2015-09-30

Itaka_Agurtzane eta Ion Elustondo_2015-9-26

Diskoaren azala



Elkarri begira, elkarren begietan, elkarrenganako miraz, elkarrekin solasean, elkartuz musika, elkarrentzako sortuz, elkarrengana iritsi. Urte luzetako lanaren ispiluetako bat da orain gutxi plazaratu duten diska. Beraiek ardatz nagusi izanik, asko eta aberatsak dira inguruan izan dituzten kolaboratzaileak, bai letra egileak, baita musikariak ere. 14 kantuko sorta ederra sortu dute, hara-honako joan-etorrietan gustura entzuten duguna. 

Larunbatean elkarrekin aritu ginen solasean irratian. Ederki pasa genuen! Eskerrik asko, bikote!


2015-09-21

FRIKIPEDIA



Eskerrik asko, Noel. Bizitza hari bat da. Tira, pentsatu nahi dut bizitza izan izan ez dela ezer, guk egiten dugula halakoa edo horrelakoa. Bizitza hari bihurtzen dugu, baldin eta berau korapilatzeko beldurrik ez badugu, noski. Bizitzak korapilatu egiten gaitu. Tira, pentsatu nahi dut bizitzak egin egin ez duela ezer egiten, gu garela hau edo bestea egin eta hau edo bestea eragiten dugunak, baldin eta geure burua korapilatzeko beldurrik ez badugu, noski.

Bururatu eta brausta ahoratu, ahoratu eta brausta kanporatu (gogoratu "Andraizea": ez mutilatu burutik ahora bidean ideiarik, ahotik kanpora bidean hitzik). Zenbaki arruntak eta osoak, arrazionalak eta irrazionalak, errealak eta... eta... eta besterik? Bururatu bazitzaidan bururatu zitzaidan eta besterik? galdetzea. Galdera bigarrenez errepikatzerako Noelek eskua altxatua (barka, luzatua) zuen eta ez bat eta ez bi erantzuteko aukera eman nion, gustura gainera! Zenbaki irrealak berak. Barka, zenbaki irrealak! berak. Erantzuten jakin egin behar baita, emozioz, indartsu eta seguru. Zenbaki irrealak! esan zuen Noelek. Zenbaki irrealak, Irati, helduion horri, txikita! (hori neuk neurekiko). Adierazi nahi zuenaren benetako (zer ote da benetakoa, Irati!) hitza hurrengo saioarako ekartzeko eskatu nion. 

Kontua da "zenbaki irrealak" hartatik zintzilik gelditu nintzela ni jakin-minez. Eta ez bat eta ez bi, klaseak bukatu orduko Internet maitera jo nuela. Bilatzailean zenbaki irrealak jarri eta to, oparia. Nik gelari galdera, Noelek niri erantzuna, Noelek niri amua, nik neure buruari jakin-mina, jakin-minak niri Internet, Internet guztiz ahaldunak (?¿) niri oparia: FRIKIPEDIA. Hala ezagutu dut txokoa. Korapiloa hari bihurtuta. Noeli eskerrak. Zenbaki irudikari uste nituen zenbaki irrealei eskerrak. Noel, mila esker.


2015-09-16

PANPINAK


Betidanik gustatu izan zaizkit panpinak. Umetan ohe gainean jartzen nituen Nenuca eta Nenucoak, etxera auskalo nondik, auskalo nola (etxean beti izan gara jostailuarropaeskolamaterialak berrerabiltzekoak) iritsitako azal beltx, gorri, hori, urdin eta berdeko panpinak. Barbirik ez dut izan sekula.

Ohe gainean jartzen nituen eskolan baleude bezala. Eta ni irakasle lanetan. Izango nituen bost edo zazpi urte, bederatzi akaso. Bitxia da; matematika irakasten nien. Bost-sei panpina izaten nituen ohe gainean isil-isilik, bare-bare, zintzo-zintzo.

