua zen antzinako druidentzat, gaitz guztien onbidea. Modu majikoan babestu eta sendatzeko gaitasuna zuela sinesten zuten, eta tximistetatik eta gaiztakerietatik babesteko, emakumeen ugalkortasuna hobetzeko, ikusezin bihurtzeko... balio zuela. Bakearen ikurtzat ere hartzen zuten (zuhaitzaren eta bere arteko elkarbizitza lasaia ikusita akaso?) . Bere sustraiak lurrera iristen ez direnez, eta airean bere kasa bere burua mantentzeko gai ez denez, garai bateko kontuek diote ez lurrarena, ez zeruarena ez den elementu berezia dela mihura. Beharbada hortik dator muxuaren kontua, muxua ere zerbait berezia delako, ez lurrarena, ez zeruarena ez den zerbait berezia. Mihura azpian emandako muxuek maitasuna hilezkortzen omen dute. Maitasuna hilezkortzea zer den... hori beste putzu bateko ura da; igerian aritu nahi duenak bota dezala lehenengo harria!




AFORISMOA:
"Gaitzerdika dabil, erdiek osoa osatzen dutela konturatu gabe."

Beti ez da izerdia lehortzeko zapia aldean izaten. Tanta bat eta tanta bi... iturria jarioan! Eta noski, beti mugako arrastoa tentatuz dabilenak igerian itotzeko arriskua du.

Nik nahiago gaitz osoei erremedioa jartzeko ahalegina egin, gaitz erdiekin errenditu eta beti gaixo ibili baino.





2011-01-14

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (XIV)


Poliedroez ari zaie hizketan irakaslea ikasleei. "Poliedroa gorputz geometriko bat da, aurpegi lauak dituena... Dadoa, dadoa kubo bat da, kuboa poliedroa da, beraz, kuboak aurpegiak ditu, beraz, dadoak aurpegiak ditu..." . Atzeko aldean eserita dagoen ikasle txiki azkarrak eskua altxatu du beste askotan bezala eta galdera luzatu dio irakasleari (eta begirada)... irakasleari masailak gorritu zaizkio eta gainerako ikaskideek barre egin dute...
Irakasleak egoeratik ihes egin nahi, eta problema bat egingo dutela esan die (irakasleak beti izaten du untxia besapean gordeta). 120 dado jarri ditu mahai gainean eta berehala erakarri du ikasleen arreta...

DADOAK

Kolore ezberdina duten hiru ontzietan 120 dado daude banatuta. Ontziak gorri, berde eta urdin kolorekoak dira. Ontzi berdean dagoen dado kopurua ontzi gorrian dagoen dado kopuruaren bikoitza da. Ontzi gorritik ontzi urdinera 6 dado eta ontzi berdetik ontzi urdinera 7 dado aldatzen badituzu, ontzi berdean egongo den dado kopurua eta ontzi urdinean egongo den dado kopurua bera izango da. Zenbat dado zeuden hasieran ontzi bakoitzaren barruan?


Irakaslea lasaiago dago, ikasle guztiak buru-belarri dadoekin jolasean dabiltza; dado hau hara eta dado hau hona...

A ;-) ikasleak irakasleari zer galdetu dion jakin nahi duzula? ;-) Jarri irudimena martxan, dadoak, aurpegiak, puntuak, begiak...

2011-01-11

ITAKA(Arantxa Urretabizkaia_2011-1-8)


Argazki albumari begira zaude. Urte asko dituzte argazkiek. Zimurrak ere atera zaizkie. Hauts pinportak pilatu dira argazkiko neskatilaren betileetan, etorkizunari putz egiten ari dela dirudi. Zuri-beltzean lotsagabeagoak ziren irribarreak, zuri-beltzean errazago egiten zuen izerdiak irrist, zuri-beltzean... zenbat amets margotu dituzu zuri-beltzean?

