2014-03-10

LITEROTURA





















Bai, a ze saltsa, Irati! Hik baietz esan eta gero pentsatu, bai esan ondoren. Eta orain hementxe hago bi platano esku banatan hartuta ostiraleko hitzaldirako gidoia idazteko boligrafo baten bila. Erabili ezan platanoa, neska!

Txalaparta argitaletxeko Literotura bildumaren aurkezpena egin nahi zutela eta jarri ziren nirekin harremanetan Dimako Liburutegiko lagunak eta nik baietz (baina, Irati, zer dakin hik literaturaz? eta erotismoaz? Ausartzea ere! Erotik gehiago daukan hik tismotik baino. Behin bi mutiko eta bi neskato elkarrekin katramilatzea bururatu zitzainala eta... non eta... hiru erregeei mahaia eraikitzea bururatu zitzaien tokian, bururatzea ere!). Aukera polita eman zidan orduko hartan Txalaparta argitaletxeak, idazle handien artean azaltzen da nire izena, idazle handien ipuin handien artean dago nirea ere Orgasmus liburuan argitaratua. Goi-behe-barruak idazten saiatu nintzen eta gustura gelditu elefante eta inurrien artean. 

Haren harira aukera polita eman dit oraingo honetan Dimako Liburutegiak liburuaren aitzakian bilduma aurkezteko proposamena luzatuz. Rafa Ugalde eta Edorta Jimenez idazleen ondoan eseriko naiz ostiralean. Eta kontatu... kontatuko dut zerbait (ezingo haiz isilik gelditu!), edo jolastu... jolastuko naiz zerbaitekin, norbaitekin. 

Esperientzia berri bat izango da, lehen aldi bat... eta nik gozatu egin nahi dut!