Iraila aspalditxo hasi genuen arren, atzo eman nion ikasgela barruko lanari hasiera. Ikasturte berria. Lanera gonbidatu nituen ikasleak aurkezpen hitzetan, ahalegintzera, saiatzearen plazera sentitzera, irribarre egitera, entretenitzera, nekatzera, ikaskideak eta irakaslea zirikatzera, hausnarketei tira egitera, eskua luzatu (ez altxa) eta galdetzera, parte hartzera, galdetzera, euren burua desorekatzera, zoriontsu izatera, jakin mina zalantzaz janztera, erantzunetan erortzera eta lagunari altxatzen laguntzera. Eta noski, hori guztia ezin da isil-isilik egin, bare-bare, zintzo-zintzo. Mezua ulertu duenak ikasiko du gehien; mezua ulertu duenak gozatuko du gehien: ikasgelan ez dut panpinarik nahi. 


2015-09-10

Ekaitz Goikoetxea_ITAKA_2015-9-5

Ekaitz Goikoetxea Laredon_2015-8-9





Aurkezpena egin beharko nioke eta papera zuri. 

Aurkezpena egin beharko nioke eta hitzak mutu. 

Ez zait besterik bururatzen, begietara begiratu nahi diot eta esan: Ekaitz, izugarri maitte zaittut. 

Ez zait besterik bururatzen, begietara begiratu nahi diot eta esan: Bejondeizula! Izugarrizko artista zara!

Ez zait besterik bururatzen, begietara begiratu nahi diot eta esan: miretsi egiten zaitut. 

Ez zait besterik bururatzen, begietara begiratu nahi diot eta esan: zorionak!!


Irailaren 4an Zarautzen izan ginen Lizardi Bertso Sariketako finalean. Bertso finaleko puntuaketak (zorionak seioi!) esan aurretik 21.Basarri Bertsopaper Sariketako sariak banatu zituzten. 

1.go saria Ekaitz Goikoetxeak sortutako "Harriak ez du begirik" lanarentzat.
2.saria Ekaitz Goikoetxeak sortutako "Ardiak zenbatzen" lanarentzat.

Biharamunean parez pare jarri gintuzten mikrofonoek, ahotsek, begiradek. Biharamunean irratian.

Bertsoak ederrak dira irakurtzeko, baina, baita entzuteko ere. Hemen duzue aukera. 


2015-09-03

IDEIA BOROBILAK

Cervantesen estatua Toledon_2015-7-28


- Zertan ari haiz?

- Ideia bila nabilek...

- Ideia bila begia luzatuta?

- Begia moztuta ez diat ezer ikusiko.

- Eta zer ikusi nahiko huke?

- Ideia borobilen bat edo...

- Ideiak ez ditun ikusten.

- Begia moztuko diat orduan. Ezer ez ikustea ezereza ikustea baduk, ikausten ez diren ideiak ikusiko ditiat begia moztuta. 

- Kontuz ibili ideia borobilekin. Ez ditun existitzen. 

- Burua hankaz gora jarrita ere ez?

- Hankak buruz behera jarrita ere ez.

- Portzierto... nola mozten duk begia?

- Beste aldera begiratuta! Sorgina!


2015-09-01

UDAKO OPORRETAN GOZATUTAKOAK (mendia)



RINCON DE ALANO (2357 m)_2015-7-9

Uda hasiera polita, aspaldiko txokoei berriro bisita eginez. 



Luisiiiiiiiitooooooooooooooooo!! ;-)



ATXERITO (2374 m)_2015-7-10

Egunero egingo nioke bisita. 





TUC DE MOLIERES (3009 m)_2015-7-16

Ai Irati!



Besarkada baten esanahia iruditan.


Viellatikan Molierrera
gogoz xuabe-xuabe,
han ur jauziak, refugioa,
xendaz xenda etsi gabe,
han Besiberri, han Madaleta,
ta Aneto parez pare,
nahiz ta nekeak arnasa eten
zorion grinez halare,
zeru urdina muxukatuaz
zorion betean gaude. 



Ai Irati!



