2012-02-28

ZENBATZEN eta KONTATZEN edo alderantziz




Kontatzeko zenbatzen jakin behar da? Zer pentsatua eman dit gehienetan isilik egoten den ikaslearen galderak. Nik umetan mahai gainean pilatutako ogi apurrak zenbatzen nituen eta lo hartu ondoren amets egiten hasi bitarteko segundoak eta sukar egunetako izerdi-tantak eta ezpainei hozka egindako aldiak. Nik umetan irakurri gabeko liburuetako orrialdeak zenbatzen nituen eta etxetik dentistarenganaino emandako pausoak eta erabili gabeko arkatzaren hasperen oihuak eta edalontzietan pilatutako ur-tantak. Nik umetan astebetean ikasitako hitzak zenbatzen nituen eta izarapean itsatsitako beldurrak eta urrutiko baserrietako zaunka hotsak eta irentsitako txokolate gramoak. 

Inoiz inork galdetu izan dit zergatik ikasi nuen unibertsitatean matematika zenbatu baino kontatu egiten badut gehiago. Eta erantzuna gehienetan isilik egoten den ikaslearen galderak eman dit. Orain ideia kolpeak zenbatzen ditut eta zainetan sentitutako tirakadak eta bururatu eta baztertutako hitzak eta poltsikoan lehertutako metaforak. Orain aulkian eseri aurreko segundoak zenbatzen ditut, eta hatz puntetan desegindako ilunpe argiak eta korapilatutako tinta arrastoak eta zintzilik utzitako harridura ikurrak. 

Orain ipuin bati hasiera emateko beharrezkoak ditudan amaiera guztiak zenbatzen ditut eta bukatzen ausartzen ez naizen amaiera hankamotzak eta lo arrastoen bestaldetik lapurtutako urrezko zirriborroak eta lerroarte zuriak. Orain kontatutakoak zenbatu ordez, zenbatutakoak kontagai bihurtzen ditut.

Kontatzeko zenbatzen jakin behar da? galdetu dit gehienetan isilik egoten den ikasleak. BAI erantzun du isildu ere egiten ez den lehenengo lerroko ikasleak. Eta nik EZ erantzun nahi izan diot. Baina, isilik gelditu naiz. Beste behin. Maite ditut. Maite ditut ikasleen aurrean isilik egonarazten nauten instanteak. Zenbatu egiten ditut, ipuin-kontu bihurtzekoak izaten direlako.


ITAKA (Xabier Artola_2012-2-11)


"Bost zentimetro" idatzi zuen orri zuriaren gainean. Eta leihotik begira jarraitu zuen. Hotz egiten zuen, izotza ekarriko zion ilunak gauari. Argazkia aterako lioke gustura zuritasunaren gardentasunari. Bitxia iruditzen zitzaion beltzak zuria margotzea. "Bost zentimetro" irakurri zuen berriro orri zuriarean gainean, "bost zentitmetro neurtzen ditu argiak itzaletan". Eta leihotik begira jarraitu zuen berriro. "Argia itzaletan ez da ez argi eta ez itzal" esana zion lagun batek aspaldian. Eta ordutik urteak zeramatzan leihotik begira, argia itzaletan edo itzala argitan egoten zen ikertzen, garbi baitzuen argia argiarena eta itzala itzalarena ez zirela. Bost zentimetro  neurtzen zizkion zalantzari argia itzaletan zalantza huts baino ez zela konturatu zenetik. Dardara iheskorra zen argia itzaletan, eta dardara iheskor guztiek bost zentimetroko neurria izaten dutenez, bost zentimetrora hurbiltzen zen argiaren bila zebilen. Lotan harrapatu zuen... argia, itzal arteko iluntasunean gauak zenbat neur zezakeen itzalari galdetu zion momentuan. 









Itzalak duen argia zukutuz hozka egin genion otsailaren hamaikako saioari Xabier Artola argi-lagun hartuta. "Argi itzalen neurria" (Elkar) liburuaz eta informatikaz eta ipuingintzaz eta Alkizaz eta... irribarre bihurriez hizketan aritu ginen. Besteak beste. Eta besteak beste da argiak bere baitan bildu dezakeen itzal guztia. Hau da, infinitua. 

Ezkaratzean Joxe Mari Gabiria izan genuen zain, asto gainean, Ollorako bidea erakusteko prest eta Joxe Goikoetxearekin izotz beltzetan irristan ibili ginen. Azken kantuari Igor Barreroren piano doinuekin eman genion pott, eta hasi, larunbateroko lagun handiaren ahotsarekin hasi genuen saioa, Patxi Ezkiagarekin. 

