2013-01-31

ASINTOTA


Matematika klasean. Saltsa sortu da eskuinaldeko bi angeluzuzenen artean, definizio-eremua = [1, 6], Iñigo eta Eneko barne. Beti bada zerbait. Ezkerraldeko aurreko angeluazuzenean Aritzek 45º okertu du lepoa, kopeta zimurtu du eta ahots gora kurba parabolikoan bidali dizkio Iratiri bere burutazioak. Hor hasi da elkarrizketa...




- Nola hurbildu norabait infinituki hura ukitzera iritsi gabe?

- ...

- Ez ukitzekotan, kurba zuzenaren paraleloa izan behar da derrigor...

- ...

- Baina, hori ez da posible...

- ...

- Zuzen bertikal bat ez da funtzioa...

- Eta gainera, ez litzateke gero eta hurbilago egongo.

- ...

- Kurba zuzenarekiko paraleloa bada, beti egongo da zuzenarengandik distantzia berera, eta kontua da kurbak gero eta hurbilago egon behar duela!

- Eta zergatik ez du ukitzen?

- Imajinatu bi ezpain, elkarrengandik gero eta  hurbilago egon arren, elkar ukitzera iristen ez direnak... hor ez dago paralelotasunik...

- ...

- Zergatik ez dute elkar ukitzen?

- Ez delako muxu emateko momentua?

- Eta zeintzuk dira muxu ez emateko momentuak?

- Matematika klaseak adibidez?

- Auskalo... begiraiozu Aritz, argazkiko txirrindulariari. Norantz doa lainopean?

- Infiniturantz?

- Eta errepideko arrasto zuria? Ikusten duzu? Badirudi ertzetik gero eta hurbilago dagoela...

- ...

- eta badirudi ez duela ertza sekula ukituko...

- Baina, hori tranpa da, Irati! Batek jakin lainopean zer gertatzen den! 


2013-01-30

ITAKA (Rikardo Arregi Diaz de Heredia_2013-1-19)


Gogaikarria da edo polita. Nekagarria ere izan daiteke batzuetan. Edo zirraragarria. Izan daiteke oztopo bat bidean. Edo orrialde desegokian irekitako hiztegi bat. Edo masusta bat, gozoa eta mikatza aldi berean.

Errepikatzen den hura ez da sekula berdina izaten. Izan daiteke lehenengo beltza, eta gero beltzago; edo izan daiteke zuria eta gero urdinago.  Errepikatzen den hura ez da sekula berdina izaten. Errepikatzen den hark beti izaten du, ordea, bihotza norantza berean uzkurtua. Bihotza diot... esan nezakeen behatz lodia.

Errepikapenetan hori gertatzen baita, bihotzak behatz lodi bihurtzen direla edo poeta baten eskumutur hautsi.


Gogaikarria da edo polita. Nekagarria ere izan daiteke batzuetan. Edo zirraragarria. Izan daiteke oztopo bat bidean. Edo orrialde desegokian irekitako hiztegi bat. Edo masusta bat, gozoa eta mikatza aldi berean.


Gogaikarria da bitan esan beharra. Edo polita, polita  ere bada bitan esan beharra.  Errepikatzeak hori du, beltza beltzago bihurtzeko boterea, edo zuria urdinago. Bitan esan behar izaten direnak, tarteka, kolorgeak izan arren.









Rikardo Arregi Diaz de Heredia- > Zorrotz eta sakon, hitza hitzari oparituz. Poliki, isiltasunari toki eginez. Poesiak behar duen denbora guztia poltsikoan eramaten du gordeta.Badaki gordetzen eta erakusten, badaki esan behar bada bitan estan. Badaki bitan esan beharrekoak esaten. Gssteiztarra, poeta. Hari hauskorrak eta kartografia lanekin Kritika Saria irabazia. Bitan esan beharra poema liburua oparitu dio 2012ari eta oparitu digu guri. Irakurleoi.

Egun on, eta...

egun on...

birritan eman genizkion eskerrak elkarri. Hala sentituz gero, zergatik ez? Sentitzen dena sekula ez dagoelako soberan...


2013-01-28

bakea harri artean?


HITZA: LEGARTZA

Batzuetan hozka egin behar zaie hitzei, ezer irentsi beharrik gabe... hozka; eta zeure buruari galdetu, hozka  non egin asmatzea erraza edo zaila den. Ba... gosearen arabera, ezta?