TUC DE BACIVER (2642 m)_2015-7-17





Inuxenteak gu! Lasai asko geunden Baciver gainean. Irribarretsu artean... Oraindik ezagutzeke inora iristen ez diren aldapak. 


Goizeko zortzietan ez genuen elkar ezagutzen. Arratsaldeko lauretan geure etxeko ateak zabaldu genizkion elkarri. Mendiaren majia, ahoburubihotzek aldi berean hitz egiten dutenean sortzen dena.  Bi lagun handi ditugu orain Lleidan. 

Xavi, Judith, Joxe, Luis eta Irati


PIC DE BASSIERA (2901 m)_2015-7-18

Ustekabean ezagututako bailara. Ezustean ezagututako mendia.


Gerber bailara

Gerber bailaran barna
pozaren bezero,
ur jauzian dutxatu
gara ero-ero,
Mataro aterpea
pasa eta gero,
emozioak jarri 
gaitu bero-bero,
oparia izan da 
Pic de Bassiero. 

Pic de Bassiero

Beherakoan dutxa. Jolaserako beti hartzen dugu astia. Ostadarra zeruan? Ostadarra lurrean. 




MONTARDO (2833 m)_2015-7-20

Urtebete lehenago ezagututako mendia lagun bihurtzen da urtebete beranduago bisita egiten diozunean. 


Montardo

MULHACEN (3479 m) eta ALCAZABA (3369 m)_2015-7-30

Poqueira refugiora bidean. Oso gomendagarria. 



Iberiar Penintsulako sabaia. Zerua gertuagotik ukitu badaiteke, zerua gertuagotik ukitzen den tokia. 



Hondartza mendian. Edo mendian hondartza. 




Aspaldi egin genuen plana
disfrutatzeko garaia,
ezagutu nahi genuelako
Mulhacen mendi garaia,
Alpujarrek ta Sierra Nevadak
ederra dute bisaia,
bihotz-begiak daude gainezka
ezpainartea alaia,
behatz puntekin goxatu dugu
Penintsulako sabaia.


Mulhacen

Bat gutxi ez, eta bi. Zazpi lakuak igaro eta gora berriro. Egun pasa bikaina zukutu genuen!


Alcazaba


VELETA (3396 m)_2015-7-31


Haizeak eraman ez gintuenean. Hilabete pasa da, baina, poltsikoak haizetuta ditut oraindik. 

Veleta_Sierra Nevada (Granada)


Erreka lehorretik 
bideari tira,
haizea hegan-hegan
Veletan ari da,
paisaiaren ederra
gailurren distira,
emozio mordo bat
buelta eta jira,
elur beharrik gabe
irristatu dira. 


AIZKORRI (1523 m) 


Pakistan - Euskal Herria: homosexualitateaz, elikaduraz, erlijioaz, maitasunaz, bizimoduaz... aritu ginen hizketan. Ez gara oso ezberdinak, ez gara batere ezberdinak... eta aldi berean gure ezberdintasunek elkar aberasten gaituzte. 

Khurram, Wakar, Irati, Shazad eta Joxe



MURUMENDI (868 m)-USURBE (703 m)_2015-8-23


Mendiak hori du ederra, patxadaz hitz egiteko aukera ematen duela. Aldapatik aldaparako tartean Pakistan ezagutzeko aukera izan nuen. Pakistan handia da eta elkarrekin aldapa gehiago igoko ditugulakoan... mundiala zara, Khurram!

Khurram, Ekaitz eta Joxerekin; lagun handi batekin, anaia zoragarri batekin eta aita bikain batekin



ITZAGA (1360 m)_2015-8-24


Lorpen polita da mendian ibiltzen ohitu gabe dagoen bati lagundu eta gozatu duela ikustea. Bejondeizula, Gloria!


Luis eta Gloriarekin



















BISAURIN (2670 m)_2015-8-30


Kolore gorrizta hori...



Azken dantza hau...



Azken ginda. Zorionekoak gu, mendia ez baita oporrekin iraungitzen.