2014-12-01

ITAKA_Juan Kruz Igerabide_2014-11-15


Eta erori egin zen. Erori egin zen; ez zen kaleak tupustean itsu-itsuan jarritako harri bat izan, ez zen haize bolada ero baten bultzada izan; erori egin zen, belaun azaletan amorrua urratuz. Hanka puntetan zapaltzen dira zuloak kalean, hanka puntetan zapaltzen gaituzte zuloek kalean, eta erori egiten gara, gure usteekin zangotraban, gure miseriekin zangalatrabaka. Jantzi dezakegu mozorro bat, edo esan ez garela erori, gure itzala dela lurrean dabilena; jantzi dezakegu mozorro bat, eta betaurreko beltzen atzetik oihukatu "ni ez nago hemen!". Joan gaitezke etorri ginen bidetik, baina, arrastoa hor geldituko da; arrastoa hor geldituko da: detektibearen hatz marketan. Eta zu erortzen ez bazara, mozorroa eroriko da betaurreko beltzen artera, zangoa nork eta traba nork jarri dizun ongi bereizi gabe. 





Juan Kruz Igerabiderekin aritu ginen solasean azaroaren 15ean. Gozo-gozo, goxo-goxo. Zangotrabaka hasi eta besotrabaka bukatu genuen, eskua emanda.