2015-04-23

OILO IPURDIA



Gaur Liburuaren Eguna. Ezinbestean gaur ere Andraizearen eguna ere bada niretzat; ezinbestean gaur ere Iratiren eguna ere bada niretzat.

Iraitz Urkulori irakurri nion martxoaren 1ean: "Irati Goikoetxearen ahots pertsonal eta indartsua berri pozgarria da euskal literaturarentzat. Izan ere, Andraizea liburuko ipuinek afektuak —hau da, sentsazio, sentimendu eta emozioak— literatura sortzeko lehengai gisa baliatu eta irakurleari oilo-ipurdia eragiteko dohaina duen idazle bat ezagutarazten digute."

Asko izan dira, baina, hauek Andraizeak oparitu dizkidan gozokietako batzuk; eskerrik asko ondoan izan zaituztedan eta izaten ari zaituztedan guztioi: 

  • Urtarrilaren 9an Zumarraga-Urretxuko irrati librean KKinzona irratian Gorka Santesteban, Alex Areizaga eta Ekaitz Goikoetxearekin Andraizearn inguruan pasatako (eta gozatutako) ero tarte zoragarria. Izugarri ongi pasa genuen eta hausnarketa oso aberats eta ederrei egin genien tira. Hementxe barre algara mordoxka bat korapilatuta:
http://www.ivoox.com/gu-ta-gutarrak-irati-goikoetxea-2015-09-01-audios-mp3_rf_3942012_1.html

  • Mikel Alvarezekin Goierri Irrati Telebistan. Ederra da irratia ikusi ahal izatea. Ezkutatzen den guztia agerian jartzea.

 
Ikusi Irratia - Irati Goikoetxea from GITB on Vimeo.

  • Otsailaren 7a hunkigarria izan zen. Ederra da herrian bertan zeure liburua aurkeztea, ederra da ezagutzen zenituen eta ezagutu berri dituzun lagunekin taula gaina partekatzea. Ederra da emozionatzea. Eskerrik asko kuadrila nire ondoan hitzekin jolasean une zirraragarri hartan izateagatik. Eskerrik asko Aitor, Izaskun, Irati, Itziar, Iñigo, Itsasne, Naomi, Mario, Jon, Ekaitz, Patxi eta 

 
Andraizea: Aurkezpen ikuskizuna from GITB on Vimeo.

  • Otsailaren 20an Basauriko Marienean Danele Sarriugarte, Ana Malagon eta Amaia  Alvarezekin izandako solasaldi bikaina. Letra eta tripa artean ibili ginen, gozo-gozo, goxo-goxo.


  • Kazetari ezberdinek kritika, deskribapen ezberdinak idatzi dituzte. Dena da ikasbide, dena da entzungozo. 
http://zubitegia.armiarma.eus/?i=786





2015-04-21

Ahoz aho_ITAKA_2015-4-18



Ekaitz, May, Irati, Pili eta Imanol Segura Irratian_2015-4-18

Zer da ipuin bat? Begiak itxi beharrik gabe amets eginarazten dizun hori (hori, zer?)? Esan gabe kontatutako guztia edo kontatu gabe esandako guztia? Zer da ipuin bat? Eskua luzatu eta ukitu nahi den oro? Edo eskua poltsikoan sartu eta ukitzen ez den oro? Zer da ipuin bat? Lau dimentsiotako gunea? Lau dimentsiotako unea? Ipuina norena da? Kontatzen duenarena edo entzuten duenarena? Zer gertatzen da ipuin bat kontatu eta une berean entzuten den une horretan? Existitzen da une hori?


May Intujai Teatro taldeko kide da Bea eta Alairekin batera. Sekulakoa da egiten duten lana, sekulakoa baita irudimenarekin egin daitekeen lana.  Pili, Imanol eta Ekaitz martxoaren 20an Ahoz aho ipuin kontaketa lehiaketako finaleko partaideak dira (Zorionak Pili kalabazarengatik eta gainerakooi bejondeizuela!- baita Saioa eta  Josuneri ere!). Izugarri gozatu genuen larunbatean mahai inguruan solasean. Gozatu eta ikasi. 





Solasaldiaren ondoren Jose Luis Asensiorekin hizketan aritzeko tarte bat ere hartu genuen. Jose Luisek proiektu zoragarria du esku artean, argia ikustear da eta horren berri eman zigun. Iruñeako Udalak egile berrientzako antolatzen duen literatur lehiaketa irabazi zuen 2013an eta hortik sortu da Ixa Asap! proiektua. 


Aitziber Garmendia adimen emozionalaren lanketak duen garrantziaz aritu zitzaigun Ezkaratzetik eta Joxe Goikoetxeak trenetik bueltan hitzen trintxeran murgildu gintuen esku artean "Neronek tirako nizkin" liburua hartuta. 



2015-04-20

zero ken zero



Izan eta ez izan. Dena eta ezer ez. Zurekin eta zu gabe. Hutsa eta betea.

"Irati, zero ken zero zer da? zero, ezta?" Xabierrek azkeneko matematika azterketa partzialean eginiko galdera. Bai, azterketetan erantzuteko bakarrik ez, galderak egiteko tartea ere hartu behar da. Dakienak galdetu egiten du, ez dakienak eskatu.  "Zuk zer uste duzu?", "Ba, ez dakit... badaezpada ere... indeterminazioen kontua dela eta...".
Eta orain hemen nago. Ezer ez dagoen tokitik ezereza kentzen. Eta batez ere hori nola egiten den asmatzen. 
Izan bada, baina, izan gabe, Harrapazak! Egon badago, baina, ezin ikusi. Harrapazan! Joan joaten da, muxuka baina ukitu gabe. Harrapazank! Tarteka halakoak bota (halakoak esan baino bota egin behar dira, indarra eman behar zaie, gainerakoan bide erdian gelditzen dira erdi zorabiatuta, erdi zintzilik infintuetako hari muturretatik) eta ikasleei begietara begiratzen diedanean, krokodiloak ikusten dizkiet, hortz zorrotz mutur luze. 

Hori du matematikak ederra, dena zalantza eta dena zehaztasun duela bere baitan. Dena ihesbide eta dena lotura. 

"Bai, bai, Irati, baina, zer da zero ken zero?" "Paper gainean zero, zure baitan zuk nahi duzuna." Hori da izan eta ez izateko norberak duen gaitasuna. Eta gaitasun hori galdetzen duenak lortzen du.


2015-04-14

Irrintzi eta arrantza

Gernika eta Morga arteko lur galduetan_2015-4-5

Iratiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiii, esnau hai! Ez al haiz konturau... hilabete damakin blogeko izarapen lo. Nun sartu haiz, nungo ametsetan kateau haiz? Ingurau naun tarteka hiregana baino... arrantzaka hasi behar kaso pittin bat ingo badian. Ta bakin, zaldik arrantza ta astok irrintzi itten donen... hartu arkatza ta papera, zer kontaue nunbaittetik aterako da ta. 

Ba hoixe besteik ez dinat nahi, Irati: tarteka-tarteka hire kontuk irakurri. Ta behar baden ingo inat arrantza (eta arrantzan); altuxago... ba altuxago, hortzak agirin... ba hortzak agirin... Baino hik ez utzi kontatzei ni behintzet gustoa eoten naun eta hirek irakurri ta aitzen. 

Eskuminek hik dakian horren partetio, hue re hi noiz blogeratuko zain zeon.