Saioari hozka egin nahi izanez gero... egin klik!

2012-02-27

Sekretuari plasta!

 
HITZA: DZIRDZARTADA

Mingainaren zaplasteko bat izan zitekeen, eztarrian trabatutako bihurgunea; edo begiradaren masaileko bat, betileen korapiloa. Eskua bete hizki eta plasta! Eskua bete jolas eta plasta!

Ez dena izateko ere balio dezake halako hitz luze, berezi batek. Jolaserako gogoa duten hitzak dira horrelakoak. Zaplasteko izan behar eta izan nahi ez duten horietakoak. Zaplasteko izatetik laztan izaterako saltoa halako hitzen magiak soilik ematen du.



AFORISMOA: Pipiak jandako sekretuak

Bazen behin aho parean zapi zuri bat jarrita ibiltzen zen (bizilagun bat?). Ezpain arteko korapilo guztiak pinporta gorri bihurtzen zitzaizkion zapi zurian.

Aspaldian zapia gorritu egin zaio. Zapia zauritu egin zaio nahigabe. Zapi zuria zulo handi bat da orain, gordeta egon beharrekoen ihestoki. Inorena ez zena denena bihurtu da. Hori gertatzen zaie galdutako sekretuei.


HAIKUA

Izerdi tantak
edalontzi batean
egarrituta




2012-02-14

BIHOTZAK




Izugarri gustatzen zait kaleko eserleku batean eseri eta kalean dabiltzan oinezkoei begira egotea. Inoiz inork parean gelditu eta lotsagabea naizela ere esan izan dit. Ez dakit zergatik, begirada joan-etorriko bide biluzi bat baino ez bada. Korapilatu gabeko lokarriak ikusten ditut askotan, oina baino bizpahiru zentimetro atzerago korrika txikian doazen zapatak.  Bururik gabeko txapelak ikusten ditut askotan, beren pisuari airean eusteko mingaina ateratzen duten txapel ilerik gabeak. Krokodiloak ikusten ditut askotan, hagin zorrotzen artean urrezko eraztunak kateatuta dituzten aho infinituki handiak. Txokolatezko masailak ikusten ditut askotan, kaleko baldosen gainean urtzen diren bonboi gazituak. Eta begiak ere ikusten ditut, begi asko; begiak zuhaitzetan itsatsita, begiak farolpeko argitan dantzan, begiak zakur zaunkariei laztan eginez. Kalean topatzen ditugun begiek ez dute ezer ikusten, norbaiten betaurreko dira.

Izugarri gustatzen zait kaleko eserleku batean eseri eta kalean dabiltzan oinezkoei begira egotea. Zeharka begiratzen duten aurpegiak ikustea gustatzen zait, itzalari bultzaka joaten diren bizkarrak bereiztea, lepoetako ur jauziei hozka egitea. Irribarre baten ezkutalekuekin jolastea gustatzen zait, urruntzen diren hats zurien buztanei tira egitea, ume batez begiak itxi eta zabaltzean paisaia erabat aldatu dela sumatzea.

Ikasle baten koadernoan irakurri dudan arte ez naiz ohartu gaur San Balentin eguna zela. Bihotz baten erdian beste bihotz bat zeukan marraztua eta marrazkiaren azpian hizki larriz, "Nik badaezpada bi" jartzen zuen, inork bietako bat lapurtuta ere, bestea eskura izateko, nonbait. Begira harrapatu nau, eta ezer esan ez didan arren, badakit lotsagabe hutsa naizela pentsatu duela. 

San Balentin eguna delako, batez ere, San Balentin eguna delako eseri naiz gaur institutu aurreko eserlekuan, zer ikusiko. Nekatzen ez diren bihotzak ikusi ditut, eta larrosa arantzik gabeak, eta igerian ez dakiten malkoak, eta izotz artean irristaka ibiltzen diren hitzak. Laztanak ere ikusi ditut, zirkoko domadore.  

Goiz osoa pasa dut, esperoan. Esperoan nahita eta nahigabe. Eta txantxangorria hegan ikusi dudanean, ikaslearen bi bihotzetako bat txantxangorriaren paparrean zegoela konturatu naiz. "Nik badaezpada bi" idatzia zeukan marrazkipean. Ez alferrik!