Leg-artza (Leg izeneko hartza? h-a irensteak inor asetzen ez duenez...)
Lega-tza (eta r mestekatzean hortzaren batek kRak egingo baligu?)
Legar-tza (zergatik ez? Pentsa dezakegu hondar-tza-ren bikia dela. Zabalgune bat hondar artean zabaldu ordez, legar artean zabaltzen dena. Eta legarra hartxintxarra bada... esan genezake hartxintxartza? Ba... ez. Eta zergatik ez? Ba... auskalo! Akaso, agian... beharbada, bakarren batek pentsatu zuelako legartza adierazteko Orbaizeko Ola fabrikaren azpitik igarotzen den errekaren izen bera erabili beharko genukeela... )





AFORISMOA: "Bere buruari gerra deklaratzen zionetan bakarrik sentitzen zuen bakea."

Eta koxk egiten zien hatz muturrei... eta tira egiten zion ileari... eta atximur izterrari. Bandera zuri bihurtzen zitzaizkion begiak eta orduan lasaitzen zen, orduan bakarrik, bere buruaren mina ikusten zuenetan. 

Begi zuriekin mina ikusten baita eta bakea sentitu.


HAIKUA

Izerditan blai
itotzeko beldurrez
flotagailuak


2013-01-17

ITAKA (Fernando Morillo_2012-11-10)


"Beldurtzen garenean, begiek egiten digute klisk eta ahoak egiten digu klask. Eta beldurtzen garenean, ileek egiten digute zizt eta barruak egiten digu zazt. Beldurtzen garenean, dena da ilun eta dena da laino busti. Beldurtzen garenean, itsasoa bihurtzen da lasto mendi.


Beldurtzen garenean, dardara da esku dantza, zirrara da jolas toki eta hotzikara da berogaillu. 

Beldurtzen garenean, ikasi beldurra irakurtzen eta akaso, akaso irribarre pusketa bat oparituko dizu zure umoreak. Eta beldurrak."


Zonbiaren baitan Fernando Morillo. Zonbiaren baitan?

 


Fernando Morillo -> Ukabilak zeharo itxita jaio omen zen mundura. Ez, ez zegoen haserre, jakin-minez baizik. Gogoko du mitologia, mendian galtzea eta sentitzea gu ez beste zerbait dabilela hor. Azpeitiarra, idazlea eta amets ehiztaria. Sorginen leizeetan barrura sartzen ausartzen den mutila. Gaumin argitaletxearen arduraduna. Itaka saiora "Zonbi bat San Mamesen" liburua aurkeztera etorri zen... (zure baimenarekin Fernando) laguna.


Ontza bat txokolate beltz topatu zuen Fernandok Segura Irratiko estudioko mahai gainean. Ontza bat adiskidetasun topatu zuen Iratik... 


 

URE






Alabak amari zubitik ibaira begira:


- Ama, ama... urek ba al daki igeri itten?

- Urek baki besok moitzen.

- Baino, ba al daki igeri itten?

- Urek baki hankak astintzen.

- Baino, igeri itten? Ba al daki igeri itten?

- Begirayozu. Zuk ze ikusten dezu?

- Ure ittotzen ikusten det ama. Ure ittotzen...

- Ure ittotzen?

- Bai, ez al dio inorrek laundu behar?

- Laundu zertan?

- Uretatik ateatzen...

- Ta hori nola itten da, txiki?

- Hori galdetu nahi nizun, ama... ez dakizu?

- Saiauko nintzeke baino... beste bateako utziko deu. 

- Ama! Beida!

- Ze?

- Beida! Ure banku gainen eseita! 

2013-01-16

ITAKA (Asier Huegun_2013-1-12)


"Lainoa zuhaitz artean sartzen denean, iluntasunak gauari atximur egiten dionean, normala da beldurra sentitzea. Normala da begiak itxi nahi eta betileek gauari hozka egitea. Lainoa zuhaitz artean sartzen denean, dena pixka bat zailagoa da. Batez ere egunsentiko ezkutalekuei begiratzea, ezkutalekuak norberaren baitan zulatzen direnean, ezer ez da erraza. 

Oinez ibiltzen dakienak aurrera ustean, atzera egiteko arriskua izaten omen du, oinez ibiltzen dakienak zirkuluak marrazten omen ditu lurrean, erpinik gabeko bideak oinez ibiltzen dakitenenak omen dira. Pausoak bidea egiten duela ikasi genuen, orain bideak pausoa egiten duela ikasten ari gara. Bidea ibili egiten dugula ikasi genuen, orain bideak ibili egiten gaituela ikasten ari gara. 

