2012-11-14

ITAKA (Karlos Zurutuza_2012-10-27)



" Maleta hutsik dago. Maleta hutsik dago, pisua pauso ikusezinena da. Bidea badoa, poliki, baina, badoa. Batzuetan gelditu egiten da eta desagertu; batzuetan isildu egiten da eta lehertu. Bidea norena da? Galdetzen zuen urrutian norbaitek; bidea norena da? Badoazena edo geldi daudenena?

Bazen behin maleta bat bere baitan bidea zeramana. Bazen behin maleta bat nekatzen zenetan bere baitan atseden hartzen zuena. Lokartzen zenetan bere baitan amets egiten zuena. Isiltzen zituen guztiak bere baitan oihartzun bihurtzen zituena.

Maleta hutsik dago. Pauso bakoitzeko gramo bat. Pauso bakoitzeko gramo bat. Pauso bakoitzeko gramo bat. Pauso bakoitzeko gramo bat galtzen du... maletak. 

Eta gero eta beteago dago. Eta gero eta beteago dago. Eta gero eta beteago dago... "








Karlos Zurutuza -> Joan eta etorri egiten da eta ekarritako eraman egiten du. Paper gainean idazten du bizitza, ikusi eta sentitutakoa; begiradei entzuten diena. 2012an Argia eta Rikardo Arregi Sariak irabazi ditu, bizitakoa transmititzeagatik, bizitakoa transmititu duen moduan transmititzeagatik. Kazetaria da, berriki "Tripoli Kabul" liburua Gaumin argitaletxearekin argitaratu duena... Hamudak esan zion: zakurrak besterik ez gara Libia berrian. Eta denek jakitea nahi dugu. Idatz ezazu eta kontatu jende guztiari. Horixe egin du Karlosek. Idatzi eta kontatu.

 
- Eta gero eta beteago... Gero eta beteago da maleta, Karlos?

Bai dudarik gabe, onerako eta txarrerako... maleta gero eta beteago dago...

...

- Sartuko zinateke zu maleta baten barruan...

Jakin gabe nora noan... segun eta noren maletan...

...

- Behin erakutsi ziguten bezala... benetan eguzkia ekialdetik ateratzen da?

...

Erantzuna ezagutu nahi izanez gero... egin koxk! eta gozatu! 

Guk bonbak kremazkoak maite ditugu, kanela punttu batekin; Karlosek bezalaxe...
 


2012-11-13

Jolas limuriak



HITZA: LIMURI

Limuria izan daiteke aaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaa oihu busti baten parekoa. Nolakoa? Halakoa. Limuria izan daiteke bide busti bat, oina ongi jarri ezean, irrist eginarazten dizuna. Limuria izan daiteke harreman busti bat, besarkada ongi estutu ezean, irrist eginarazen dizuna. Limuria izan daiteke egoera arrunt bat,  heldulekuak ongi lehortu ezean, egoera arrunt hura egoera konplexu (irristakor) bihur dezakeena. Nolakoa? Halakoa.




AFORISMOA: Txintxo jolastu arren, ez zuen zintzo jokatzen ikasi.

Txintxoa da jartzen den aurpegia eta zintzoa ezkutatzen dena. Jolasa da gorputzak erakusten duena eta jokoa gorputzak ezkutatzen duena. Txintxo jolastea da irribarreak adierazten duena eta zintzo jokatzea da irribarreak ezkutatzen duena.

Ia-iakoak beti gelditzen dira horretan. Ia-ian. Izan ere, horixe baino ez dago kanpoaren eta barruaren artean. Ia-iako tarte bat.





HAIKUA

Zernahitarako
hemen nago zure zain.
Zer nahitarako?


2012-11-08

ITAKA (Itxaso Martin_2012-10-20)




Burua joan zaio! Burua joan zaio! oihukatu zuen norbaitek. Eta inguruko guztiek zerurantz b egiratu zuten joaten den guztiak gora egingo balu bezala, gora eta gora, inora ez iristeko. Ingurukoen lepoek gora eta gora egin bitartean, ordea, joandako buruak barrura eta barrura egin zuen, eta iritsi, iritsi zen norabait. Iritsi zen iritsi behar zuen lekura, joaten diren buruak iritsi behar diren lekura iristeko joaten direlako Inora iristen ez direnak ingurukoen lepoak izaten dira.

Burua joan zaio! oihukatu zuen norbaitek. Eta txoriak ikusi ziren zeruan, lepoek begiratu zuten tokian.



Itxaso Martin Segura Irratian amak oparitutako harriari begira
 



Emozionatu. Emozionatu egin nintzen eta kitto. Eta ze handia den kitto hori... Nolako biluztasuna duen kitto horrek, noraino iristen den. Nola hozkatzen duen, nola egiten duen tira... 

Emozionatu egin nintzen, akaso erotu ere bai pixka bat. Harria izango zen agian, harriaren kolorea beharbada. 

Solas tarte polita partekatu genuen Itxaso Martinekin, Ni, Vera (Elkar)  liburua aurkeztera irratira etorri zen idazle donostiarrarekin.

Eta Ion Muñoarekin ikasi genuen Fidel Castro izateko ez ginela jaio eta Josune Epelderekin ikasi genuen erleak ere erotu egiten direla eta bozkatu egiten direla eta Leire Alonsorekin ikasi genuen hirian baleak ito-gosean ibiltzen direla. Eta...

... urriaren 20ko saioa entzun nahi izanez gero... egin hozka lasai. 

2012-11-05

Errealitatearekin ond(d)o!

Baztan eta Aldudeen mugan_2012-10-28

 
HITZA: OND(D)O

Ondo lotua dago enborrean. Ondo dago atseden hartzen. Ondo ezkutuan zegoen baina... nik harrapatu! Ondo sentiarazi nau. Ondo gustura jan du bakarren batek afaritan!

Ondo dagoena beti dagoelako ondo, ongi egoteko inbidiarik izan gabe. Nafarren batek esan izan dit "ongi, Irati, ongi! Ondo bastoegia da!" Ongi egotea ondo egotea baino finagoa omen... Nik nahiago, ordea, goierritar bastoan, ondo sentitu, onddo baten ondoan ongi sentitzea zail samarra delako akaso... eta benetan... plazer hutsa delako onddo baten ondoan ondo sentitzea...



 
AFORISMOA: Errealitateari begiak ixten dizkionak ingurukoak itsutzen ditu


Begiak itxita zer ikusten dugun erantzun nahian nabil neure buruari aspaldian. Begiak ixten ditugunean, norantz egiten dugun. Ilunak biderik ba ote duen. Ilunaren bestaldean argiak zentzurik izan dezakeen. Guk ikusten ez duguna besteek ikusten ote duten. Guk begiak ixten ditugunean, ingurukoek begiak zabalik izaten dituzten.

Errealitateak begirik ba ote duen erantzun nahian nabil neure buruari aspaldian. Betaurrekorik behar ote duen. Kristalik gabeko betaurrekoek balio dezakete? Pitzatutako kristaldun betaurrekoekin nabil ostegunaz geroztik... errealitatea beste modu batera ikusten da.





HAIKU

Zergatik jardun
aurkitu ezindako 
zerbaiten bila?