Bihotzek hegan egiten dutelako. Horregatik gustatzen zait izugarri eserleku batean eseri eta kalean dabiltzan oinezkoei begira egotea. Ibilian norbaiti bihotza erorita ere, neure bildumatxoa egiten jarraitzeko.

2012-02-08

URRUZUNO(tarrak)





Dena ala ezer ez. Eta tartean pixka bat, puska bat, bostenaren hiru laurdenak, gutxi, asko, hozkada bat, botila erdi betea... eta tartean aukera asko. Joera oso zabaldua dugu. Edo dena nahi dut edo ezerezarekin konforme naiz. Eta dena da guztia aho betez, eta ezer ez da guztiaren hustasuna, zulo handi bat. 

2012ak ez du urruzunotarrik izango. Krisia dela eta Urruzunoliteratur lehiaketa ez antolatzea erabaki da aurten. Zabaltzen ari zen zurrumurrua orain dela bi aste baieztatu zen. Barruak atximur egin zidan berria ezagutu nuenean; Amaiaz, eta Jorgez, eta Iratxez, eta Nereaz, eta Xabiz, eta Kristinaz, eta Iraitzez eta Eñautez eta saria irabazi nuen bi urteetan ezagutu nituen lagun guztiez oroitu nintzen. BArruak atximur egin zidan eta nerabezaroko adin zail, zalantzatsu eta segurtasunik gabean sariak nire idazteko zaletasunari bultza nola egin zion izan nuen gogoan. Barruak atximur egin zidan eta Leirez, eta Beñatez, eta Lierniz, eta Lurrez, eta Itziarrez eta urtero-urtero lehiaketan parte hartzera animatu ditudan ikasle gaztetxo guztiez oroitu nintzen. Barruak atximur egin zidan eta Harkaitz Canoz, Urtzi Urrutikoetxeaz, Aitor Sarriegiz, Xabi Paiaz, Jose Luis Padronez, Garazi Goiaz, Arkaitz Estiballesez, Leire Bilbaoz, Garikoitz Berasaluzez, Jon Benitoz, eta urruzunotar izan eta sormenaren munduan izen izatea lortu duten lagun guztiez oroitu nintzen. Suitzaz, eta Austriaz, eta Esloveniaz, eta Italiaz ere oroitu nintzen barruak atximur egin zidanean, baina, neurri txikiagoan, askoz ere neurri txikiagoan. 

Hamalau eta hemezortzi urte bitarteko hogei gaztetxok saritutako lanaren truke hirurehun euroko poltsa, gainerako sarituekin partekatzeko hamar eguneko bidaia eta saritutako lanekin argitaratutako liburu sorta ederra jasotzen dute. Krisi garaiotarako gehitxo, akaso bai, ziurrenik bai.

Baina, hamalau eta hemezortzi urte bitarteko hogei gaztetxok poltsaz, bidaiaz eta liburu sortaz gain, saitutako lanaren truke ilusioa, idazten jarraitzeko bultzada, pauso bat gehiago eman eta ibiltzen hasteko bidea eta batez ere, idazteko zaletasuna duten lagunak ezagutzeko aukera irabazten dute. Krisi garaiotan, krisi garaiotan ere, oso eskuragarria izan zitekeena. 

Krisi garaiotan zentzuz jokatu behar dugula? Ados, guztiz ados. Horregatik egin dit barruak atximur, krisi garaiotan zentzuz jokatu behar dugulako. Guztiaren eta ezerezaren artean zentzuak lekutxo bat izan dezan, denok, denok, ahalegintxo bat egin beharko genukeelako.



2012-02-07

ITAKA (MariJoxe Azurtza_2012-2-4)



"Begira, begira... hegan egiten ari da!" Egin dio oihu mutikoak neskatoari. Eta neskatoak begiratu egin du. Norabait. Nora begiratu behar duen ez daki oso ongi. Elurra ari du. Baina, elur-malutek ez dute hegan egiten. Elur-malutak erori egiten dira. Zintzilik egoten dira denbora tarte batez eta salto egiten dute batzuk. Erori egiten dira gehienak. Neskatoak ez du uste elur-malutek hegan egiten dutenik. 

Lainorik ez da falta zeruan. Baina, lainoek korrika egiten dute; nekatzen direnean, gelditu egiten dira eta korrika jarraitzen dute gero. Lainoek eutsi egiten diote euren pisuari eta ipurdi-aldea arintze aldera noizbehinka putz egiten dute haizetan. Lainoek ere ez dute hegan egiten, neskatoak uste du mutikoa lainoez ere ez dela ari.