Argazki albumari begira zaude. Atea zabaldu da argazkiko neskatilaren atzean. Denbora esango luke bakarren batek, haize-kolpe bat pentsatu duzu zuk. Elur hautsa harrotu da neskatilaren oinen artetik eta begiak itxi dituzu, neguko dantzaldiek ez dizute onik egiten.

Begiak zabaldu ondoren ere, argazkiari begira jarraitzen duzu. Zure ezpainetako karmin gorria argazkiko neskatilaren ezpainetan ikustea gustatuko litzaizuke. Beste asmorik gabe, zuri-beltzean gorriak nolako kontrastea egiten duen ikusi nahi duzu.


Gorri, Txuri eta Handirekin (Arantxa ez omen da Athletic zalea...) batera etorri zen Arantxa Urretabizkaia larunbatean Itakara. Solasaldi goxoa izan zen, ederra, hartu eta eman zakua ikasgaiz betetzeko astia izan genuen.

Arantxa Urretabizkaia --> Umetan idazle izatearekin egiten zuen amets; handitu denean, nobela on horren bila dabil; eta bitartean... hiru lore morez hornitutako liburuak oparitzen dizkigu irakurleoi. Eta gozarazi egiten digu. Donostian jaio eta Hondarribian bizi da. Idazlea da, kazetaria ere bai. "3 Mariak"(Erein), argitaratu duen azken liburua.

Berak erabaki zuen elkarrizketako lehen galdera zuri-beltzean ateratako garai bateko argazkiei buruzkoa izango zela...

Eta horretaz gain...
-Patxi Ezkiagak Baltaxarrek guretzat utzitako olerkia bidali zigun kristalezko botila baten barruan.
-Joxe Goikoetxeak elur artean jolastera bidali gintuen; antziarra ukitu behar den hitz horietakoa baita.
-Elixabete Garmendiak azken hilabeteko kronika egin zigun Ezkaratzetik. "Goazen goazen" kantatuz bukatu zuen bere jarduna.
-Atarrabiako errotariak, Saioa Gonzalok, amatxori eskean ondu zuen olerkia.
-Ekaitzek Maialen Lujanbioren "Hau koaderno bat zen" liburu-koadernoa aurkeztu zigun.
-Eta Ekaitzek berak, azken ginda Gontzal Mendibilek abesten duen "Merezi ote" kantuarekin jarri zion saioari. Jatorrizko hitza Cesare Paveserena da, Joseba Sarrionaindiak euskaratu zuen.

Goizpasa bikaina larunbatekoa. Zuk ere bertatik bertara gozatu nahiko bazenu egin koxk. Eta oroitzapenen kutxatilan lekutxo bat egin nahi badiozu saioa jaitsi eta gordetzeko aukera ere baduzu: http://blip.tv/file/get/Irati-ArantxaUrretabizkaia_201118561.mp3

2011-01-10

INFINITUAK LO HARTZEN DUENEAN...



HITZA: MUXARRA



Zer da, zer da...

- ... ametsak buztanean zintzilik eramaten dituena...
- Sei hilabeteko egutegia oparitu dio oraindik ospatu ez duen urte berriak.
- Bere familian badira urte osoa mozorrotuta egiten dutenak (begialdean mozorro ilun bat eramaten dutenak).
- Festak gustatzen zaizkio, bereziki gau festak, eta egunari karras-karras egiten dio hozka.
- Udazkenean gizendu eta udaberri amaierarako "bikini operazioa" egiten du.


Kattagorria pentsatuko du bakarren batek, edo sagua... pista-zerrendak lo harrapatu duen seinale! Despistatuta dabilen horri esango banio... muxarrak baino lo gehiago egiten duzu!
A! Esnatu zarela? Horretarako egin dizut oihu! Makarrak astindu badituzu gosaltzeko moduan zara, egin hozka argazkiari... eta on egin!





Aforismoa:

"Infinitua parentesi baten barruan."





Infinitua parentesi batean sartzea, irribarrea poltsiko baten barruan sartzearen pareakoa. Guztia ezerezak mugatzen duenean... nor da argia logela ilun batean sartzen duena? Haizeari putz egiten ausartzen denak nora bidali nahi izaten du haize bultzatua?