Oinez ibiltzen dakienak lainoa zuhaitz artean sartzen denean bezala egiten du, irrist. Lainoa zuhaitz artean sartzen denean, iluntasunak gauari atximur egiten dionean, normala da beldurra sentitzea".

Asier Huegun (liburuarekin) eta Gari Udabe



Asier Huegun -> Joateak horixe du, ez duela itzulera ziurtatzen. Joanak horixe du, etorrerarik ziurtatzen ez duen bidea dela. Batzuetan denborak edo bideak edo auskalo zerk itxaronarazi egiten digu, Asier joan zen eta itzuli ere itzuli zen, baina, ez joaterakoan uste bezala. Asier Kolonbiara joan zen 2003an eta bahitu egin zuten. Bederatzi urteren bueltan liburua argitaratu du. Berak kontatu eta Gari Udabe kazetariak idatzi egin du: "Kolonbian bahituta, 74 egun ELNren esku."

Abenduaren erdialdean ezagutu nuen Asier Beasainen eta garbi esan zidan: "Ez, Irati, ez zen abentura bat izan."


Larunbateko saioan Kolonbiaz, bahiketa zirraragarri batez, liburu bat idazteaz, beldurraz, koadro bitxiez, behin eta berriro abestutako kantuez... hizketan aritu ginen Asier Huegunekin. Eta kulunkan aritu ginen Joxe Goikoetxearekin eta Iñaki Mendigurenek kuku egin zigun Bilboko manifestaldiaz egindako hausnarketa mahaiganeratzeko. 

Beste behin, gozatu egin genuen larunbatean...eta ikasi...


2013-01-14

tu beltza-kopeta zuria


HITZA: TU  

E, tu! To, ti-ta erantzuna! Te hondarrak edanez hausnarketan ari naiz. E tu-ka ibiltzen dira napar aixkide maiteak. Naparrez gain, beste norbait ere ariko da akaso, ziurrenik bai, baina, ni napar artean nagoenetik (napar gaztetxo artean?) konturatu naiz e tu-az.  Harrigarria da, hasiera batean amorragarria ere bai, baina, ohitu egiten da bat, eta ohiturak gustua sortzen duen neurrian, azkenaldian barre ere egiten diot e tu-ka hurbiltzen zaidanari. E=Ai, Tu= Zu, Aizu-ka erantzuten diot nik. Eta listurik ez botatzeko esaten diot gero. Tuari zurrut barrura egiteko. Tu-ni-ka hasten gara gero. Eta barre egiten dugu.



AFORISMOA: "Kopeta josi zuen. Ez galdu esperantza esaten zion behin eta berriro bere buruari."

Ez galdu esperantza, ez galdu esperantza, ez galdu esperantza... Memoriak preso hartutako ideia bihurtu zitzaion esperantza, hari artean kateatutako askatasun berdea. 

Esperantza ez zuen galdu. Galdu zuena jostorratza izan zen. Eta burua. 

Orain haria gelditzen zaio, kiloka hari berde.


HAIKUA

Kolore beltza
elurra margotzeko
paper zurian


2013-01-08

terrala artean... urte zahar on!



HITZA: TERRALA

Sorgindutako sare iragazgaitz lurrindua. Izara busti lehortzen hasia. Zeru urdinari emandako muxu bat. Pilota saltari bat, hemen bai eta han ere bai irribarreak ukitzen dituena. Linterna bat, argirik gabea. Eguzkiaren itzala ilargiaren argitan. Laino izoztua udako kukurutxoetan. 
 
Benitoren kantu baten ezkutuko soinekoa, biluzdurak erdizka agerian uzten dituena. Ea nor den laket duenaren artean terrala topatzeko gai...

http://www.youtube.com/watch?v=dDY8nPrtN_g




AFORISMOA: Berria zahartu egiten da; zaharra berritu egin behar da. 

Eta ez dakit zerk sortzen duen ilusio handiagoa... berria zahartzen ari dela ikusteak... edo zaharra berritu behar dugula konturatzeak. Nahigabekoa polita da, baina, bakoitzak bere burua zerbaitetara behartzeak ere badu bere xarma. Akaso iritsiko da eguna, zaharrak zahartuko zaizkiguna eta berriak berritu beharko dituguna. Edo iritsi da jada?




HAIKUA:

Urte berri on!
Bihotz-bihotzez denoi, 
urte berri on!