Arnasa izan zitekeen hegan egiten ari dena edo ahotsaren oihartzuna edo begiradaren ispilua edo... hegan egitea zer den galdetu dio neskatoak mutikoari. Eta orduantxe ikusi du elur-maluta zurien artean paper zuri bat, besoak zabalik, muturra estu. Eta konturatu denerako aurrera doa. Eta neskatoak horixe pentsatu du, hegan egitea aurrera joatea dela. Mutikoak oihu egin dio berriro neskatoari: "Begira, begira paperezko hegazkina. Hegan egiten ari da!"





 


Paperezko hegazkina hartuta Seguratik Japoniara joan ginen larunbatean. Urrutitxo dagoela? Nondik begiratzen zaion! Pilotua MariJoxe Azurtza bada, eta neskatoaren eta mutikoaren irudimenak atzetik bultza egiten badigu... joan eta etortzeaz gainera, zisneak marrazteko astia ere izan dezakegu! 
Origamiaz hizketan aritu ginen, paperaz eta tolesdurez eta entretenimenduaz eta geometriaz eta matematikaz eta ikasleez eta mugaz eta koloreez eta... gai zoragarria! 

Eta MariJoxez gain, Patxi Ezkiagak asteroko bisita egin zigun eta zisneen ondoan kaioak jarri genituen hegan eta Edurne Huesak lapikokada ederra prestatu zigun garapen, kontsumo, alternatiba eta ekoizpen  gaiekin eta Hitzontziri hiztegiarekin egin genion hozka eta azken kantua elurretan ur hotzetan ur epelen, Urepelen, kantatu genuen Gatibu taldearekin.

Saioaz gozatu nahi izanez gero... egin koxk!


2012-02-06

ZIRRI USAINARI



HITZA: ZIRRIBORRO
Zirria laztan lotsagabea da, ukimenaren mugan tira egiten duena. Zirria orratz baten ziztada lotsagabea da, tatuaia ulergaitzak marrazten dituena. Zirria korapilo baten lotura lotsagabea da, izerdi tantak sarean harrapatzen dituena. 

Zirria ezabatzen ez den zirriborro bat da. Zirriborroak beharrezkoak dira txukun egiten direnean; zirriak bezalaxe. Zirriborroak soberan daude narrats eta zikin egiten digugunean. Zirriak bezalaxe. 

Zirriborroa paperari egindako zirria da.


AFORISMOA: "Usteltzen denak ez, usteltzen uzten denak botatzen du kiratsa"

Bazen behin sagarrak erdizka jan eta sagar erdiak elkarren kontra itsatsiz (kontra eginez itsasten da?) sagar eta erdiak lortzen zituen (bizilagun bat?). Hori zergatik egiten zuen galdetu nion batean, "usaina aurrezteko" erantzun zidan.

Ordutik zentimoka-zentimoka ohe gainean ume gairaitik dudan panpinaren poltsikoa betetzen ari naiz. Aurrezten ari naiz. Denborak panpina usteltzen duen egunean, usaina aurreztuta izan dezadan. Usain aurreztuak haurtzaroko usainak dira.





HAIKUA

Plater gainean
bi begi erdi-itxi
aho zabalik




2012-02-01

ITAKA (Andoni Salamero eta Leire Santillana_2012-1-21)





Poema batek gorputz biluztua (gorputz biluztua gorputz biluziaren parekoa da?) jantzi dezake? Poema batek estal ditzake argiaren lotsa gorrituak? Poema batek egin diezaioke itzal ezkutuan gelditzen denari? Poema batek uki ditzake azal hotzaren erredurak? Poema bat noraino iristen da? Zein da poema batek hatz arrastoen gainean egiten duen marrazkia? Hezur-mamitan poemak nori ateratzen dio mingaina, hezurrari ala mamiari?

Urtarrilaren 21ean Andoni Salamero eta Leire Santillanarekin aritu ginen solasean Itaka saioan. Poeta da Andoni, moda diseinatzailea Leire. Elkarri eskua eman eta hauxe da sortu dutena:




Urretxuko Juan De Lizarazu aretoan egongo da erakusketa ikusgai otsailaren 12ra bitartean. Urtarrilaren 21an soinean jantzitako ahotsak hauetxek. Egin hozka beldurrik gabe!


 

Andoni eta Leirerekin hitz egiteaz gain, Zuberoa aldera salto egin eta Jonmikel Intsaustirekin  Maskaradez hitz egiteko aukera polita ere izan genuen.