2015-03-16

Txirrista ederragorik!

Molierera bidean_2015-2-18
UR JAUZIA MIHI LUZE BAT DA
IZUAK HOTZ
BIHURTZEN DUENEAN,
IKARAK BERO
ESTUTZEN DUENEAN,
TXIRRISTA ZURI BIHURTZEN DEN
MIHI LUZE BAT DA
UR JAUZIA

2015-03-10

ITAKA_GERRIKO BEKA_2015-2-7

Aitor, Aratz eta Goretti Segura Irratian_2015-2-7





Sentitu. Sentitu dardara txiki bat. Begiradan su txinpartak, bihotzean matxinsaltoak eta tximeletak ile-kordeetan, atximur txiki bat haizeari, itsasoaren lo sakonean ametsak eta zuloak elur-jauzi beltzetan. Irribarreak bekokian marraztuak, malkoak listutan urtuak, Eta zu... nik zer sortuko hitz jolas, kanpo gozo, iturri parrastan. Eta zu... nik zer sortuko. Sentituz, ginena sortuz, izango garelako. Sentitu. Sentitu dardara txiki bat. Begiradan su txinpartak, bihotzean matxinsaltoak eta tximeletak ile-kordeetan.


Aitor Aritzeta eta Goretti Soroarekin solasean aritu ginen XVII. Gerriko Ikerlan-Beka irabazi duen "Sentituz, izan sortzaile! Sormen emozionala goi-mailako hezkuntzan sustatzeko esku-hartze programa"z. Gustura! Aratz txikiak ere parte hartu zuen. Mila esker hirukote! Emozionatu egin ginen, sentitu egin genuen eta oharkabean... sortu!


2015-03-04

ITAKA_Xabier Mendiguren_2015-1-31

Xabier Mendiguren



Ez dakit. Ez dakit orratzak zist ala zast egiten duen. Ez dakit indizioak ala xiringak diren zaurgarriago, praktikanteak ala medikuak beldurgarriago. Ez dakit torturatuen mina  izendatzen,  pusilanime ahoskatzen. Ez dakit turista itxurarik gabe bidaiatzen, barne bidaietarako bikotekide egokia aukeratzen. Ez dakit. Ez dakit... Ez dakit arantzek honantz egiten dutela besterik, barrurantz... (Ekaitz Goikoetxea)


Xabier Mendiguren Elizegi idazle beasaindarrarekin aritu ginen solasean urtarrilaren 31n "Arantzak barrurantz" liburuaz. Arantza arteko larrosen bila aritu ginen eta aurkitu, aurkitu genituen kanpoaldeko barrukietan.