2011-01-07

Txurregi eta Gaztelu / Gorbea


TXURREGI ETA GAZTELU

Abenduaren 28an, Irurtzun ingurua alde batera eta Olloko bailara bestaldera uzten duen gainean izan ginen, Txurregin; San Donato mendiaren jarraipena den bizkarraren beste muturrean. Urritzola herrian heldu genion bide izoztuari. Olarregiko lepoan eskuinera Txurregi (1125 m)eta ezkerrera Gaztelu (996 m) zabaldu zitzaizkigun, eta noski, biei bota genien begia, begia eta pausoa. Urrutian Saioa eta Auza, urrutian Adi eta Orhi, urrutian Anie eta Hiru Erregeen Mahaia. Elur artean arnasak Inuxente Eguneko jolasak marraztu zizkigun.

Irurtzun, Erroz eta aurrera
Urritzolaraino segi,
eguzkiaren lehen printzek epel
egin digute abegi,
bide izoztu ta elurtuak
bistan zaizkigu eskegi,
goza ondoren alderik alde
eta aurpegiz aurpegi,
neguko postal bihurtu dira
Gaztelu eta Txurregi.



GORBEA (1482 m)



Urteari tontor gainetik azken begirada luzatu asmoz iritsi ginen Gorbea gainera abenduaren 31n. Lokatz eta elur artean. Bidean otsaila ikusi genuen enbor baten gainean eseri eta deskantsuan ura edaten. Pauso txikiagoa du otsailak... Eskutik helduta zihoazen uztaila eta abuztua, berotuta, kamiseta hutsean... Ekaitz eta bion artean urria, txapel gorri eta guzti, ageri da argazkian... abendua Muruako plazan utzi genuen urteko azken dantzaldian kantari...


Urte zaharreko kronika,
elur artean korrika,
gaurko egunez zu zapaltzeko
banuen irrika,
eguzkiari zirika,
Gorbea zaude polita,
urte berrian egingo dizut
berriro bisita.

(Mendian gora haritza)

2011-01-04

ITAKA (Xabier Lete_2010-12-25)


Bi urte izango dira, hiru akaso. Oiartzundik bueltan Urnietaraino iritsi ziren telefonoaren desio uhinak. Xabier Leterekin harremanetan jartzea, ez nuen besterik desio garaitsu hartan. Irratian izan nahi nuen, aldamenean, eskua ukitu nahi nion eta begietara begiratu; elkarrizketaren hasiera ere burua nerabilen bueltaka, bizitzak idatzi dizun poema, Xabier?, halako zerbait galdetuko niola nerabilen buruan. Jarri nintzen (jarri ginen) berarekin harremanetan, gustura hartu zuen gure deia, xamur eta ilusioz, baina, gorabeherak gorabehera orduko hartan ez zen posible izan. Azken urtebete honetan, hari berriak lotu zaizkit bidera eta korapilo ttikiak ere egin ditugu (egiten lagundu didate), Xabierrengana pausoak luzatzeko. Gertuan izan dut, eskua ukitu diot eta begietara ere begiratu diot; negua zetorren, ordea, atzera, eta udaberriko eguzki epela noiz etorriko zain esperoan egoteko ilusioa banuenez... Denborak, ordea, gutxi daki udaberri garaiaz, edo gehitxo akaso. Oraingo honetan ere ez da posible izan. Udaberri bidean, neguak harrapatu gaitu atzera.

Omenaldia egin nahi nion, maite duten entzule eta irakurleen hitzak bere egitea nahi nuen, eskura eman nahi nizkion bueltan berak sorrarazitako sentimenduen oihartzunak. Baina, ez da posible izan. Omenaldia egin diogu, sentimenduen oihartzunak bildu ditugu (eskerrik asko Patxi Ezkiaga, Jabier Imaz, Andoni Salamero, Gabino Murua, Elixabete Garmendia, Iñaki Mezquita, Pilar Lizarralde, Leire Alonso, Joxe Begiristain, Joxe Goikoetxea eta Ekaitz Goikoetxeari), eta eskura emateko orduan, haizeak hegan eraman ditu.

Eta aurrean izango banu, aldamenean Itakako uhartean, galdetuko nioke...

Eta galdetuko nioke, gustuko idazle bat Xabier? Eta adibidez, Cesare Pavese erantzungo lidake, edo Tolstoi, edo Txehov, eta Atxagak ere plazer handiak eman dizkiola esango lidake. Eta eskatuko nioke kantu bat, abesti bat saioari amaiera emateko, eta esango lidake liturgiarako musikak eta musika klasikoa oso gustuko dituela, eta nik eskatuko nioke bere kantu bat, aukeratu zure kantu bat Xabier, saioari amaiera emateko eta esango lidake, jarri adibidez, bat esatearren, Sehaska kanta.

Eta nik esango nioke eskerrik asko. Eskerrik asko eman digun guztiarengatik eta eskerrik asko goizero Lete kantuan jartzen dgunetan Xabierrek ematen digun guztiarengatik. Ziur naiz irribarre egingo ligukeela; eta esango liguke... gustura egon naiz.


Abenduaren 25ean lagunartean egin genuen saioa entzun nahi izanez gero, egin koxk, eta jaitsi nahi izanez gero... http://blip.tv/file/get/Irati-s294.mp3


Aukeratu nitzakeen mila argazki, argazki asko nituen aukeran; hori aukeratu dut. Argia eman nahi nion.

2011-01-03

2011


Bitxia da (edo ez), baina, zerbait idati behar dudala eta hiru egun daramatzat urte berriari zer idatzi asmatu ezinda. Urte zaharrari agur esateko ahaleginari irrist egin nion, eta ez dakit... urte berriari kaixo esateak halako erreparo moduko bat ematen dit, ez baitakit nori edo zeri zuzendu behar diodan begirada. Urte berriari eskatzen diot eta ea urte berriak ekartzen didan eta urte berria eskuzabala izan dadila eta... Neure buruari galdetzen diot ea gizonezkoa edo emakumezkoa ote den ditxosozko urte berri hori. Olentzeroren arreba edo hiru erregeen laugarren majia jokoa. Gabonetako argi bat gehiago edo txanpain botilaren azken aparraldia. Neure buruari galdetzen diot ea nori eskatzen ote diogun geure desioak betetzeko, sukaldeko horman zintzilikatutako egutegiari edo gehiago nahi ez, eta armairuan bakardadearen gozotasunean ahaztuta urte osoa egingo duen turroi tabletari. Eta nik eskatzen diot... eta niri ekar diezadala... eta... ni zorabiatu egiten naiz halako kontuekin, zoriona ikusezin bihurtzen dugulako, guregana etortzen asmatu behar duen "zerbaiten" pareko. Eta badaezpada ere, gureganainoko bidea asmatuko ez balu, badaezpada ere, mahats aleak irensten ditugu zoriona irensten ari garela sinetsita.

Nik, ordea, ez dut zain egoteko inongo asmorik. Mahats alerik ez nuen jan eta telebistarekin toparik ere ez nuen egin. Ibiltzea dagokit beraz, bila aritzea, zorionarekin ezkutaketetan jolastea eta eskatzen hasita... bertsoak eskatzea.

Bertso bat eskatu diot Ekaitzi. Urteroko kontua. Badakit, egin behar duenarentzat amorragarria izaten da, baina... beti lortzen du ideia politen bat sortzea. Horregatik eskatzen diot.

Urte berri... beno berdin du... zorionak harrapa zaitzatela!

Ni ere eskean hasiko naiz ba
barne-nahiak hala nahita,
bakea eta elkarbizitza
zorionari jarraika,
ongizatea erdiesteko
ezinbestekoa baita,
nork maitatua, nor maita,
besarkada bat anai-arrebak
muxu bat ama ta aita,
oparo etor dakizuela
bi mila eta hamaika.